Ez dira dauden guztiak. Baina daudenen artean nire ustez ikusi beharrekoak dira. Berlinetik Donostira etorritako pare bat izenburu ez daude nire aurreko aukeraketan. Nahita. Ez nituen gustuko izan. Baten bati, Jeff Nicholsoni aukera berria emango diot, ziurrenik. Lav Diazen zortzi orduei ez. Gauza bera zerrenda honetan. Cannesen ikusi eta maite izan ditudan pelikulek osatzen dute. Baten bat faltan botako duzue. Kasu batzutan ikusi ez nuelako, beste batzutan, ez zitzaidalako gustatu.
Zer egin dezake aita batek alabarekin harreman zubi guztiak hautsi direnean? Eta alaba galduta ikusi eta berau lagundu nahi duenean? Pertsonaia asmatu. Hura “Toni Erdmann“ da. Maren Ade zuzendari alemanar gazteak gai moderno bati emandako erantzuna. Guraso seme-alaben harremanek ez dira iraganean bezain monolitikoak, bezain goitibeherakoak. Eta hor sortzen zaigu arazoa. Hortaz gain, emakumeak gogor borrokatu behar dira gizonen munduan arrakasta izateko. Gai horiek jorratzen ditu emakume zuzendari honek bere hirugarren luzean. Oso ondo landutako gidoia du eta Peter Simonisch aktore austriarra eta Sandra Huller alemaniarra ederki ari dira aita-alaba paperetan. Cannesen prentsaren saioetan, akreditatuak txalotan lehertu ziren hainbat pasartetan. Umore zipriztinak baitira pelikula osoan. Eta filmak sortzen duen giro onaren seinale. Niri tarteka luzeegia egin bazait ere. Kritikaren faboritoa zenez, ez da harritzekoa FIPRESCI Sari Nagusia jaso izana. Estrainekoz emakume batek zuzendutako filma bilakatuz. Maren Ade Donostian izango da sari jasotzen eta pelikula aurkezten. Frantzian oraindik ikusgai badago, Espainian oraindik ez du estrenaldi datarik, baina banatzailea du.
Ikusle modura deseroso sentiarazten dizun filma da “Elle“, Paul Verhoeven zuzendari holandarrak frantzesez egindako lehen filma. “Nola disfrutatu dezaket hau nik, neska izaki, kontatzen duena kontatuaz?” Galdera hori behin baino gehigotan etorri zitzaidan burura filma ikusten ari nintzela. Izan ere, bortxaketa batetik abiaratzen da filma. Isabelle Huppertek bideo joko enpresa baten jabea jokatzen du, etxean bortxatzen duten emakumea. Iragan tragikoa duen emakumeak poliziarengana joan ordez, bere kabuz egingo dio aurre, modu gaizto eta batzutan komikoan. Filmean konbentzionalismo sozialeei ere egiten die barre. Txalo eta irriparre artean hartu zuen prentsak Cannesen. Filma Philippe Dijan egilearen “Oh …” lanean dago oinarritua. 80 urte dituen Verhovenek hasieran Estatu Batuetan filmatu behar zuen. Baina aktore estatubatuarrek ez zuten emakume amoral horren papera hartu nahi. Eta azkenean, Isabelle Huppert zoragarriak erronka onartu eta ederki aritu da. Filma babesteko Huppert eta Verhoeven bera izango dira Donostian. Irailaren 30an estreinatuko da Espainiako pantaila handietan. Frantzian jada ikusgai dago.
