Urriaren 7tik 10ra zinean eta zine prozesuan murgiltzeko aukera ederra eskaintzen digu Tabakalerak. Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak lehen nazioarteko zine mintegia antolatu du. Hiru egunez proiekzioaren aretoaren barruan ikus-entzunezko materialak ikusteko eta testuak, prozesuak, elkarrizketak, eztabaidak eta pantailaren alde bateko eta besteko topaketak elkarbanatzeko beta emango digu.
Mintegia hainbat sormen geografia edo geografia bisual zeharkatzeko, paseo-ibilbide gisa planteatzen da, puntu ezberdinak lotuz. Harreman eta lotura hauek zuzenak edo zeharkakoak izan daitezke, nabariak edo arbitrarioak, tematikoak ala ez. Lehenengo edizio honetan artistiko eta zinematografikoaren arteko erlazio eta hausnarketa interesatzen zaigu baita.
Azken urtean Tabakalerak egindako praktika artistikotik tira egin du: alegia, postkolonialismoa, identitatea, historia eta kulturari erlazionatutako bizigarriak, mugak eta geografia berria bezelako kontzeptuez eztabaidatu. Horren inguruan bi erakusketa egin dira orain arte eta zine mintegia ikerketa honen beste kapitulu gisa pentsatu da. Gai horiek lantzen ari diren zinegile eta artistak hautatu dira.
Safia Benhaim zinegile frantziarrak, Marokoko errefuxiatu politikoen alabak, erbestea du lan gai. Berlinen bizi den Filipa Cesar artista portugaldarrak Guinea Bissauko zinemaren hastapenak ikertu ditu. Parisen jaio baina Galizan hazi den Oliver Laxek bere bi luzeak Marokon filmatu ditu. Biak Cannesen saritu dituzte. Vincent Meessen AEBn jaio baina Bruselan bizi da. Hasieran argazkia nahiago bazuen, orain bideoa erabiltzen du “borrokatutako espazioei” buruz hitzegiteko. Camilo Restrepo kolonbiarrak artxibo dokumentala erabiltzen du egungo Kolonbiako historiaz erreflexioa egiteko.

Artisten horien obra aurkezteko erreferentzia akademiko, teoriko eta ikus-entzunezkoek osatutako ibilbide bat eskatu diete Javier H. Estrada, Beatriz Leal eta Elena López Riera kritiko, akademiko eta zine programatzaileei. Ondoren artistek euren lan prozesuak eta irudiak aurkeztuko dituzte saio monografikoetan. Ondoren, gaueko 20tan, publiko osoarentzat irekita egongo den mintzaldia izango da. Mintegian partehartzeko izen emate epea irailaren 12an amaituko da.
Please comment with your real name using good manners.