Urriaren hasieran, barikuko hitzordua hasi zuten Zine-Klub Gernikako kideek. Hasi zine independienteari arratsaldea eskainiz. Azken barikuetan Donostiatik eta Cannesetik pasatako “Los Caballeros Blancos“ eta “Macbeth“ eman dituzte. Ostiral honetan etxekoko batek, Pedro Duranak Gernika rugby taldearen inguruan egindako “Basurdearen kumeak“ dokumentala estreinatuko dute. Arratsaldeko zortzi terdietan Lizeo Antzokian izango da estrenaldia. Bihar berriz 19:30tan beste saio batean ikusteko aukera izango da.
Zine-Klub beraren sortzailetako bat, Pedro Durana, hurbildu da ezezaguna zitzaion mundura. Goi Zale taldearentzat “Ametsa Gailurra” filma egin berria zuen Duranak Gernika Errubgy Taldeko entrenatzaileak, Bruno Mercantik ikusi eta erruby taldearekin antzeko zerbait egitea komentatu zioenean. “Basurdearen kumeak” dokumentalak 43 urte dituen taldearen ibilbidea batzen du. Derion 1973a jaio zenetik gaur egun arte. Sasoi desberdinetan lan egindakoak elkarrizketatzen dira. Hain zuzen, 65 minutuko filmak omenaldia egin nahi izan die gaur egun arte lanean aritu diren taldekideei.
Azaroaren lehen ostiralean berriz, Halloweenen bueltan, “Calle Cloverfield 10“ emango dute. J.J. Abrams ekoizle eta Dan Tracthbenger zuzendari ditu beldur eta zientzia fikziozko film honek. Istripu baten ondoren, emakume bat bunker batean esnatzen da. Ustez eraso kimiko bat eman dute eta lurreko aire kutsatuta dago. Bunkerrean ezagutzen dituen lagunekin bizitza berreraiki beharko du. Mary Elizabeth Winstead, John Goodman y John Gallagher Jr. ditu protagonistak ezkutuan filmatu zen pelikula honek.
Terence Davies ingelesa Donostiako Zinemaldiako lagun zaharra da. Bertan aurkeztu ditu hainbat filme. Azken aurrekoa, Gernikan ikusiko den “Sunset Song“ hau iazko edizioan Sail Ofizialean lehiatu zen. Eskozian ia eleberri nazionaltzat jotzen dena irudietan eman du zuzendarik, emakume aktoreak hain ongi babesten dituen zuzendariak. Aita zakarra duen emakume gazte baten heldutasunareko bidea islatzen da eta aldi berean, herri eta garai baten erretratua egiten da. Azaroaren 11ean emango dute Gernikan.
Zuberoan jaiotako Thomas Bidegain gidoilari ezaguna da Frantzian. Jacques Audiard zuzendariarekin “El Profeta” eta “De Óxido e Hierro” ezagunak idatzi ditu. Iaz bere lehen film luzea zuzendu zuen. Canneseko Errealizadoreen Astean “Les Cowboys” aurkeztu zuen. Espainian “Mi Hija, Mi Hermana“ izenburupean estrenatu zen filmak mutil lagunaren bila Siriara joandako neskaren istorioa kontatuko digu edo haren atzetik, bila joaten diren aita eta gero anaiaren historia. Gernikan abenduaren 2an izango duzue ikusteko aukera.
Paul Verhoevenek gure barruak nahasteko, film polemikoak egiteko gustua du. Hor ditugu “Instinto Basico” esaterako. Aurten Cannes aztoratu eta kritikoak txunditu zituen frantsesez egiten duen lehen filmearekin. Paul Verhoeven Canneseko Sail Ofizialean aurkeztu zuen “Elle“ txundigarria. Pelikula zikina, probokatzailea baina era berean zoragarria. Agian bere buru Isabelle Huppert aktore frantziar ezin hobea dagoelako. Huppert enpresa bateko emakumea da, arrakasta lortu duena lanean behintzat. Egun batean etxean bortxatuko dute. Eta poliziara joan beharrean bestelako neurriak hartuko ditu. Abenduaren 16ean pantailaratu du Zine-klub Gernikak.
Eta urtea bukatzeko familia biltzen dituen festeen bueltan, ama eta alaba baten hartuemana, familia bera, erretratzen duen filma. Iaz Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zen “Mia Madre“ Nani Morettiren azkena. Guztiz txunditu ez baninduen ere, interesgarria egin zitzaidan. Batez ere, honetan, berez ama semea den erlazioa ama alaba harremanean itxuraldatu duelako eta Margherita Buy aktoreari eman diolako zuzendariaren alter egoa litzatekeen alabaren papera. Moretti bera protagonistaren anaia da. Eta John Turturrok komedia puntua emango dion pertsonaia gorpuztuko du. Abenduaren 23an Gernikan ikusteko aukera izango da.
Please comment with your real name using good manners.