Igandean salgai jarriko dira Donostia Zinemaldiko film guztietarako sarrerak. Hasiera ofiziala, esan genezake. Askok gomendioak eskatzen dizkidazuenez, hemen Cannesen eta Berlinen ikusitako eta gure zinemaldian izango diren batzuen aipamena. Perlak sailean ez ezik, beste sail batzutan izango direnak.
Europara sartu nahirik Mediterraneoan itotzen direnen patuak zirikatuta Gianfranco Rossi italiar dokumentalistak urtebetez ostatu hartu zuen Lampedusan. Italiar uharte hori bilakatu da Meditarraneoan erreskatatzen dituztenenen lehen helmuga. Eta hor osatu zuen “Fuocoammare“(Fuego en el mar) filma. Etorkinez lepo dagoen uhartean Lampedusako arrantzale familia bat jarraituko du, batez ere familiako mutiko bizia. Familia horri eta mediku bati emango die ahotsa. Hauek ikusten, bizi dutena hitzez aditzera emango digute. Baina ez dira hiztun bakarrak. Erabaki formal batean, etorkinek aurpegi nekatuen, begiraden bidez egingo digute berba. Film honi esker aurtengo Berlingo Urrezko Hartza jaso du. Donostian Perlak Sailean ikusiko dugu. Urrian ere areto komertzialetan estrenatuko da, baina ikusteke gure ingurutan izango den.
Niretzat Rossiren saria merezitakoa da. Batzuentzat ordea Mia Hansen-Loveren “L’Avenir“(El Porvenir) pelikulak merezi zuen. Bertan izar Isabelle Hupppert. Aktore frantziarra filosofia irakasle bat da, familia krisi baten erdian harrapatuta. Ikasle gazte baten bidez bere mundua beste era batera ikusteko aukera izango du. Huppert zoragarri dago eta Hansen-Love heldutasun profesional batera iritsita. Horregatik zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen Hansen-Lovek Berlinen. Ikusi behar horietako da. Hau ere Perlak sailean izango duzue. Gainera antza biak Donostian izango direnik, euren aurkezpenetako batera joateko aukera izango duzue. Zinemaldia bukatu bezain laster du estrenaldi komertziala iragarrita.
Ezinegona. Hori sortzen du “A Quiet Passion“ filmak. Emily Dickinson idazlearen inguruan Terence Daviesek egindako filmak. Britaniarrak poeta estatubatuar onenentzat jotzen dena desmitifikatu du. Edo hobeto esanda, mito horren atzean dagoen emakumea, bizitzera uko egin zion emakumea azaldu. XIX. mendean, familia erlijoso batean jaiotako emakume hori gorpuzten Cynthia Nixon ari da. “Sex and the city”ko aktoreak New Yorkeko glamourretik kanpo, ederki antzezten du emakume puritano horren barrua, gogaikarria egiteraino. Terence Davies asko maite dut, gutxik bezala transmititzen du pantailan pertsonaien barneko ezbaia eta hemen indartsu egiten digu erretratu hori. Nixon eta Davies ere Donostian ikusteko eta entzuteko aukera izango da. Tabakalera-Zabaltegi lehen aldiz lehiaketa izango den sailean arituko dira. Espainiako areto komertzialeetan urriaren 7an estreinatuko da.
“Aquí no ha pasado nada“ filmean Alejandro Fernández Almendras zuzendari txiletarrak Martín Larraín kasua pantailaratu du. Eskuineko senatari ohi baten semea, Los Angelesen urtebete pasa ondoren, Txilen berriz, Larraínek neska bat ezagutu zuen hondartza batean. Berarekin festaz festa ibili zen gau horretan, istripua izan arte. Diruz lagunduko justiziak libre utzi zuen Larraín, baina Txilen sekulako iskanbila sortu zuen. Bere laugarren filma egiteko Fernández Almendrasek ez zuen Txilen diru laguntzik jaso. Crowfundinez finantzatu zuen proiektua eta gero Donostiako “Cine en Construcción”era ekarri. Justiziaren ustelkeriaz gain, sare sozialez eta aldikako adiskidetasunez mintzatzen zaigu. Estatu Batuetako hainbat serie poliziako bezala kontatuta, erritmo ona du filmak. “Horizontes Latinos”en lehiatuko den perleetako bat.
Datozen egunotan Cannesetik ekarritako filmeen gomendioak emango ditut. Sundance eta Veneziatik pasatakoez gutxi dakit baina batzuk jada apuntatu ditut.
Please comment with your real name using good manners.