CANNESetik.
Emakumeen eguna ote lehiaketan? Sail Ofizialean lehiatzen diren 21 zuzendarietatik 3 emakumeak dira. Horietako bi igandean programatu dituzte: Nicole Garcia frantziarra eta Andrea Arnold britaniarra. Bietatik gehiago espero nuen, nahiz eta bata bestea baino gehiago gustatu.

Aktore lanetan 80 film egindako Nicole Garciak zuzentzen duen zazpigarren filma da “Mal de Pierres“. Izenburu bera duen Milena Agus italiarraren eleberri ezagunatik hartu du Garciak filmeko pertsonai nagusia: Gabrielle, imaginazio berezia duen emakumea. Filmean Marion Cotillardek jokatzen duen Gabrille, 1950.eneko Frantzia Hegoaldeko nekazal familia burges baten alaba. Pasio bat jota, familiak erotzat joko du eta katalan laborari (Alex Brendemühl) batekin ezkonduko du. Baina balneario batean Indotxinan borrokan gaisotu den teniente bat (Louis Garrel) aurkitu eta pasio kontrolazinean murgilduko da.

Bukaera aldera zati batzuk maite izan baditut ere, eskola zaharreko melodrama iruditu zait. Tarteka eleberri arrosako kutsuarekin. Hasiera batean katalanaren papera egiteko beste aktore espainiar bat zegoen pentsatua baina Brendemühlek ohi bezala ederki egiten du eraman handiko gizonarena. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Film erromatikoak maite dituztenak.

Andrea Arnold zuzendari britaniarrak estrainekoz AEBtan filmatu du, britaniar ekoizpena bada ere “American Honey“. Egunkari artikulu batetik etorri zitzaion ideia. Estatu Batuetan etxez etxe aldizkarien harpidetza egiten dirua lortzen duten eta gehienbat etxetik ihes egindako gazteen inguruko artikulua. Azpikultura hori erakarrita Arnoldek lan talde gazte horiek ostatu hartutako moteleetan gela hartu zuen filmea prestatzen ari zenean. Filmean errealismoan oinarritu nahi zuen eta AEBtan zehar bidaiatzeak zer sortzen zitzaien pertsonaiei islatu.

Filmeko pertsonai nagusia, Sasha Lanek jokatutako Star, arazoak dituen familiatik ihes egingo du AEBko barnekaldean aldizkariak saltzen dituen talde batekin, Jake (Shia LeBoeuf) saltzaile nagusiarekin txundituta. Horrela festa giroko gauetan, lege hauste egunetan eta amodio gaztean sartuko da. Egoera zailduko dio baina Elvis Preysleren biloba, Riley Keoughek jokatzen duen Krystalek. Elvis aipatuta eta gazte giroko istoria, garrantzi handia eman nahi izan diote musikari. Aitortu behar dizuet. Nire ustez, ez du gehiegi kargatzen miseria egoera, tentuz ibiltzen da gazte hauen erretratua egiten, baina izugarri kostatu zait filmean sartzea. Dommage! NORK IZANGO DU GUSTUKO? Gazteen munduen erretratuak maite dituztenek.

“La Quinzaine des Realisateurs” sail paraleloan zuzendari ezagunak, Joachim Lafosse eta Pablo Larrain. Belgiarrak amodioa bukatzen denean bikote batek nola egiten dio aurre diru arazoak eta umeak tarteko “L’économie du couple“ filmean eman du. Cédric Kahn aktore eta zuzendariak jokatzen du etxea utzi behar duen gizonaren papera. Emaztea Berenice Bejo da. Biak ederki ari dira bikote baten krisiaren autopsia zorrotz eta eder honetan. “Neruda“ filman Larrainek gehien maite duen gaiari heltzen dio: bere herriko, Txileko gertuko iraganaren erradiografiatzeari. Poeta nazionalaren erretratu gordina egiten du. Baina hori ere errealitate kutsutik aldenduz, saturatutako argi eta aldatutako irudi baten laguntzaz. Azken partea asko maite badut ere gehiago espero nuen maisua iruditzen zaidan Pablo Larrainetik.
Astelehenean lehian, AEBko film independientearen bi pisu astunak: Jeff Nichols eta Jim Jarmusch.
Please comment with your real name using good manners.