CANNESetik
“Una separacion” filmeko zuzendaria Asghar Farhadi irandarrak bere ohiko aktoreak, Taraneh Alidoosti eta Shahab Hosseini bildu ditu, aipatutako filmean bezala bikote baten krisia marrazteko. Larunbatean lehian izan den “Forushande“ (The Salesman) filmean, Rana eta Emad dira, Teherango klase ertaineko bikote bat. Gizonak eskolak ematen ditu emakumea etxean geratzen den bitartean. Biak aktore erdiprofesionalak dira eta Arthur Millerren “Saltzaile baten heriotza” lana taularatzen ari dira. Bizi diren edifizioa erortzeko arriskutan, antzerki taldeko kide batek utzitako beste batera joan beharko dute. Bertan emakumea erasotzen dute eta horrek bikotean arrakalak sortuko ditu.
“Saltzaile baten heriotza”ko heroiak eta filmeko gizonak, biek galdetzen diote euren buruari familiaren bizitza nola hobetu edo nola babestu. “A proposito de Ely”n ezagutu genuen Alidoosti zoragarria eta “Una Separacion”egatik Berlinen aktore onenaren saria jaso zuen Hosseini ederki daude. Guztiz harrapatu ez banau ere, ongi eraikitako drama da lehian geratzen zen azken aurrekoa. NORK IZANGO DUTE GUSTUKO? Bikote krisiak eta irandar zine berriena maite dutenek.
Zinemaldiaren Lehiak bukaera borobila izan du. Irrikitan ginen, 80 urtetik gertu dagoen Paul Verhoeven zuzendari holandarrak frantsesez egin duen lehen filma ikusteko. Isabelle Huppert protagonista duen “Elle“ komedia beltza polemikoa da. Bideo joko enpresa bat duen emakume batek etxean bortxatzen dute. Iragan tragikoa duen emakumeak poliziarengana joan ordez, bere kabuz egingo dio aurre, modu gaizto eta batzutan komikoan.

© 2015 Guy Ferrandis / SBS Productions
Pelikularen lehen eszena bortxaketa bera da baina ikuspegi bitxi batetik. Filmean konbentzionalismo sozialeei ere egiten die Farrell. Txalo eta irriparre artean hartu du goizean prentsak. Filma Philippe Dijan egilearen “Oh …” lanean dago oinarritua. Verhovenek hasieran Estatu Batuetan filmatu behar zuen. Baina aktore estatubatuarrek ez zuten emakume amoral horren papera hartu nahi. Eta azkenean, Isabelle Huppert zoragarriak erronka onartu eta ederki aritu da. Jada Berlinen itzel ikusi genuen Mia Hansen-Love zuzendariaren “L’avenir” filmean eta hemen ere egungo Europako aktore onenetakoa dela argi uzten du. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Verhoeven estilo zitala eta komedia beltza maite dutenek.

Argazkia: Mathilde Petit / FDC
Eta film guztiak ikusita, kinielak ateratzen hasi dira. Verhoevenen agerpenak kiniela guztiak puskatu ditu. Faboritoa bilakatu da. Horren aurretik “Screen Daily” aldizkariak egunero publikatu duen kritikoen panelean, Maren Ade zuzendari alemanarraren “Tony Erdmann“ filmak 3,8 lortu ditu. 4 da altuena eta inoiz filme batek lortutako puntu gehien izan ditu. Asko saldu da, Golemek banatuko du Espainian. Jim Jarmuschen “Paterson“, Kleber Mendoca Filhoren “Aquarius“ eta Cristian Mungiuren “Graduation“ ere hainbat kinieletan daude. Dena den, George Millerrek zuzentzen duen epaimahaiaren esku gaude.
Please comment with your real name using good manners.