Donostiako San Telmo museoak aire librean zine emanaldiak hasi zituen iazko udan. Aurten 2016. honetan Donostia Europako hiriburu kulturala denez, gerra eta bakea ardatz dituen erakusketa garrantzitsua dago ikusgai museoan. “Bake-ituna” proiektuko erakusketa honen osagarri, gerra eta bakea aztertzen dituzten lau filmeren ziklo bat osatu dute, Euskadiko Filmategia eta Donostia Kulturako zine unitatearen laguntzaz. Emanaldi guztiak, eguzkia sartu ondoren, gaueko hamarretan eta doan izango dira.

Zikloa uztailak 28 hasiko da, 1935an Jacques Feyder belgikarrek filmatutako “La Kermesse héroïque“ filmarekin. 115 minututan ekoizpen frantzo-alemanar honek Flandesko dominazio espainiarraren inguruko fartsa egin zuen. Boom herri txikia urteroko festa, kermesse, ospatzear dago, Espainiar tropak herrira iristekotan daudela jakiten dutenean. Horrek izua eragiten du gizonen artean. Emakumeek, ordea, soldadu espaniar beldurgarriei ongi etorria egiteko festa zoragarri bat prestatzea erabakiko dute. Zinearen maisulantzat jotzen da filmea.
Datorren ostegunean, 1999an Andrzej Wajda poloniarrak egindako “Pan Tadeusz“ filma emango dute. Bi orduko pelikula Adam Mickiewicz idazlearen testu batean oinarrituta dago. 1812an, Polonia Lituniaren menpe dago, Errusiarren sasi estatu bat den Lituniaren menpe. Errusiaren kontra Napoleonekin bat eginez independentzia lortuko dutela uste dute poloniarrek. Giro horretan bi famili handi elkarren kontra daude: Soplicatarrak, errusiarren alde daudenak, eta Horeszkotarrak, Poloniaren independentziaren aldekoak. 20 urte lehenago Jacek Soplicak Horeszkoen etxeko azken gizona hil zuen. Orain gauzak konpontzeko Pan Tadeuszek, Soplica etxekoak, Horeszko familiaren neska bat ezkontzea erabakiko du. Berlineko Sail Nagusian lehiatu zen eta Poloniako zinearen 6 sari nagusi eskuratu.

Abuztuaren 11ean, John Houstonen klasiko bat ikusiko dugu izarrepean. 1975an irlandar jatorrikoak “The Man Who Would Be King“ errodatu zuen Rudyard Kiplingen testu bat oinarri hartuta. 1880an Indiara bidalitako bi ofizial britainiarrek itxuraz zentzugabea den abentura bati ekiten diote: elezaharretako Kafiristan erreinua konkistatzea. Bi abenturazaleak, Daniel Dravot (Sean Connery eskoziarra) eta Peachy Carnehan (Michael Caine inglesa) bidai nekagarriari ekingo diote eta gorabehera askoren ondoren erreinu txiki bat menderatzea lortu. Dravot errege bihurtzen da daraman zintzilikario
bati esker. Masoneriaren ikur den zintzilikario hori dela eta, Alejandro Magnoren oinordeko jotzen dute inguruko monjeek. Rudyard Kiplingena egiten Cristopher Plummer kanadiarra ikusiko dugu. Filmak Oscar sarietarako lau izendapen izan zituen.
Eta abuztua ixteko, Stanely Kubrickek sinatutako film pazifista ezagunena. “Paths of Glory” (Loriazko Bidezidorrak) emango dute abuztuaren 24ean. 1957an Kubrickek Humphrey Cobb idazlearen izen berdineko eleberria eraman zuen zinera. 1916an Frantzian, frontean, alemaniarren aurka dagoen frantziar ejerzitoaren eraso suizida bat sekulako porrot bihurtuko da. Tropei zigor eredugarria jartzeko, Mireau generalak, erasoaren eta porrotaren arduradun nagusienetako batek, epaiketa militarra deituko du: nagusiek zoriz aukeratutako hiru soldadu koldarkeriaz salatuko dituzte eta fusilamenduzko heriotza zigorra ezarriko diete.
Film guztiak jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelerazko azpitituluekin, Kubrickena ezik.
Please comment with your real name using good manners.