CANNESetik
Otsailean Berlinalen lehian izan zen Jeff Nichols zuzendari estatubatuarra. Bere “Midnight Special” luzeak kritika epelak jaso zituen. Orain berriz lehian dago, oraingoan Cannesen, “Loving“ luzearekin. Jim Jarsmuchek bi ekarri ditu Cannesera, dokumental bat eta lehian duen luzea.
Zein izan lehenago? Jim Jarmuschek Cannesen ere aurkeztu behar duen “Gimme danger”, Iggy Pop eta taldeari buruz egin duen dokumentala edo gaur lehiaketan aurkeztu duen “Paterson“. Fikzioan dokumentalari keinua egin dio: Iggy Pop aipatzen baita. Dokumentala fikzioaren adina bada, irrikitan nago jada. Astelehenean aurkeztutako fikzioa orain arte lehian ikusi dugun film bitxi, originalena eta borobilena dela esango nuke. Hamargarren aldiz Sail Ofizialeko lehian, ez du hutsegin estatubatuarrak

New Jerseyko Paterson hirian bizi da Paterson (Adam Driver). Egunero egunero antzeko ohiturak ditu: autobusa gidatzea hiritik barna, poesia idaztea koaderno batean eta garagardo bakarra edatea bere ohiko tabernan. Laura neskalaguna (Golshifteh Farahani) margotzen eta sormenean, egunero gauza berriak asmatzen, dihardu. Errutina argi uztearren, zazpi eguneko ipuina bezala kontatua, hainbat elementu errepikatzen ditu, adibidez zinta osoan zehar ikusten ditugun anaia-arreba bikiak, Patersoneko herritarren elkarrizketa edo Patersongo herritar ospetsuen aipamenak. Urrezko Palmaren zurrumurrua dabil jada. Espainiako aretotan ikusteko aukera izango dugu, erosi baitute. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Zine independientea eta bitxia eta zine lasaia maite dutenek.
Zein arazo dago elkar maite duten bi lagunekin?” Horrela mintzatu da prentsaurrekoan Jeff Nichols zuzendari estatubatuarra bere azken filma aurkeztean. “Loving“ izenburua Virginan lege segregazionista sufritu zuen bikoteaz ari da. Euren kasuaren borrokak ezkontza mistoen aurka AEBtako hegoaldean zeuden legeak atzera botatzeko balio izan zuten. Donald Trump garaile ikusten ari den kanpainan, “hautesleengan eragina utzi nahi zuen” AEBtako Hegoaldeko zinegileak, Cannessen onartu duen moduan.

Nicholsi eta emazteari arreta eman zien Loving senar-emazteen kasua. Richard (Joël Edgerton) zuriak karrerazko kotxeak prestatzen ditu eraikuntzan lan egiten duen bitartean. Mildred (Ruth Negga) beltza batekin maitemindu eta ezkontzen da. Baina Virginako legeak ez ditu ezkontza mistoak onartzen. Gartzeleratzeko arriskutan Washington hiruburura ihes egingo dute. Herrimina indartsuagoa izango da ordea.

Oscar sarietarako prestatutako filma izango ez ote den galdetu du kritiko batek baino gehiagok. Aktoreen artean beltzik ez zegoelako aurten sortutako iskanbila kontutan izanda, lepoa joko nuke Ruth Negga hautagaien artean izango dela. Agian telefilm materiala zen Lovingdarren istoria. Agian horregatik ez dut oso gustoko izan. Ez da nik maite ohi dudan Nichols. Baina ziurrenik arrakasta komertziala izango du. NORK IZANGO DU GUSTOKO? Drama historikoak, politikoak eta gizartea aldaketa dakarten gaiak erretratatzen dituzten pelikulak maite dituztenak.
Sail Ofizialeko Lehiaketako esan dezagun anai txikiari “Un Certain Regard” bistadizoa emanez nahiko gustatu zait “Hell or High Water/Comancheria“ filma. David Mackenzie zuzendariaren aurrekoa,”Starred Up” (2013) gurean ikusteko aukera izan genuen. Orain eskoziarra Texasera joan da ekoizpenetxe estatubatuerrekin Robin Hood moduko pertsonaiak aurkeztuko. Krisi ekonomikoaren zartadak sufritze duen estatuan anaia bik (Ben Foster eta Chris Pine) banku konkretu batean lapurketak egingo dituzte, familiaren etxea ez galtzearren. Aurrean jubilatzear dagoen ranger polizia bat (Jeff Bridges). Mackenziek polizien eta lapurren generoari buelta eman dio, umore puntu politarekin. Gustagarria.
Eta asteartean bi ezik hiru lehian: Pedro Almodovar, Oliver Assayas eta ezustekoa eman dezakeen Kleber Mendoça Filho brasildarra.
Please comment with your real name using good manners.