CANNESetik.
Et c’est parti. Lehiaketaren dantza hasi da eta lehena pistara iristen Alain Guiraudie frantziarra izan da. Duela hiru urte, Cannesen, “Un Certain Regard” sailean, kritikaren txalo artean, aurkeztu zuen “L’inconnu du lac” filma. Orain ate guztiak zabaldu dizkio Zinemaldiak eta “Rester Vertical“ (Staying Vertical) filmarekin Urrezko Palmaren bila arituko da.
Zine gidoilari bat, inspirazio bila, mendira doa eta bertan artzain emakume bat ezagutuko du. Emakumearekin harreman bitxia izango du eta ondorioz umea jaioko. Gizonak hartuko du umearen zaintza. Baina lanean eta bizitzan duen desorekak eragina izango du. Naturak erakarritako mutil baten menturak dira. Tarteka ipuin mitologiko baten zantzuak hartu dizkiot: istorioan agertzen dira faunoak, satiroak, antzain emakumeak, … Plano esplezituegiak tarteka, eskena deigarriak eta irriparra sortzen duten uneak. Ez dut oso gustukoa baina. NORK IZANGO DU GUSTUKO? Donostia Zinemaldira ekatzen badute Sebastian Saria jasotzeko hautagaia izan daiteke.
Egun hain indartsu dagoen zine errumaniarrak bi zuzendari sartu ditu Canneseko Sail Nagusian. Gaur lehena lehiatu da. Cannesen izena du Cristi Puiuk. 2005ean “Un Certain Regard” irabazi zuen “La muerte del señor Lazarescu” filmarekin, bost urte beranduago berriz lehiatu zen sail horretan “Aurora” filmarekin.

Orain Sail Ofizialean aritzen da estrainekoz gurean errakuntza sortu dezakeen izenburuarekin, “SieraNevada“ izenburuarekin. Patriarkaren heriotzaren urteurrenean familia biltzen da, berau gogoratzeko. Eta “aldi berean ulertu ez dezaketen samin bati aurre egiteko“, zuzendariaren esanetan. Ia 3 orduko filma etxe horretan girotzen da. Horrek ezinegoa sortu dezake, nahiz eta Puiuk maisuki zuzendu guztia. NORK IZANGO DU GUSTUKO? drama familiarra eta zine errumaniarra maite dutenak.

Lehiaz kanpo, Hollywooderako tartea. Atzo Woody Allenen azkenena, “Cafe Society”n landutako irudia askok azpimarratzen dutenean, lehiaz kanpo beste “produktu amerikarra” dastatzeko aukera. Cannesen “Taxi Driver” eman zela 40 urte betetzen direnean, filmak ezaguna egin zuen neskatoa, Jodie Foster, berriz dago Zinemaldian. Lehiaz kanpo zuzendu duen “Money Monster“ aurkeztu du, alboan, filmeko bi protagonistak zituela: George Clooney eta Julia Roberts. Clooneyk jokatzen duen pertsonaiak telebistan burtsari buruzko saio bat du. Errealizadore (Roberts) ona baten agindutara lan egiten du. Ikuskizun saioa baina guztiz aldatuko da, aurkezlearen gomendioei kasu eginez dirua galdu duen gizon bat estudioan pistola eskutan sartzen denean.
Thriller dibertigarria osatu du, emakume paper indartsuekin, baina hasieran ezusteko kolpeak behin eta berriz erabilita azkenean guztiz aurreikusten ditugu kolpe horiek. Gainera arinkiegi tratatzen ditu krisi ekonomikoa, burtsaren burbuila, zabor telebista, eta antzeko gaiak. Espainian uztailaren 8rako du estrenaldi data. NORK IZANGO DU GUSTUKO: thriller ekonomikoa eta zinera une dibertigarria pasatzera nahi dutenak.
Please comment with your real name using good manners.