Lizeo Antzokian Zine-Klub Gernikak egiten ohi dituen saioak denboraldi honi dagokionez maiatzean bukatuko dira. Iaz eta aurten Oscar sarietan hautagai izandako film batzuk programatu dituzte denboraldia indartsu bukatzeko.
Iaz Cannesen kritika txunditu zuen filma, “El Abrazo de la Serpiente“, emango dute bariku honetan. Colombiak Oscar sarietara aurkeztu eta azken txanpan egon zen pelikulak “Quinzaine des Réalisateurs” zinemaldi paraleloan saria jaso zuen. Ciro Guerra zuzendariak zuri beltzean Amazoniaseko lehen esploratzaileak aurkeztu digu eta chamanekin topo egin zuten denborarekin. Kasu honetan protagonista Karamakate da, Amazoniako xaman boteretsu bat, oihanaren sakonean nahi duelako isolaturik bizi dena. Evan etnobotanikoa iristen denean galdutako amets ahalmenaren bila joango dira.
Duela bi urte Estoniak “Mandarinas“ bidali zuen Oscar sarietara. Ez zuen irabazi baina hor izan zen finalisten artean. Zaza Urushade georgiarrak Georgia eta Abjasia arteko independentzia gerran girotu du istorioa. Duela 20 urte gertatutako pasarte batetik tiraka egiten du, baina unibertsal eta denbora gabe horietako diren istorioa. Jatorriz estoniarra den Ivo gerra atarian Georgian geratzea erabakitzen du mandarinak jasotzearren. Etxetik gertu bi soldadu zauritu jasoko ditu: bat Georgiaren alde borrokan, bestea Abjasia libre baten alde. Biak sendatu arte zaila izango da elkarbizitza. Datorren ostegunean, gaueko 20:30tan, emango dute filma.
Canneseko film onenen artean zegoen Laszlo Nemes hungariarrak zuzendutako lehen film luzea. Hungariar zinemaren izen handienen, Bela Tarr zuzendariaren laguntzaile bisita txartelarekin iritsi zen Nemes Cannesera. Besterik ez. Edo agian txartel ezinhobea, bere “Saul Fia“ (Saulen semea) filmak kritika harrapatu baitzuen. Juduen holokaustoaren beste begirada bat da. Saulek, nazien menpe, sarraski eremu batean lan egingo du, urkoak “garbitzen”. Bat batean ustez semea duena ikusiko du. Kamara sorbaldan, plano motz askorekin, giro klaustrofikoa sortu du Nemesek. Askoren ustez Donostian FIPRESCI saria izan behar zuen. Baina “Mad Max“ek kendu dio ohore hori. Atzerriko hizkuntzan egindako Oscar sariaren aurtengo garaile da “El Hijo de Saúl” hau. Datorren ostiralean ipiniko dute.
Eskoziako BAFTA sarietan Pelikula Onena eta Zuzendari Onenaren sariak jaso zituen besteak beste “Starred Up“ (Convicto) 2013an. Gartzela girotutan, Eric Love, 19 urteko gaztea erreformatorio batetik helduen gartzela batera eramango dute. Han urte luzez preso dagoen aitarekin topo egingo du. David Mackenzie zuzendari finaren pean oso film interesgarria. Apirilaren 29an emango dute.
Eta Cannesen aurkeztu zen batetik hasi bagara, Cannesen ere estrenaldi mundiala izan zuen batekin bukatuko dugu. Lehen filmak biltzen ohi dituen “Un Certain Regard” sailean lehiatu zen “Nahid“ filmarekin amaituko baitute Zine-Klub Gernikakoek denboraldia maiatzaren 6an. Ida Panahandeh zuzendariak Iranen kontaezina ematen duen istorioa dakarkigu. Hamar urteko semearekin bizi da Nahid, emakume dibortziatu bat. Legeak dioenaren kontra aitak semea utzi dio berriz ez ezkontzearen baldintzapean. Guztiz maite duen gizon bat aurkitzen duen arte. Emakume zuzendari honen lehen lanak Cannesen “Un Certain Regard” saria eskuratu zuen beste film batekin batera. Eta Bratislavan eta Chicagon ere saritu zuten.
Please comment with your real name using good manners.