Zinemaldia amaituta urrian beti ekiten dio denboraldiari Donostiako Kresala Zineklubak. Gogotsu ekin diote eta aurten ospakizun erdian, ama duten Kresala Elkarteak 50 urte bete baititu. Eta denboraldi berri honi ekiteko, berriki hildako Abbas Kiarostamiri omenaldia egingo diote, Oscar sarietarako hautagai izandako filma bat eta emakumeek zuzendutako bi dokumental eskainiko dute, besteak beste. Denboraldi hasiera indartsua. Gaur bertan hasten dena.

Irango Kurdistango herrixka batera Teheranetik zine lantalde bat iritsiko da. Ekipoak herrixka osoa aztoratuko du. Izan ere, herritarrek uste baitute zinegileak kanposatuan gordeta dagoen altxor baten bila dabiltzala. “El Viento Nos Llevará“ Epaimahaiaren Saria jaso zuen 1999ko Veneziako Zinemaldian. Eta Kresalak programazioan sartu du uztailean hildako Abbas Kiarostami zinegile irandarra omentzeko. Saioa Mikel Intsausti, GARAko kritikariak aurkeztuko du.
Urriaren 10ean Jordaniak Oscar sarietara aurkeztu zuen “Theeb“ filma emango dute. Gure “Loreak” filmarekin lehiatu zen. Arabia 1916. Otomandar inperioaren txoko batean bizi da “Theeb” (otsoa) nerabea beduinoen tribu batean. Aita hil eta anai zaharraren zaintzapean jartzen dute Theeb. Britaniar militar batek baina anaia kontratzen du leku misteriotsu baten bila joateko eta anaia ez duenez galdu nahi bion atzetik joango da Theeb, basamortuan zehar. Naji Abu Nowar zuzendari britaniar jordaniarraren lehen lana da. Bere esanetan “Western bedouinarra” da eta honi esker Zuzendari Berrien BAFTA saria, britaniar zinemaren saria, eskuratu zuen. Filma Zigor Etxebeste zine kritikariak aurkeztuko du.
Urriaren 17an aldiro Gobernuz Kanpoko Elkarte batekin doan egiten ohi duten saioetako bat programatu dute. Italiako iparraldean egunero egunsentiarekin batera Turingo merkatura, Europan merkatu libre handienera, doa Lina adineko nekazaria. Bertan ortuko barazkiak eta marrubiak saltzen ditu. Seme-alabarik ez baina lana uztea eskatzen dion senarra du etxean. Egun batean Hassan ezagutuko du, Italiara Marokotik lan bila etorritako gaztea. “El Lugar de Las Fresas“ dokumentalean bi pertsonai hauek jarraitu zituen Maite Vitoria zuzendariak zazpi urtez. Zuzendari madrildarra berak aurkeztu du hainbat zinemaldietan saritutako filma.
Fantasia eta Beldur Astea amaituta, urtero ere, kolaborazio txikia egiten du Kresala Zineklubak Astearekin. Astea pittin bat luzatzearren azaroaren 7an “Extraordinary Tales“ filma emango dute. 2015ean Raúl García espainiarrak Edgar Allan Poe maisuaren hainbat ipuinak animazioan filmatu zituen. Ipuin bakoitza animazio teknika ezberdin batekin egin gainera. Saioa Josemi Beltrán, Donostia Kultura zine unitateko arduradunak eta Astearen zuzendariak aurkeztuko du.
Azaroaren 21ean kritiko asko txunditutako “The Duke of Burgundy“ filma eskainiko digute. 2014ean bi emakumeen arteko amodio istorioa filmatu zuen Peter Strickland britaniarrak. Hasiera batean erlazio sadomasokista dena, erlazio konbentzionalago bilakatu nahi du emakumeetako batek. Eta horrek jokoa hautsiko du. Jess Franco espainiar zuzendaria omendu du filmarekin Stricklandek. “Berberian Sound Studio” beldurrezko aurreko filma kritikoen txaloak jaso zituen. Bertan lan egin zuen Chiara D’Anna italiarra da hemen ere aktore nagusi. Parean Sidse Babett Knudsen daniarra, Borgen telesailegatik ezaguna eta duela gutxi Zinemaldian izan genuena “La Doctora de Brest” filmearekin. Filma “El Círculo Fotograma” webeko arduraduna den Amaia Garciak aurkeztuko du.
Eta lehen hilabeteko denboraldia amaitzeko, azaroaren 28an, “El Gran Vuelo“ dokumentala aurkeztuko dute. Frankoren diktaduraren lehen urteetan gartzelatik ihes egin zuen Clara Pueyo Jornet, Alderdi Komunistako kide gaztea gogoratu nahi du filmak. Urteetan ihesean izan zen emakumea Les Corts gartzela ate nagusitik utzi zuen. Bere arrastoa betirako galdu zen. Bere alderdiko zorrotasunetik ere alde egin nahi zuen. Bere istoria garai hartako beste emakumeena ere da, zapaldu nahi zituen gizarte batetan haien askatasunaren alde borroka egin zutenena. Dokumentalaren zuzendaria, Carolina Astudillok berak aurkeztuko du saioa.
Please comment with your real name using good manners.