Nabaritzen da opor giroan sartuta gaudela. Inoiz baino estrenaldi gehiago ditugu gure karteldeegietan, film aste laburra izango da – datorren asteazkenean kartelera aldatzen baita – eta animazioa zein umeentzako film asko ditu gure pantaileetan gaurtik hasita.
Australiako kostaldean gertatu zen pasadizo bat oinarri hartu dute “Oker“ filma egiteko. Pinguinoen erreserba batetik gertu bizi da Swampy Marsh baserritarra, Emily alabarekin, Olivia ilobarekin eta Oker txakurrarekin. Pinguinoak urritzen direla eta, erreserba izateari utzi behar du pinguinoen leku hori. Ondorioz, Oliviaren laguntzaz Oker txakurra trebatuko du pinguinoak babezteko. Oraingoz Donostiako Antiguo Berri zineetan emango dute bakarrik.
Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan berriz eskainiko da Isabelle Huppert protagonista duen komedia. “Luces de París“ filmean Huppert Normandian abeltzaintzan aritzen den emakumea da. Gizona guztiz lanean sartuta dagoen bitartean, bera ameslaria da. Semealabak etxetik joanda, hiru egun Parisera joatea erabakitzen du emakumea. Huppertekin batera Robert Guédiguian Marsellako zuzendariaren aktore fetitxea Jean-Pierre Darroussin ari da.
Normandia ere izenburuan, Espainiako zineetan gutxienez, Frantziatik datorren beste komedia honetan. Flauberten “Madame Bovary”ren erreferentziak aurkitu zituzten askok Posy Simmondsek egindako “Gemma Bovary” eleberri grafikoan. “The Guardian” egunkarian publikatzen hasi zen honetan Frantzian bizi zen britaniar baten bizitza kontatzen zuen. Orain Anne Fontaine zuzendariak zinera ekarri du horren mamia “Primavera en Normandía“ izenburupean. Gemma Artetonek antzezten duen Gemma Tate gazteari bere ezkontzaren inguruko zalantzak sortuko zaizkio iraganeko mutil laguna herrira itzultzen denean.
Eta senar emazte gazte batzuen bizitza goitik behera aldatuko da senarraren iraganeko lagun batek opariak uzten hasten denean. Iraganeko sekretu bat azalaratuko da horrela. Joel Edgertonek zuzendu eta antzeztutako “El Regalo“ filmak Sitgeseko zinemaldian saria lortu zuen. Hain zuzen aktore onenaren saria Edgertonentzat.
Herrira itzuliko dena, Parisen urteetan moda etxe nagusienetan ibili ondoren, Kate Winsletek antzezten duen jostuna. Australiako herri txiki batera bueltatuko da herritik bota zutenengandik mendekua hartzeko. Aldi berean Judy Davisek gorpuzten duen amarekin, gaixo dagoen amarekin, bakeak egingo ditu eta Liam Hemsworthek antzezten duen baserritarrarekin maiteminduko da. “La Modista“ Rosalie Hamek idatzitako eleberria zen eta pantailara ekarri du Jocelyn Moorhouse zuzendariak. Kritikak ez dira oso onak. Bilbon jatorrizko bertsioan ikusteko aukera dago.
Bahitutako neskeen drama kontatzen duen “Room” pelikula gure zineetan ikusgai dugun bitartean, antzeko istorioa dakarren beste bat datorkigu. “Calle Cloverfield 10“ filma thriller modura planteatu du Dan Trachtenberg zuzendari gazteak. Bere lehen film luzean, Trachtenbergek auto istripu bat duen neska baten istorioa kontatuko digu. Gaztea esnatzen denean etxe batean giltzapetuta aurkitzen da. John Goodmanek gorpuzten duen gizon batek zarratu du, eraso kimiko batetik salbatu duela esanez. Gezurra edo egia den jakin gabe, horrela hasten zaio ametsgaiztoa neskari.
Sacha Boran Cohen gaur eguneko komiko handienetako da. Britaniarrak estilo narras batean komedia bizkorrak egiten ohi ditu. “Agente contrainteligente“ filmean, Louis Leterrier zuzendariaren eskuetan jarri da, espia baten eta anaiaren istorioa kontatzeko. Mark Strongek antzezten duen MI6 espiak anai futbolzalea (Sacha Baron Cohen) duela jakingo du. Gainera narras samarra den anaia. James Bonden azken atalaren, “Spectre”ren, zantzuak aurkitu daitezke. Antzeztaldean Penelope Cruz ere dugu.
Gero eta animazio gehiago iristen da gure pantaileetara. Bitxia da baina bikoteka iristea. Vertigo espainiar banatzaileak Ghibli japoniar animazio etxe ezagunaren bi film dakarkigu aste honetan. Hiromasa Yonebayashik zuzendutako “El recuerdo de Marnie“ filma “Ghibli gotiko” bezala sailkatu dute. Ilargipean, musika ederrarekin, ekaitz giroa sortu dute Annaren istorioa kontatzeko. Oso lotsatia den neska osaba-izebarekin kostaldera joango da bizitzera. Han zingiren artean dagoen etxalde bat aurkituko du. Eta bertan Marnie gazte misteriotsua. Animaziozko film onenaren Oscar sarietara izendatu zuten.
Ghibli estudioen sortzaileetako batek, Isao Takahatak, zuzenduta dator “El cuento de la princesa Kaguya“ filma. Berau ere Oscar sarietarako izendatuta egon da eta Los Angeleseko kritikoen aburuz, animazio film onena. Duela bi urte, Canneseko Errealizatzaileen Astetik pasa ondoren, Toroto eta Donostia Zinemaldietan izan genuen ikusgai. Kaguya bambu enbor batean sortu den neskatoa da. Baserritar batek jasotzen du eta emakume eder batean bilakatzen da. Baserria utzi eta hirira joaten denean, denak liluratzen ditu. Bost senargai aberats eta zaldun aterako zaizkio. Ipuin eder hau eta aurreko filma jatorrizko bertsioan pantailaratuko dute Donostian.
Please comment with your real name using good manners.