Erdibana euskal produkzioak, erdibana Europako beste herrietatik etorritakoak. Horrela laburtu daiteke FAS Zineklubak apirilerako osatutako egitaraua. Euskal film luze batek zabaldu behar du hilabetea, euskal film laburren maratoi batek itxi. Tartean, Oscar saria jaso berri duen dokumental britaniar bat eta klasiko italiar bat.
Donostia Zinemaldiko Sail Nagusian lehiatu ondoren, Erroman, Kaliforniako Santa Barbaran, Mexikoko Guadalajaran ibili zen, eta orain Teheranera doa “Amama“ filma. Ayatollen erregimenan ikusi aurretik baina Bilbon FAS zineklubean eskainiko dute Asier Altunaren lana. Altunak oso gertutik ezagutzen duen errealitate bat, baserria, eta bertan gerturiko aldaketa erretratzen du. Herriaren sustraiekin lotzen gaituen zilborestearekin moztear dagoen belaunaldi berri bat erretratzen du. Asteartean eskainiko dute 19:45tik aurrera.

Eta garai batean Europear “guapo” ofizialak ikusteko aukera eskainiko digute apirilaren 12an. Vittorio Gassmann eta Jean-Louis Trintignant Dino Rossiren agindupean jarri ziren 1962an “Il Sorpasso“ errodatzeko. Gassmann 40 bat urteko “bonvivant” bat da. Abuztuan Erromako berotik ihes egin nahi du eta bidaian jarri aurretik, ezagutu berri duen ikaslea (Trintignant) gonbidatuko du. Espainolez “La Escapada” izenez ezagutu ohi dugun filmak sari batzuk eskuratu ditu, egun kultoko fimatzat jotzen da eta italiar komediaren adibideetako bat. Gidoian Ettore Scolak parte hartu zuen eta antzeztaldean, Catherine Spaak aktore frantziarra ere dago.
Apirilaren 19an, Amy Winehouse hildako abeslariaren inguruko dokumental lazgarria jarriko dute. Asif Kapadia zuzendari britaniarrak jada ospea lortu zuen Ayrton Sennaren inguruko dokumental batekin. Iaz kritika eta publikoa txundituta utzi zuen “Amy“ filmarekin. Etxeko bideo artxibo ezezagun asko erabiliko ditu, kantariaren ingurukoen kontra egiteko. Cannesen aurkeztu ondoren, aurten dokumental onenaren Oscar saria jaso du.
Eta hilabetea bukatzeko, apirilaren 26an, jada ohikoa bihurtu den ikustaldi-omenaldia. Aitzol Aramaio zinegilea 40 urterekin hil zen. Berak esaten ohi zuen “FAS zineklubean ikasi zuela zinea maitatzen“. Gauzak horrela ondarrutarra omenduz urtero antolatzen den film laburren lehiaketa programatzen dute Bilboko zineklubean. Eta aurten ez dute hutsegingo. Laugarren edizioan, Oskar Alegríaren bi azken lanak, “Galtzerdi Berdeak“ eta “Margodantza“, David P. Sañudoren “Artificial“ (Aitor Mazo zendua protagonista duena) eta Ander Parodyren “Inausketa” izango dira. Horiekin batera, Kimuak-eko katalogoan dauden David Gonzalezen “5 segundos“ eta Iñigo Salaberriaren “Luz a la Deriva“ jarriko dituzte. Hautaketa borobiltzeko Sonia Estévez eta Ainara P. A. zinegileen lanak “Abiadura” eta “Lobito bueno, bruja hermosa” emango dituzte.
Please comment with your real name using good manners.