Giza Eskubideen Zinemaldia klasikoa bilakatu da. Ostiralean salgai jarri ziren 150 abonamenduak astelehenerako agortuak zeuden. Bono horiei edo sarrera solteei probetxu ateratzeko, hona hemen ostiralean hasiko den zinemaldirako hainbat gomendio.
Hasteko Zinemaldia ofizialki zabalduko duen filma. Martin Zandvliet zuzendaria daniarraren “Land of Mine” (Under Sandet) filma Toronton estrenatu ondoren, Rotterdamen eta Xixonen saritu zuten. II. Mundu Gerraren bukaeran girotutako film bat da. Gerra amaituta Danimarkan geratzen diren soldadu daniarrak konzentrazio eremu batean giltzaperatzen dituzte. Nazien pean jasandako gehiegikeriengatik mendekua hartu nahi dute daniarrek. Baina ezusteko batek buelta emango dio egoerari. Gerra presoei eskainitako tratu (des)egokia izenburupean jarriko dute zinemaldian.
Zinemaldia datorren asteko ostiralean itxiko duen “Fatima“ filma ere oso gomendagarria da. Azken César sarietan Frantziako Zine Akademiaren hiru iruditxo, besteak beste Film Onenaren Cesarra, lortu zituen. Aljerian jaiotako Philippe Fauconek herri horretatik, Aljeriatik, Frantziara bi alabekin etorritako emakume baten egunerokoa pantailaratu du. Ze lan pairatuko duen bi alabak hezitzeko eta nola erantzuten dioten hauek Frantziari kontatu digu, esan bezala, Frantzian kritikaren arrakasta lortu duen filmak.
Etorkinen egoera izango da gai nagusia zinemaldi honetan. Migrante zaharren eta gaurko iheslarien errealitatea islatuko da. Horien artean aipatzekoa, astelehenean emango duten fikzioa. Iaz nahiko oihartzun lortu zuen Jonas Carpignanok zuzendutako “Mediterranea“ filmak. Cannesen estreinatutako pelikulak oraingoz 10 sari jaso ditu. Burkina Fasotik Italiara etorritako bi etorkinen erretratua egiten du. Eta Europak uste baino okerrago tratatzen dituelako ikusiko dugu. Ez fizkiozko beste filma bat ere gomendatu behar dugu gai honen inguruan. “Ciutat Morta” dokumental ezagunaren egileek, Xabier Artigas eta Xapo Ortega Marc Serrarekin batu dira “Tarajal: Desmontando la Impunidad en la Frontera Sur“ sortzeko. Ceutan, Tarajelko hondartzan 2014ean otsailean gutxienez 15 etorkin nola eta zergatik hil ziren aztertu nahi du. Larunbatean eskainiko da.
Beste zinemaldi batean ikusi dutenek biziki gomendatu digute “Among the Believers“ dokumentala. Zinemaldiz zinemaldi ari da Pakistango Mezkita gorrian urte batzutan filmatutako pelikula hau. ISIS erakundearen jarraitzaile eta talibanen aliatu den Abdul Aziz Ghazik Pakistango gobernuaren aurka borroka hasi zuen duela urte batzuk. Sharia edo Lege Islamikoa inposatu nahi du Pakistan osoan. Eta horretarako mezkitetan izaten ohi diren madrasen, korana irakasteko eskolen sareaz baliatzen da. Yihaderako prestatzen ditu eskolaumeak. Hemal Trivedik eta Mohammed Ali Naqvik egindako dokumentalak hainbat sari jaso ditu jada.
Frantzian fenomeno mediatikoa izan da. “Demain” (Mañana) titulupean Cyril Dion-ek eta Mélanie Laurent aktoreak azterketa katastrofiko bati buelta eman nahi izan zioten. Gaurtik hasi eta 2100. urte bitartean, gizaki asko desagertzeko zorian zeudela zioen txosten batek. Hori aztertzeko lau laguneko talde batekin batera, hamar herrialdetan euren ikerketa egiten hastea pentsatu zuten. Euren bidaian zehar nekazaritza, energia, ekonomia, demokrazia eta hezkuntza berriro asmatzen ari ziren aitzindariak ezagutu zituzten. Zenbait lekutan jada abian jarri diren eta funtzionatzen dutela ikusi den ekimen zehatz eta positibo hauek praktikara eramanez, etorkizuneko mundua nola izan zitekeen jabetzen hasi ziren. Igandean emango dute eta kontsumo arduratsuaren inguruko solasaldi bat izango da ondoren.

Eta Frantzian sortu zuen Rithy Pahn kanbodiarrak nik biziki gomendatzen dizuedan harribitxia. “La France est notre patrie“ telebistarako egindako dokumentalean Pahnek kolonialismoaren erradiografia egiten du. Zuri beltzean, artxibo irudiak erabiliz, soinu banda zoragarri batetan kulukantuz irudiak. Ez dago esataririk. Hitz bakarrak, zine mutuko kartoi batzutan agertzen direnak. Baina duen ironiak pantailara itsatsita eusten zaitu. Iaz Biarritzeko FIPAtik Sevillara salto egin zuen dokumentala eta handik berriz Biarritzetik gertu, Donostiara etorri da Giza Eskubideen XIV. Zinemaldi honen altxorretako bat izateko.
Please comment with your real name using good manners.