Gipuzkoako Errenterian hiriak izan duen zineklub kultura berreskuratu dute zine zale batzuek aurtengo ikastaroan. Orain Ozzinema taldeak udako zinea aire librean programatu du. Jonathan Sedeño talkideak dioenez “Madalenak pasata basamortu kulturala da bestela irailetik ekitaldiz beteta egoten den Errenteria. Abuztuan ere kultura izateko etorri gara“.
Eta horrela abuztuko lau ostiraleko gauetan komedia, zientzia fikzioa eta akzioa uztartzen dituzten lau film erakutsiko dituzte. Lehena, ostiral honetan, 22:00etan, Koldo Mitxelena Ikastetxeko patioan, LA LEGO PELÍCULA izango da.
Ozzinemakoek zuhurrak izan nahi dute eta ondorioz “lehen proiekziorako 100 eserleku prestatu ditugu” diote. Baina sarrera doan izanik agian gehitu beharko dituzte, datorren ostiralean eman behar duten UNA CUESTIÓN DE TIEMPO komedia erromantiko britaniarrerako. Aurrekoan bezala gaueko 10tan izango da, baina lekua aldatuta. Ostiral horretan Pablo Sorozabal Plazan izango da.
Iaz Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zine Astea zabaldu zuen BIENVENIDOS AL FIN DEL MUNDO film britaniarrak. Abuztuaren 19an, Errenteriako Musika Plazan emango dute doan, lau metroko pantailan eta retroproiekzio sisteman.
Abuztua bukatzeko LUCY Diputazio plazan emango dute, Luc Besson frantziarrak Scarlett Johansonn drogak eragindako supermakumea bilakatu zuenean. Ingelesez errodatu zuen zientzia fikziozko superekoizpen hau. Errenterian besteak bezala bikoiztuta emango da. Azken batean publiko oro erakarri nahi da.
Errenteriako udalaren laguntzaz egindako saio hauek arrisku bat dute gure Euskal Herri berde eta hezean. Euria egiten badu, behera geldituko ote dira? “Ez, B plana dugu” diote. Koldo Mitxelena Ikastetxeko patioan ikusiko dira filmak. Bai ala bai, denok zinera erakarri nahi dute. Irailetik aurrera prestatzen ari diren zineklub saioetarako grina sortuz.
Please comment with your real name using good manners.