Aurten Donostiarekin Europako hiriburu kulturala den Wroclaw Poloniako zinemaldi handi eta ezagunaren egoitza da. T-Mobil New Horizons Zinemaldiak Donostiarekin lotzen zuen hiriburutza hori gogoratu nahi zuen aurten eta horrela “kontu handiz hautatzen duen” atzerabegirako bat eskaini dio. “Euskal zinema: Zuzendarien Hiru Belaunaldi“ izenburupean euskal zinemaren adibideak eskainiko dira uztailaren 21tik 31ra ospatzen den zinemaldian. Hortaz gain, euren prentsa oharraren esanetan “Euskal Herriko artista interesgarriena den Victor Ericeren” lanaren atzerabegirakoa eskainiko dute. Karrantzakoa Polonia hegoaldeko hirira hurbilduko da.
Inma Merinok hasi zuen hautapena baina Diario Vascoko Mikel Gurpegui kritikoak eta Andoni Iturbe kazetaria eta komunikazioan doktoreak osatu dute Wroclawen emango diren hamabi bat filmeen aukeraketa. “Euskal zinemaren inguruan proiektu bat egitekotan ginen Mikel eta biok” dio Iturbek. “Eta esan ziguten Wroclawen hiru belaunaldietako zuzendarien lanak bistaratu nahi zituztela. Oso interesgarria iruditu zitzaigun eta ardura polita” onartu du Euskomediako zine atalaren presidentea ere denak.

Zinemaldiaren webgunean dioenez, “bere bereizgarritasuna zinean agertzen duen lehen belaunaldia 1970.eneko hamarkada bukaeran eta 1980.eneko hasieran agertu zen“. Garai horretako Montxo Armendárizen “Tasio“ (1984) eta Iván Zuluetaren “Arrebato“ (1980) emango dira. “Arrebato-k liliratu die, ohi bezala” esaten digu Iturbek. Zulueta Espainiako punk zinemaren adibidetzat jotzen du zinemaldiak eta “artista madarikatua Almodovarren laguna zela” gogoratzen dute. Montxo Armendariz bera izango da gonbidatu egun horietan Wroclawen. Bisitari Helena Taberna eta Juanma Bajo Ulloa ere izango dira.

Bi zuzendari horiek bigarren belaunaldiko, 1990.eneko hamarkadan zinean sartu zen belaunaldiko, ordezkari bezala izango dira Poloniako hiriko zinemaldian. Aldi berean Iturbek eta Gurpeguik zituzten irizpideekin bat egingo dute. “Gutxienez emakumezko zinegile bat egotea nahi genuen eta eurek azpimarratu ziguten bezala, bere zinearen berazkotasuna eta egile-izaera kontutan hartu. Askotan lehenengo opera primaren aukeraketa egin dugu“. Horrela zinemaldian jarriko dituzte Julio Medemen “Vacas“ (1992), Daniel Calparsororen “Salto al Vacío“ (1995) eta Juanma Bajo Ulloaren “Alas de Mariposa“, 1991ean Donostiako Urrezko Maskorra irabazitako filma.
Helena Tabernak 1999an errodatu zuen “Yoyes“ eramango du Poloniara. Ez da ETAren inguruan bertan erakutsiko duten film bakarra. 1994ean Imanol Uribek egindako “Días contados“ eta 2003an Julio Medemek zuzendutako “La Pelota Vasca“ egitarauan dira. Izan ere Poloniako zinemaldiak beraz dionez, “1970enetik gaur egunera, film konbentzionaletik forma berriak esperimentatzen dituztenera” progamatu ditu, horiek “euskal kulturaren erretratu anitza ematen dutena. Besteak beste hizkuntza eta ohitura desberdinak dituen euskal kulturaren erretratua eta eraso odoltsuez markatutako historia zailaren erretratua“.

Film batzuk jada Wroclawek hautatuak zituen. Gurpeguik eta Iturbek egindako proposamenean kontutan izan dute ere “euskara gizartea irudikatzeko gaitasuna eta belaunaldien arteko zubia“. Horri atxikitzen dira hobekien agian 2000tik aurrera lan egin duen zinegileen hirugarren belaunaldia. Eta horrela euskara hizkuntza nagusia da hautatutako hainbat filmetan: Berlinalen saria jaso zuen Roberto Castónen “Ander“ (2009), Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren “80 egunean“ (2010) eta “Loreak“ (2014) eta Asier Altunaren “Amama“ (2015). Txintxua Filmsetik baieztatu digutenez Altuna izango da Polonian.
Hauekin batera zine independienteari New Horizons Zinemaldiak Victor Ericeomenduko du, euren esanetan “fikzioa, zine entsaiu eta dokumentalen artean dauden film artistiko berezien sortzailea“. Karrantzan sortutako zinegiLearen “El Espíritu de la Colmena“ (1973), “El Sur“ (1983) eta “El Sol del Membrillo“ (1992) film luzeak emango dituzte eta film laburren atzerabegiko bat. Iturbek dioenez Poloniako zinemaldiaren proposamena da Erice, “nahiz eta uzta mugatua izan, mundu osoan lilura sortzen duen zinegilea da. Bere zinearen zigilu eta prestigioa ikaragarriak dira” laburbiltzen du Iturbek. Donostiarekin Europaren Hiriburutza Kultura duen Wroclaw bisitatzeko aitzaki ederra.
Please comment with your real name using good manners.