Kore-eda, greziar ezkontza (2) eta superheroien lehiaketa, gaurko estrenaldiak

Aste Santua dela eta, aurreratu dira zine estrenaldiak. Horien artean, aipatzeko, Cannesen estrenatu eta Donostia Zinemaldian ikusitako film bat, Supermanen atal berria, zine erlijiosoa eta opor giroetako komedia pare bat.

Hirozadu Kore-Eda japoniarra maisutzat jotzen dute askok. Horrela azken urteetan bere film gehientsuenak hemen ikusteko aukera izan dugu. Iaz Canneseko Sail Nagusian lehiatu zen gaur estrenatzen den filmarekin: Nuestra hermana pequeña. Bere ohiko gaia: familia erlazioak jorratzen ditu. Aita hiltzen zaien hiru aizpeek aitaren laugarren alaba etxera ekarriko dute. Eta horrek sortutako giroaren inguruan narrazioa egin du Kore-edak. Donostia Zinemaldian Perlak sailean ikusi zen filma eta Publikoaren Saria jaso. Beti bezala duina, baina Kore-Edaren aurreko batzuekin alderatzen baditut, hau eskasago.

Duela hiru urte, komiki heroi ezagunenetako, Superman, gorpuztu zuen bikotea berriz erasoan. Zac Snyder zuzendariak eta Henry Cavill aktoreak atal berria dakarkigute. Honetan, beste superheroi bat, Batman gonbidatu dute. Batman vs. Superman: El amanecer de la justician Ben Affleck-ek jokatutako superheroiak Superman kontrolatu beharko du. Iritzi publikoak eztabaidatzen duen bitartean zein superheroi behar duten, biak lehian sartzen dira. Antzeztaldean besteak beste, Amy Adams, Jesse Eisenberg, Diane Lane, Laurence Fishburne, Jeremy Irons eta Holly Hunter aurkituko ditugu. Aurrekoa, “El Hombre de Acero” baina kritika hobeekin datorkigu gure aretoetara. Donostian jatorrizko bertsioan eta bikoiztua ikusteko aukera izango da.

Duela hamalau urte, greziar jatorriko Nia Vandalos aktore estatubatuarrak greziar topikoetan sustatutako filma idatzi eta protagonizatu zuen. “Mi Gran Boda Griega” filma arrakastatsu suertatu zen. Arrakasta horri zukua atera nahirik, Vandalosek suspertu du bere “greziar familia”. Mi Gran Boda Griega 2 filman familiaren sekretu bat azalaratzen da beste ezkontza batean, aurrekoa baina handiagoa den ezkontzan. Estatu Batuetako kritikoek gogor kolpatu badute ere, ikusi nahi dut. Aurrekoarekin ederki pasa nuen eta parrak botatzeko zinera tarteka joan nahi dudalako.

Iraganean Aste Santuan karteldegia film erliosoez betetzen zen. Nostalgikoei Resucitado datorkie Aste Santu honetan. Joseph Fiennes erromatar zenturoi agnostiko bat da. Jesusen gorpuaren desagerpena eta Jesus berpiztu delaren zurrumurruak ikertu beharko ditu. Kevin Reynoldsek zuzendatutako filmean hainbat aktore espainol aurkitu daitezke, besteak beste, Argentinan jaio baina txikitan Cristina Rota amarekin eta Juan Diego anaiarekin Espainian babes hartutako Maria Botto.

Aurtengo Césarretan Film Berrien sailean izendatu zuten O Los Tres o Ninguno filma. Kheironek idatzi eta zuzendutako filmak bere istorioa kontatzen du. Iranen jaio eta gurasoekin Frantziara etorritako ume baten istorioa. Europan errefuxiatuei mugak ixten zaizkien une honetan, Frantziaratu ziren errefuxiatu batzuen istorioa ikustea merezi du.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online