Aperitifa batekin larunbatean hasiko da euskal zinemari eskainitako Euskal Herrian dagoen zinemaldi bakarra. Aurten azarotik urrira pasa dute Lekeitioko Euskal Zine Bilera. Aperitifa baina egitarauaren barruan larunbatekoa. 39. edizio honen hasiera ofiziala igandean izango da. Eta ondoren, astebetez euskal film laburrez beteriko egitarau. Ohi bezala oso preziatuak diren amateur eta profesional lehiaketak. Horiez gain, ezbaia izango da larunbatean, emakumeek ikusentzunezkoan dituzten arazoen inguruan. Eta euskal zinemaren figura bati omenaldia ere. Aurten duela gutxi hildako Kontxu Odriozola aktorea gogoan izango dute.
Lekeitiok Donostia 2016 Europa Hiriburutzarekin bat egin du. Eta horrela, zinemaldiaren atarian, larunbatean, Hiriburu horretako Europa Transit dokumental sortatik bat eskainiko dute. Zipren, Pafosen, Amets Arzallus bertsolariarekin filmatutako “Mugaminak“ dokumentala jarriko dute. Bitan banatutako uharte horretan Euskal Herrian bezala bat-bateko kantuaren tradizioa baitago. Iluntzeko 8:00tan Ikusgarri Zine Aretoan filma eman ondoren, ezbaia izango da sortzaileekin.

Hasiera ofiziala ohi bezala igandean izango da. Itziar Ituño eta Ainara Ortega aktoreek gidatuko dute irekiera ekitaldia. Ondoren Elorrion berriki estreinatutako “Argi“ filma ikusteko aukera izango da. Argi Elorrion bizi den neskato bat da. Bere hiru adinetan zehar ezagutuko dugu. Iratxe Mediavillak zuzendu du ia gehienbat emakumeak dituen lantaldea.
Lekeition euskaraz egindako 50 bat film labur jaso dituzte eta horietatik, 32 emango dira astelehenetik ostiralera. Fikziozko lanak izango dira nagusi eta eguneroko bizitzako errealitateekin lotura dutenak. Ikusiko diren filmeetan, 11 lan profesional eta 21 lan amateur dira. Azken lan horien arteko bostek Gazte 22 sailean hartuko dute parte, eta euretako bi lekeitiarrek egindakoak direla zehaztu dute. Kategoria bakoitzean zuzendaritza, ekoizpena, gidoia eta argazkia arloak sarituko dituzte. Profesional sailean, 1600 euro eta Zilarrezko Antzarra dute sari. Amateur sailean, 1.000 eta Zilarrezko Antzarra dira ordainak. Film Oneneei Urrezko Antzarra eta 1.900 euro profesionaletan eta 1.300 amateurretan emango diete. Hortaz gain, 500 euroko saria dago Gazte 22 sailean eta Antzar Morea, Berdintasuna hobekien islatzen duen filma saritzeko. Horiek epaitzeko, Asier Bilbao produktorea, Asier Hormaza aktorea, Iñaki Billelabeitia EHUko irakasle eta Artea eta Teknologia departamentuko zuzendaria eta Tessa Andonegi eta Sara Cozar aktoreak izango dira.
Azken urteetan Lekeition Euskal Zinearen Begirada saila sortu dute euskal zinegile bat omentzeko. Aurten, otsailean zendu zen Kontxu Odriozola aktore gipuzkoarra omenduko da. “Goenkale“ saileko “Maria Luisa” ezaguna Antzertin ikasi zuen ofizioa, 17 urtez ikastolako andereño ibili ondoren. Telmo Esnalek 2011ean zuzendu zuen “Urte berri on, amona!“ komedian. Eta omenaldi modura, pelikula hori eman eta ondoren, Telmo Esnalekin mintzatuko da Olatz Beobide aktorea. Zinemalditik aditzera eman dutenez, “emakume aintzindaria izan zen Kontxu” eta berarekin batera bidea ireki zuten beste emakumeak ere omendu nahi izan du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak.
Edizio hau prestatzen hasi zirenetik argi zuten emakumearen partehartzea indartu nahi zutela. Esaterako galak aurkezten emakumeak jarri dituzte. Horrela hasierako lana errepikatuz, Itziar Ituñok hartuko du bukaera galaren gidaritza datorren asteko larunbat gauean. Goizean ikusentzunezkoan emakumeak eta lana ekuazioa aztertuko duen ezbaia egingo da. Hemen Here elkarteak antolatuta, Naia Laka errealizadore berria, Amara Mosteiro kamara eta irakaslea, Izibene Oñederra zuzendari eta irakaslea eta Eneko Sagardoy aktore eta ikusentzunezko ikaslea. Europako Ikusentzuneko Elkarteak, EWAk, emandako datu bat “zine eskoletan ikasleen erdia emakumea da, baina hori ez da islatzen lan merkatuan“ aztertuko dugu larunbat horretan. Armintxeko altxorraz gain, bada zaindu beharreko beste altxor bat Lekeition.
Please comment with your real name using good manners.