Aurten Canneseko Sail Ofiziala harribitxiz jota agertu zaigu. Hainbat altxor ere topatu zitezken “La Quinzaine des Realisateurs” sail paraleloan. Iaz Donostian Sail Ofizialean lehiatu zen Joachim Lafosse belgiarrak “L’économie du couple” (After Love) filma aurkeztu zuen. Bertan amodioa bukatzen denean bikote batek nola egiten dio aurre diru arazoak eta umeak tarteko eman du. Cédric Kahn aktore eta zuzendariak jokatzen du etxea utzi behar duen gizonaren papera. Emaztea Berenice Bejo da. Biak ederki ari dira bikote baten krisiaren autopsia zorrotz eta eder honetan. Tarteka “Perder la razón” 2012an zuzendu zuen filma gogoratzen du honek. Aurrekoa, egunotan areto komertzialetan ikusgai dugun “Los caballeros blancos” baino nahiago dut nik hau. Zinemaldian galdu ezkero, gogoratu Espainiako areto komertzialetan urriaren 14ean estreinatuko dela.
Cannesen bi film aurkeztu zituen Jim Jarmusch estatubatuarrak. Sail Ofizialean lehiatu zen “Paterson” fikzioa eta Saio Berezietan aurkeztu zuen “Gimme Danger“ dokumentala. Ez fikzio hori ikusiko dugu Donostian Zabaltegi-Tabakalera sail berrituan. Bertan duela 23 urte Cannesen Film Laburreko Urrezko Palma bat irabazten lagundu zion pertsonaia filmatu du Jarmuschek. Saritutako “Coffee and Cigarettes III (SOMEWHERE IN CALIFORNIA)” film laburraren protagonistetako bat Iggy Pop kantaria baitzen. Orain bion arteko harreman hori birsortuz Iggy Pop berari eta Michiganen 1960.eneko hamarkadan sortutako honen “Stooges” taldeari begirada bota dio du Jarmuschek dokumentalean. Punk musikaren sortzaileen artean dagoen taldearen argazki, artxibo irudi andana, marrazki bizidunen bitartez birsorketak eta nola ez taldekide eta ingurukoak elkarrizketak ditu. Aldi berean Jarmuschek Stoogesen eragina, arazoak eta erronka politiko, komertzial eta musikalak ikertzen ditu. Musika taldearen eta zinegileen zaleak gustura uzten dituen filma da. Donostian galtzen baduzue aukera azaroaren bukaeran estreinatuko da Espainiako areto komertzialeetan.
Eta Donostian pelikula bakarra ikusteko aukera baduzue, berau “Ma vie de courgette“ izan behar du. Stop motionez egindako film laburra, 70 minututako, baina sendoa. Irriparrea ateratzen dizuen horietakoa. Hunkigarria eta mezua duena. Claude Barras suitzarrak Gilles Paris idazle frantziarren “Autobiographie d’une courgette” eleberria pantailaratu du, Céline Sciamma doatsuaren laguntzaz. Courgette ez da landare bat. Umezutz geratzen den 9 urteko mutikoa baizik. Umezurtz-etxe batera eramango du azkenean laguna egingo den polizia batek. Etxean desberdinen elkartasuna topatuko du. Cannesen aurkeztu ondoren, Annencyko Animazio Zinemaldi ospetsuan lehiatu zen eta sari nagusia eta publikoaren saria jaso zituen. Maisu lan txiki hau Oscar Sarietara bidaliko du Suitzak. Frantziako areto komertzialetan urriaren 19an estrenatuko da baina Espainian oraindik ez du banatzailerik.
Ez da Oscar Sarietara bidali eta Donostian ikusiko dugun film bakarra. Errumaniak bidaliko baitu Perlak sailean aurkeztuko duten “Sieranevada“ filma. Hileta baten inguruan familia bilera bat irudikatzen duen filma ez nuen ganoraz ikusi Cannesen. Beraz ikusteke filmeen artean dago Cristi Puiuren azkena. Orain edo beranduagoa lasai ikusteke. Zerreda horretan dago gainera “La Tortue Rouge“ (The Red Turtle) animazio filma. Japoniako Ghibli estudioen laguntzaz Michaël Dudok de Wit holandarrak Frantzian burututako pelikula zoragarria dela esan didate ikusi dutenek. Beraz hau ere Zinemaldian berreskuratu beharko. Beste behin, beraz, aukera zabala duzue.
Please comment with your real name using good manners.