Ikusi hitzaren bidez. Urteetan ikusmen urriko lagunek eta itsuek zinea besteen begietatik ikusi dute. Alboan lagun bat eseri eta pelikula kontatzen zien. Horrek ekartzen zuen arazoekin: zertan zeuden batek ulertu ez eta errieta egitea, laguna zinera behartu beharra … Ondorioz, ikusmen urrikoek irratia nahiago. Baina teknologiek asko aurreratu dute eta horretan ere gizakiaren alboan jarri. ONCE erakundetik ikusmen desgaituek zinean erabiltzen duten teknologia probatzera eta zuei kontatzera gonbidatu ninduten.
Hasteko 2003tik hainbat aretoetan “Cine Accesible“ deritzan sistema dago. Navarra de Cine deritzan enpresa batek egindako proiektua da. Aretoa sartu orduko ikusmen urriko lagunek kaskoak dituen aparailua jasotzen dute. Bertatik audiodeskripzioaren bitartez pelikula jarraitu dezakete, irudietan ikusten dena kontatzen baitzaie. Entzumen urrikoek ere azpitituluak jarraitu ditzakete, eurentzako prest dauden, kolore desberdinetako azpitituluak, kolore bakoitza pertsonai bati dagokiola. Horrelakoak dira Bilbon eta Iruñea La Moreako Golem zineetako areto bana. Baina nik Donostian probatu nahi nuen esperientzia. Donostiako ikusmen urriko lagun batek egingo lukeen modura. Esperientzia bideopost honetan kontatzen dut.
Lehenik eta internetera konexioa duen nire mugikorrean AudescMobile deritzan aplikazioa jaitsi nuen. Oso azkarra da. Gero hor dauden pelikulen menua zabaldu nuen – tartean 1942ko “Bambi” – eta horietatik egun zinematan ematen zena bilatu. Donostian oraindik karteldegian zegoen “El Olivo“. Icíar Bollaínenen berriena SADEk Antiguan dituen zinematan zuten. Hartu mugikorra, kasko batzuk eta hara joan nintzen.
Belaunaldien arteko elkartasunaren inguruko film hau ikusmen urriko lagunek bezala jarraitzeko begiak itxi, antifaz baten bidez egin nuen, jada nire eserlekuan eserita. Eta jakina kaskoak ipini eta audiodeskripzioa martxan jarri ondoren – itsuei moldatutako mugikorrek “kantatzen” dizkiete eman beharreko pausoak banan banan. Kuriosoa: ekoizetxe guztien edo gehienen izena kontatzen zaie baina ez hasierako kredituetan agertzen ziren aktoreen eta teknikoen izenak. Nagusienak aipatu zituzten bakarrik.

Audiodeskripzioak eszena guztia kontatzen du: zer nolako paisaiak, pertsonaiak nolakoak diren eta zer nolako ganoraz dauden. Esaterako “egun argiz, olibaldi batean, agure bat olibondoen artean dabil“. Tarteka ere pertsonaien erreakzioak kontatzen dira, adibidez, “iraganean ume bat olibondo batera igo da, adar bat besarkatu eta negarrari emango dio“. Audiodeskribapenak pelikularen ildoa jarraitzen du. Pertsonaiak hitzegiten dutenean isilik geratzen da, pertsonaien hitzak entzuteko.
Izan ere, audiodeskripzioa guztiz sinkronizatua dago filmarekin. Horrela, une batean, pelikularen haria galdu nuen, audiodeskripzioa eten bainuen. Baina berreskuratzea lortu nuen. “Sincronizar” sakatu eta audiodeskripzioak pelikularen ildoa topatu eta une horretan martxan dagoen eszena kontatuko dizu. Horretako telefonoaren mikroa zabaltzeko baimena eskatu zidan. Gero jakin nuen, egun pelikulak ematen diren sisteman, DCPn sisteman, (Digital Cinema Package)n sartzen dela audiodeskripzioa eta horregatik ni zein puntuan negoen aurkitu ahal izan zuela telefonoak edo audiodeskripzioak.

Aitortu behar dizuet. Berehala kendu nuen antifaza. Konprobatu nahi nuen ze galtzen zen. Egia esan agian tarteka aktoreen aurpegietako keinuak eta koloreak, hainbat zuzendarientzat garrantzitsu izan daitezken koloreen aukeraketa. Baina une batzutan zer nolako plano mota ere kontatu zuen audiodeskripzioak. Esperientzia guztiz interesgarria, ona eta gainera pelikula asko gustatu zitzaidanez, ze esango dizuet, begiak itxita zineaz disfrutatu nuela. Eskerrak ONCE erakundeari eta Donostiako SADE zineei bideoblogean laguntzeagatik.
Please comment with your real name using good manners.