CANNESetik
Eta Dumontekin barre-algarak iritsi dira Canneseko Lumiere aretora, Sail Ofizialeko areto nagusira. Berantiarra da Iparreko Frantzian sortutako zuzendari hau. 38 urte zituela zuzendu zuen bere fizkiozko lehen luzea Bruno Dumontek: “La Vie de Jesus” (1996). Cannesen, “La Quinzaine des Realisateurs” ezagunean aurkeztu zuen eta saria jaso. Hurrengo filmeekin “L’Humanite” eta “Flandes”ekin Grand Prix sari bana jaso zuen Sail Ofizilean. Iaz “Le P’tit Quentin” serie labur barregarriak txalo asko jaso ondoren -Donostia Zinemaldian ere ikusteko aukera izan genuen- asko espero genuen. Eta Dumontek ez du hutsegin.

“Ma Loute“ filma Lehenengo Mundu Gerra atarian girotu du Dumontek. Ingeleseko tituluarekin bat eginez, Slackeko Badian, Mantxako hondartzan hainbat turista desagertzen hasten dira. Ipar Frantziako turistak dira. Desagerketa horiek argitzeko Machin eta Malfon inspektoreak etorriko dira Calaisetik. “Le P’tit Quentin”eneko pertsonaiak gogora ekartzen dituzte. Badia horretan, arrantzale auzunean, Brefort familia bitxia bizi da. Badiaren goikaldean Van Peteghemen udako etxea dago. Euren artean ezkondu den industrial familia baten etxea. Familia hori urtero etortzen da bertara. Eta aurten, desagerketa giro horretan, Brefortarren seme nagusiaren eta Van Peteghemen neskaren artean harremana sortzen da.
Film komikoaren itxuraz, Dumontek gai gordintzat jo direnak jorratzen ditu: kanibalismoa, inzestoa, umeen jazarpena … eta trasbestismoa ere. Koloreak biziki azpimarratu dituzte fantasia giroa areagotuz. Juliette Binoche, Valeria Bruni Tedeschi eta Fabrice Luchini paper komikoetan ikustea bitxia suertatzen da (Luchinik jolas giro hori Cannesen prentsaren aurreko argazkietan erabili du gainera). Batzuen aburuz Binoche eta Luchini histrioiegiak dira. Une askotan oso dibertigarria iruditu zait, baina tarteka gehiegikeriak gogaitu nau. Hala ere orain arte ikusitakoen artean gehien gustatu zaidana. NORK IZANGO DU GUSTUKO? “Amelie”, Wes Andersonen filmak eta horrelakoak gustuko dituztenek.

Eta fantasiatik errealismora. Ken Loach bueltatu da Cannesera, bueltatu da zinera. Inoiz joan bada. 80 urte betetzear dagoen zuzendari britaniarrak erretiroa hartuko ote zuen zurrumurruak zeuden duela bi urte. Baina Paul Laverty gidoigileak lortu du “I, Daniel Blake“ filmaren gidoia pantailara ekartzea. Cannesen 18garren aldian, 13garrena Sail Ofizialean, Loachek ohiko zine sozialari heltzen dio. Langile klaseko pertsonai maitakorrekin.
Izenburuak, agiri ofizialak sinatzerakoan erabiltzen ditugun formulari egiten dio errefentzia. Eta horrela “red tape“, alegia burokrazian harrapatuta dagoen bati buruz ari da. Daniel Blakek 59 urte ditu eta bere bizitza eraikuntzan lanean pasa du. Orain bihotzeko arazo bat tarteko, lanik gabe geratzen da eta estatuari gaisotasun laguntza eskatuko dio. Baina estatubatuar konpainia pribatu baten esku dago laguntza horiek ematen dituen agentziak eta berauk laguntza ukatuko dio. Bere arazoa konpontzen saiatzen den bitartean bi seme alaben ama ezkongabe bat ezagutuko du. Londresetik iparraldera bizitzera etorri behar izan duena, estatuak iparraldean utzi baitio pisua. Azken urteetako gobernu britaniarrek administrazioan egindako hustuketa azpimarratu nahi izan du Loachek. Bere ohiko estiloarekin: ohiko langile klaseko protagonistek. Dave Johns eta Natalie Ann Jamieson aktoreak oso ondo daude. Istorioa agian sinplistegia, hasieratik asmatzen duzuna. Hainbat topikotan jauzi da gainera Loach. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Zine soziala gustuko dutenek.
Erbestea abandonatzea da, bakarkade beldugarria. Horrela dio Kanbodian jaio baina Frantzian babes hartu zuen Rithy Panh zuzendariaren azken proposamenaren iragarkiak. “Exile“ (Erbestea) Sail Ofizialean lehiaz kanpo, saio berezietan, programatu dute. Jemere Gorrien erregimenaren biktima da Panh. Familia hiltzen ikusi zuen Pol Potek erregimenak eragindako neke eta gosearen ondorioz. Azkenean Panhek Tailandara ihes egin zuen eta Frantziara iristea lortu. Horrek markatu du Panh eta bere zinea. Hasi “21, La machine de mort Khemere Rouge” edo “Duch, le Maître des forges de l’enfer” dokumentaleetatik edo gertuagoa Oscar sarietara izendatuta egon zen “L’image manquante”raino. Familia eta bere haurtzaroa hil zuen Pol Pot erregimenarekin kontu-garbitzea dirudi Panhen zinea. Eta orain hori osatu du, agian bere dokumental pertsonalenean.

Genozidio irudikatzeko irudirik ez zuenez, panpinak erabili zituen “L’image manquante”n. Oraingoan bere ihesa nola izan zen irudikatzeko birsortze bat egin du. Estudio batean sortutako etxola baten gizon bat jarri du. Panhek berak pairatutakoa irudikatzen. Aldi berean, Pol Pot erregimena baino lehen eta ondorengo artxibo irudiak erabili ditu. Eta tartean, besteak beste, Mao Tse Tungen, Octavio Pazen eta Baudelaireren testuak. Esan bezala agian bere lan pertsonalena, urteetan kontatzeko prest izan ez dena. Pena, agian, ez besteak bezain borobila izatea. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Rithy Panhen zaleak bagara bakan batzuk.
Larunbatean, asiar zinearen lehen lehiakidea 69. edizio honetan eta lehen emakumea. Park Chan-Wooken “Mademoiselle“ korearra eta Maren Ade alemaniarraren “Toni Erdmann“. Eta nola ez, Spielbergen azkena, lehiaz kanpo.
Please comment with your real name using good manners.