FAS zineklubeko hainbat kide Zinemaldiko aretoetan ikusi genituen azken edizioan. Urteroko ohitura berrituz zineklubeko hurrengo saioetan zer programatu “ehizatu” nahiean. Agian horietako saio batetik atera zen datozen hilabeteetan FASen ikusiko ditugun filmak.
Kointzidentzia edo, azken Zinemaldian lehiatu zen Hong Sang-soo zuzendari hegokorearraren azken aurrekoarekin zabalduko dute denboraldia. Donostian areto komertzialetan ikusi zen “Ahora sí, antes no“ film bitxia, bi ataletan, bi ikuspegietan filmatutako filma. Baina antza Bilbon ez zuen estrenaldirik izan. Gaur izango dute aukera bilbotarrek Xixonen eta Locarnon saritutako pelikula ikusteko. Zine zuzendari batek margolari gazte bat ezagutuko du eta gauzak aldatzen hasten dira. Saioa FASeko sortzaileetako izan zen Dani Soloagaren omenez programatu dute. Carmen aretoan 19:45tik aurrera.

Urriaren 11ean zentsura salatuko dute. Keywan Karimi zuzendari irandarra 6 gartzela urte eta 223 zigorrada jasotzera behartu du justiziak “Writing on the city“ filmagatik. Dokumental honetan Teherango grafiti, hormetako pintaden esannahi eta erabilpen politikoa aztertu du zuzendariak. Filma emango dute eta Oskar Alegria, Punto de Vista zinemaldiko zuzendariak zinegilearekin egindako elkarrizketa filmatua eskainiko dute saioan.
Hurrengo astean berriz Hego Koreara egingo dute salto FASen. Duela bi urte Cannesen lehen lanak saritzen dituen “Urrezko Kamara” bila aritu zen July Jung zinegile gazteak. “Un monstruo en mi puerta“ thrillerrean emakumezko polizia gazte bat herrixka batera iritsiko da zigortuta. Bertan neskato bat ezagutuko du, ustez biktima dena. July Jung emakumezko zinegile interesgarrienen artean jotzen da egun. Emakumeek zuzendutako zinearen, “Zinemakumeak” XXI. erakustaldiarekin egindako saioa da. Eta FASeko ohiko egoitzean izan beharrean BBK aretoan, Kale Nagusian izango da.

Eta emakume zuzendariekin jarraituz, bere filmografian emakumearen unibertsoa ikertu duen Rita Azevedo Gomesen azkenaurrekoa emango dute urriaren 25ean. Portugaldarra berriki Locarnon lehiatu da bere azkenarekin. FASek “La Venganza de Una Mujer“ emango du. Jules Barbey D’Aurevilly “Les Diaboliques” liburu ezaguneko ipuin bat moldatu du Azevedok. Bertan konkistadore bat gonbidatuko du etxera emakume batek sexu gaua eskainiz. Baina etxeratzen direnean, gordetako sekretua jakin araziko dio. Belen Ruíz filosofoak eta kazetariak aurkeztuko du filma.
Please comment with your real name using good manners.