“Emakumeak euren lekuaren bila“. Izenburu horrekin Zinemakumeak Gara kolektiboak urtero antolatzen duen emakumeek zuzendutako zinemaren XXI. erakustaldia prestatu du. Gaur hasi eta igandea bitartera, zine proposamen interesgarriak egingo dizkigute. Esaterako zinemaldietan saritu eta Espainian oraindik areto komertzialetan estrenatu ez den film aipagarriren bat eta klasikoak. Horiez gain, mahai inguruak izango dira, film laburren lehiaketa eta “Simone de Beauvoir” saria Nuria Vidal idazle eta zine kritikoari emango dio. BBK, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz antolatu dute edizioa.
Eta hasteko gurean ikusi ez den komedia bati erakutsiko dute. Sundance, Rotterdam eta hainbat zine independienteen zirkuitoa egin zuen 2014ean Gillian Robespierre zuzendariaren lehen film luzeak, “Obvious Child“ filmak. Hainbat sari ere jaso bazituen ere, Espainian ez du estrenaldirik izan. Robespierren bere aurreko film labur bat luzatu du 20 urte inguru duen komediagile baten istorioa kontatzeko. Komedigilea ezustean haurdun geratuko da eta emakume independiente zer den izateaz ohartzen hasiko da. Honekin batera, “Sara a la Fuga“ film laburra jarriko dute, BBK aretoan, 19:30tik aurrera eta 2 euroren truke.
Asteartean berriz FAS Zine Klubarekin bat egingo dute, zuzendari gazte hegokorear nabarmen baten lehen luzea ere emateko. July Jung-en “The girl at my door“ edo espaineraz itzuli zuten modura, “Un monstruo en mi puerta“ jarriko dute. Bertan Seuletik herrixka batera bidalitako emakume polizia gazte baten piurak kontatuko digu, ustez aitak jotzen duen neskatoa babestu behar duenean. Jungen lehen luzea hau zuzenean Cannesen lehiatu zen 2014ean. Horren aurretik “Amigas íntimas” film laburra emango dute.
Asteazkeneko filma biziki gomendatuko nahi nuke. Athina Rachel Tsangari greziarrak 2014ean Londreseko Zinemaldia irabazi zuen lehiaketa bat kontatzen digun “Chevalier“ filmarekin. Egeo erdian, luxuzko yate batean arrantza bidaitxoa egiten ari diren gizon batzuk joko batean hasiko dira. Zein den onena denetan jakin nahi dute. Espainian oraindik ez du estrenaldi fetxarik Greziak Oscar sarietarako bidali duen film honek. Aurretik, “Café para llevar“ laburra eskainiko dute.
Ostegunean 27ko belaunaldia gogoratzeko erabiliko dute. Serrana Torresek, Tània Ballók eta Manuel Jiménez Nuñezek “Las Sin Sombrero“ dokumentala egin zuten 1927ko belaunaldian Lorca eta hauen parean sortu zuten emakumeak gogora ekartzeko. 1936ko estatu kolpeak eta bertatik sortutako diktadurak ezabatu zuten memoria berpizteko. Serrana Torres zuzendariak eta Pilar Pérez Fuentes historialariak hitzaldi-kolokioa egingo dute ondoren. Aurretik “Roboethics“ eta “Vida y Reflejo” film laburrak emango dira.
Ezkutuan dauden beste filmak gerturatu nahiez, “Les amigues de l’Àgata“ jarriko dute ostiralean. 20 bat urteko nesken erretratuta Agataren begietatik. Umeetako lagunak izan dituena beste era batera begiratuko ditu. Laia Alabartek, Alba Crosek, Laura Riusek eta Marta Verheyenek zuzendutako pelikulak hainbat sari ditu zinemaldi batzutan. Hala eta guztiz ere, Espainian oso leku gutxitan ikusi zen. Hitzaldi kolokio baten ataria izango da. “Chicas que hablan y no solo de hombres” izenburupean Elisabeth Casillas eta Laura Lazcano mintzatuko dira. Horren aurretik, “Una vez” eta “No et tiris, encara” film laburrak emango dira.

Mexikon jaio baina Espainian aspaldi bizi da Nuria Vidal idazle eta kritikoa. Zinearen inguruko hogei bat liburu ditu, “Fotogramas” aldizkarian hiru hamarkadetan lan egin, ESCACen kritika eskolak eman eta eleberri bat idatzi du. Espainian zine kritikan aritu den lehen emakumea da eta horregatik “Simone de Beauvoir” saria emango diote larunbatean. Ondoren “Las mujeres en las crítica de cine” ezbaia izango da. Aurretik Pilar Mirók zuzendutako “El perro del hortelano“ filma emango dute.
Igandean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ikusi genuen “Sonita“ dokumentala ikusteko aukera izango dugu. Afghanistanen ezkontza kontzertatuen inguran dihardu, bertan emakumeek ze gutxi balio duten adierazi nahi duena. Rokhsareh Ghaem Maghamik zuzendutako dokumentala hainbat zinemaldietan ikusi da. Honen aurretik, “Xprest! Aux!” 5.lehiaketara aurkeztutako film laburrak ikusi eta saritzeko aukera izango da.
Please comment with your real name using good manners.