CANNESetik.
Asiar zinemaren lehen ordezkaria lehian eta lehen emakumezko zuzendaria. Bata, Park Chan-Wook, korear zinema berriaren eredu ederrenetakoa eta zinemaldietan eskarmentu handikoa. Bestea, Maren Ade, hiru filmeren zuzendaria, hiruak zinemaldietan. Bata bestea baino gehiago gustatu zait baina biek maila asko igo dute.

Duela 3 urte Nicole Kidman eta Mia Wasikowskarekin ingelesez “Stoker” filmatu ondoren, Park Chan-woo Koreara itzuli da inoiz egin duen ekoizpen handiena filmatzeko. Sarah Watersen “Fingersmith” krimen eleberri historikoan oinarritu da “Agassi“ (Mademoiselle) zuzentzeko. 1930.eneko hamarkadan japoniarren esku dagoen Korean, neska gazte bat japoniar emakume gazte aberats baten zerbitzura jartzen dute. Sookek sekretu bat du. Japoniar kontearena egingo duen iruzurgile batentzako lanean ari da, gezurrezko konte honek emakume aberatsa ezkon dezan. Baina sentimentuek ezusteko garapena izango dute.

Chan-woo famatua egin duten giroez osatua dago filma. Argazki oso ederra du – lente anamorfikoen laguntzaz filmatu dute (Jon Garaño eta Aitor Arregi horrela ari dira “Aundiya” egiten). Zatika kontatuta, zati bakoitzak tramaren gezur bat, publikoak ezagutzen ez duen alde bat azalaratzeko balio dio. Film oso erotikoa. Aspertu gabe jarraitu baditut bi ordu terdiak, filmak ez nau guztiz asetu. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Epoka pelikulak maite dituztenak eta giroekin asiar zinema maite dutenek.
Maren Ade zuzendari alemaniarraren hirugarren luzeak pentsatzen uzten zaitun horietakoa da. Nori ez zaio ezustean gurasoetako bat edo biak etxean azaldu, etxea edo bizitza hankaz gora duzunean? Hori gertatzen zaio Bucaresten lan egiten duen Ines gazte alemaniarrari. Langileak kaleratzen laguntzen duen kontsultora batean lan egiten du. Etxean duen familiarekin egoteko tartea ez duenez, Bucaresten azalduko zaio txakurra galdu berri duen aita. Baina aita-alaba harremana guztiz puskatuta, aitak pertsonaia asmatu beharko du alabari gomendioak emateko, bizitzan aldaketak egin ditzan.

Peter Simonisch aktore austriarra eta Sandra Huller alemaniarra ederki ari dira aita-alaba paperetan. Prentsaren saioetan, akreditatuak txalotan lehertu ziren hainbat pasartetan. Filmak sortzen duen giro onaren seinale. Ekipoarekin aurkezpenean, txalo zaparrada izan da. Berez dramatikoa izan ziteken film zoragarria umorez egin digu. Gure egunerokoan gertatzen zaizkigun eszenez beterik. Oso eta ondo landutako gidoiarekin hirugarren luze sendoa osatu du emakume zuzendari honek. Askoren esanetan Zinemaldiko filma da, ezbairik gabe. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Komedia, giro familiarreko eta zine berria maite dutenek.
Eta Cannes estrenaldirako lekua izaki, Steven Spielbergek Walt Disneyrako egindako azkenak hemen izan du medioen arreta. Lehiaz kanpo, “The BFG“ umeentzako filma estreinatu du zinemaren Midas erregea jotzen denak. Roald Dahlen ipuin baten bertsioa da Spielbergek ekarri diguna. Sophia deritzan umezurtz batek Big Fat Giant erroldaiarekin topo egiten du. Neskatoa bahituko du erraldoiak euren arrazaran berri emango ote duen beldur. Baina bahiketak uste baino gehiago aldatuko du erraldoien bizitza. Ruby Barnhillek jokatzen du Sophieren papera eta erraldoiaren gorputzean, Oscarra berriki lortutako Mark Rylance aktoreak. Familian ikusteko menturazko film dibertigarria eta oso ondo egina. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Haurrek eta umeekin zinea ikustea gustuko dutenek.
Please comment with your real name using good manners.