Ohikoak baino zorrotzagoak izango omen diren segurtasun neurrien artean gaur abiatzen da agian munduko zinemaldirik garrantzitsuena. Kopuruak zenbatzea baino ez dago. Bere orrian esaten duten moduan “Canneseko merkatua zine industriaren zita garrantzitsuena da ia 10.000 profesionalekin (3.200 ekoizle, 2.300 banatzaile, 1.500 erosle eta 790 zinemaldi programatzaile)“. Prentsako datuak ere garrantzitsuak. 90 herritako ia 4.000 kazetari akreditatuak. Osotara gaur hasi eta maiatzaren 22rarte 45.000 lagun ibiliko da berez txikia den Cannes hiri mediterraneoan. Askok zine izarrak ikusi nahirik etorrita.
Eta lehen izarrak jada Cannesen dauden epaimahaiak osatzen dituztenak eta zinemaldiaren 69. edizio hau zabalduko duen “Café Society“ filmaren zuzendari eta aktoreak. Ia urtero pelikula egiten du Woody Allenek. Eta ia urtero Cannesen aurkeztu. Hamalaugarrenez, lehiaz kanpo, New Yorkeko zinegileak filma estrenatuko du zinemaldi honetan. Gainera hirugarren aldia da zinemaldia zabaltzen duela – hori egiten duen lehen zuzendaria bilakatuz. Film berri honetan 1930eneko hamarkadako Hollywooden erretratua egin du Allenek. Kuriosoa da bi zinemaldi handiek, Berlinek eta Cannesek, biek Hollywodeko urrezko aroen oihartzuna ekartzea. Coen anaiek 1950eneko hamarkada irudikatu dute Berlinale zabaldu duen “Ave, Cesar” filmean. Allenek berriz II Mundu Gerra aurretiko epea hartu du. Filmean egungo Hollywoodeko izar berriak dira protagonistak: Jesse Eisenberg eta Kristen Stewart. Biak Allenekin batera izango dira gauen alfonbra gorrian. Stewartek gainera bitan egin beharko du bidea. Lehiaketan dagoen Oliver Assayas-en “Personal Shopper”eko protagonista baita.
Alfonbra gorritik pasako dira ziurrenik George Clooney eta Julia Roberts Jodie Fosterrek zuzendu duen “Money Moster“eko protagonistak, Robert de Niro “Hands of Stone” filman boxeo entrenatzaile paperean edo Mel Gibson “Blood Father“eko protagonista. Hiru filmak Sail Ofizilean lehiaz kanpo sartu dituzte. Baita sartu ere Iggy Popen taldeari buruz Jim Jarmuschek egindako “Gimme Danger“ dokumentala. Punken izarra Cannesen ikusiko dugu eta baita zinemaren Midas erregea deitu izan dena, Steven Spielberg. Zuzendariak “THE BFG“, erraldoi maitagarri bat protagonista duen Roald Dahlen ipuina irudikatu du Walt Disney konpainiarako. Bera ere lehiaz kanpoko saio berezietan sartuko dute.

Ez dira izarrak faltako ere Sail Ofizilean lehian dauden 21 filmeetan ezta Canneseko zinemaldiko beste hainbat saileetan. Urrezko Palmondoaren bila izango diren 21 filmeen artean ustekabe gutxi egia esan. Ohikoak esan genezake. Allen bezala, 80 urte inguru duten Ken Loach britaniarra eta Paul Verhoeven izango dira. Holandarrak estrainekoz frantsesez zuzendu duen filmarekin lehiatzen da lehenengo aldiz Sail Ofizilean, Isabelle Huppert aktorea alboan duela. Dardanne anaiak, Pedro Almodovar, Nicolas Winding Refn eta Xavier Dolan jada zinemaldiko ohikoak bilakatu dira. AEBko zine independienteen adibide Jim Jarmusch eta Jeff Nichols eta aspaldiko partez zuzendari lanetan, Sean Penn. Bi Errumaniar zuzendari – Cristi Puiu eta Cristian Mungiu izango dira lehian. Eta Asiar zinemaren hiru ordezkari (Brillante Mendoza filipinoa, Chan-Wook Park korearra eta Asghar Farhadi irandarra) eta Latinoamerikako bakarra (Kleber Mendonça Filho). Ohiko partehartze frantsesean laukotea: Bruno Dumont dibertigarria, Alain Guiraudie bitxia, eskarmentu handiko Oliver Assayas eta Nicole Garcia. Aktorea ere dena lehian izango diren hiru emakumeetako bat da. Bestea Andrea Arnold ingeles bitxia eta Maren Ade alemana.
Horiek epaitzeko iaz Cannes hanka gora jarri duen zuzendaria, Mad Maxen George Miller australiarra izango da epaimahaiaren burua. Berarekin iaz ere gustu ona utzi zuen Arnaud Desplechin zuzendari frantsesa, Kirsten Dunst aktore estatubatuarra, Valeria Golino aktore eta zuzendari italiarra, Mads Mikkelsen aktore daniarra, iazko ustekabea izan zen Lászlo Nemes zuzendari hungariarra, Vanessa Paradis aktore eta ekoizle frantziarra, Katayoon Shahabi ekoizle irandarra eta Donald Sutherland aktore kanadiarra izango dira. Canneseko Zinemaldiaren berezkoak diren beste hiru sailetan emakumeak daude epaimahai buru: Naomi Kawase zuzendari japoniarra (Cinéfondation eta Film Laburrak), Marthe Keller aktore alemana (Un Certain Régard) eta Catherine Corsini zuzendari frantziarra (Caméra d’Or).
Azken 6 urteetan ezarritako ohitura bilakatu da. Ohorezko Urrezko Palmondoa ematen hasi dira eta berau aurten Jean-Pierre Léaud aktore frantziarrak jasoko du. François Truffautek eman zion bere lehen papera “400 kolpeak“ (Les 400 Coups) filmean. 14 urte zituen Cannes dibertitu zuenean. (espontaneo). Truffaurekin hainbat film egin ondoren, Jean-Luc Godard, Bernardo Bertolucci eta Aki Kaurismakirekin, besteak beste, egin du lan. Saria azken igandean jaso aurretik, hurrengo ostegunean, egin duen azken pelikulan ikusiko dugu. Frantziako Eguzki Errege ezizenez ezagutu zena da “La Mort de Louis XIV“ filmean, Albert Serra katalanak zuzendu duen azkena.
Azken hilabeteetan Parisen eta Bruselan izandako erasoek segurtasun alerta gorenean jarri dute Frantzia eta Canneseko Zinemaldiak ere nabarituko du. Ohikoa da Zinemaldiaren ateetan boltsak eta kazetari zein industria langileak arakatzea. Aurten beldur naiz neurriak gehiago zorroztuko ote diren eta ikusteke dago jada hainbat zine emanaldietarako jada luzeak izaten diren iladak konplikatuagoak izango ete diren. Espero dezagun zinea gozatzeko beta izatea, eta segurtasunak ez galaraztea.
Please comment with your real name using good manners.