Donostiak Europako Hiri Kultura dela jada urteroko kultura agendan gorriz markatutako zinemaldian ere nabarituko da. Horrela bi ekitaldi bereziak ospatuko dira Giza Eskubideen Zinemaldian: Human Rights Film Network Forum europarra egingo da eta Giza Eskubideen Zinemaldiko Nazioarteko Gazteen Topaketa. Horrekin batera ohiko programazioa: aurten 33 film luze, 23 film labur eta 5 erakusketa izango dira apirilaren 15tik 22ra.
Martin Zandvliet zuzendaria daniarraren “Land of Mine” (Under Sandet) (2015) filmak inauguratuko du apirilaren 15ean, ostiralean, Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia. Toronton estrenatu ondoren, Rotterdamen eta Xixongo zinemaldieetan publikoaren saria jaso du II. Mundu Gerraren bukaeran girotutako film honek. Gerra amaituta Danimarkan geratzen diren soldadu daniarrak konzentrazio eremu batean giltzapetzen dituzte. Nazien pean jasandako gehiegikeriengatik mendekua hartu nahi dute daniarrek. Baina ezusteko batek buelta emango dio egoerari. Gerra presoei eskainitako tratu (des)egokia izenburupean jarriko dute zinemaldian. Zuzendu duen hirugarran film luze honek Hollywooden ateak ireki dizkio Zandvlieti.
Azken César sarietan Frantziako Zine Akademiaren hiru iruditxo, besteak beste Film Onenaren Cesarra, lortu zituen “Fatima“ filmak itxiko du Zinemaldia hurrengo ostiralean. Aljerian jaiotako Philippe Fauconek herri horretatik, Aljeriatik, Frantziara bi alabekin etorritako emakume baten egunerokoa pantailaratu du. Ze lan pairatuko du bi alabak hezitzeko eta nola erantzuten dioten hauek Frantziari.
Ez da migranteen egoera jorratuko duen film bakarra. Lehiaketan daudenen artean Jonas Carpignanok zuzendutako “Mediterranea“ dugu. Cannesen estreinatu zen filmak 10 bat sari jaso ditu oraingoz eta Burkina Fasotik Italiara etorritako etorkin baten erretratua egiten du. Haurren ezkontza gaia jorratzeko “10 urte eta dibortziatuta“ Yemenen egindako filma ikusiko dugu. Film ikusten den egoera jasan zuen Khadija Al-Salami zuzendariak. Eta pobrezia energitikoa girotzeko “Gente di Bagni“ emango dute. Stefania Bona eta Francesca Scalisi zuzendariek bainu publikoak erabiltzen dituzten lagunak filmatu dituzte.
Zinemaldian ohikoak diren zuzendarien azken lanak ikusteko aukera izango dugu. Armeniarren genozidio eta borroka kontatuko digu “Zoroen istorio bat“ (Une Histoire de Fou) filmean jatorriz armemiarra den Robert Guédiguian zuzendari frantziarrak. Armeniar disporara ere hurbilduko digu Juanmi Gutierrez errenterriarak “Oihalak Adarretan“ filmarekin. Eta Rithy Pahn kanbodiarrak iaz Biarritzeko FIPAn aurkeztu zuen “La France Est Notre Patrie” eskainiko du egunotan. Kolonialismoaren inguruko film hau biziki gomendatzen dizuet. Erronka formal arriskutsua du.
Zinemaldiak hainbat gaien inguruan solasaldia egiteko aukera ematen digu. Aurten besteak beste, hainbat zinemaldietan arrakasta izaten ari den “Among the Believers“, madrasak eta yihadismoaren inguruan egindako filma izango da solasaldietako gai bat. Ceutan etorkinen zentroaren inguruan hitzegiteko Xavier Artigasek, Xapo Ortegak eta Marc Serrak egindako “Tarajal, Desmontando La Impunidad de la Frontera Sur“ filma emango dute. Eta emakumeen salerosketaz hitzegiteko Rocio Mora aktibista eta Mabel Lozano zuzendariak hitzegingo dute “Chicas Nuevas 24 horas“ filma eman ondoren.
Lehiaketan dauden 18 film dira Publikoaren Saria eta Amnesty Internationalek ematen duen sarietara hautagai. 150 gazteen epaimahai batek 17 film laburren artean aukeratu behar dute. Filmen eskaintzan ez da lehiaketan amaitzen. Datorren astean kultur etxeetan bost film eskainiko dira. Lugaritzen filma aurkezteaz gain, “Hemen Here“ egitasmoa eskainiko da.
Zinemaldiak azken urteotan ematen duen saria Tony Gatlif frantziarrak jasoko du. 1948an Aljerian jaio zen zuzendari ijito hau. Ijito-herriaren kronista ofizial bihurtu da bere ibilbide zabalean. Aktorea, gidoilaria, musikaria eta zuzendaria, hirurogeiko hamarkadaz geroztik Frantzian bizi da. Bertan, 1975. urtean, La Tête en ruine izeneko bere lehen film luzea zuzendu zuen. Oraindik ez da estreinatu. Beranduago, Aljeriako gerrari buruzko La Terre au ventre (1978), eta Granadan eta Sevillan filmatutako Corre gitano (1981) –ijitoen kulturara egindako lehen hurbilketa– pelikulak egin zituen. 1992an bere pelikula garrantzitsuenetako bat egin zuen, Latcho Drom dokumentala –ijitoen musikari egindako benetako omenaldia–. Lan honekin Cannesko Zinemaldian hartu zuen parte. Gatlif omentzeko 1997an zuzendu zuen “Gadjo dilo“ (El Extranjero Loco) filma jarriko dute.
Please comment with your real name using good manners.