Sektorearen aspaldiko eskaera bat zen. Zinemaldi handi batean eta batez ere, Berlinalen, euskal zinemak erakusleiho propioa izatea. Azkenean, aurten, estrainekoz hori egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Zineuskadik (Eusko Jaurlaritzak eta euskal ekoizleen elkarte bik sortutako elkarteak). Basque Audiovisual izenpean leihoa zabaldu dute zine munduan Europan dagoen merkatu handienetako batean: Berlinaleko Europako merkatua erraldoian. Bestela ikusi aurtengo 66. edizioan, merkatu horren datuak: 489 erakusle eta 100 herritik etorritako 8.628 profesional izan dira, horietatik 1.568 nazioarteko erosle. Bertan elkarrizketatu ditugu Jara Ayucar eta Arkaitz Basterra, Basque Audiovisual stand-ean aritu diren langileak.

Bertaratutako profesionaleei gure ekoizpena saltzeko lehenik eta behin katalogoa osatu zen. “Ekoizleei galdetu zitzaien euren ekoizpena katalagoan agertu nahi bazuten. Ondoren euren produktuei buruzko informazioa eskatu zitzaien” dio Arkaitz Basterrak. “Osotara 33 proiektu azaltzen dira paperezko eta bideo katalogoan“, dio Jara Ayucarrek. “Proiektu batzuk garapenean daude, beste batzuk ekoizpenean, postprodukzioan eta guztiz bukatuta, azkenak” gehitzen digu. Katalogoa zabaltzen du esaterako Berlinale bukatu eta berehala Maider Oleaga zuzendaria Berlinen grabatzen hasi zen “Berlin Vanishing Point“ dokumentalak, Agirre lehendakariak Ameriketara joan aurretik Alemaniako hiriburuan ezkutatuta egindako ibilbidea irudikatzen duen dokumentalak.
Katalogoan agertuz gain, Berlinalera etortzeko gonbitea egin zitzaien ekozleei. “Esplikatu genien hemen egotearen garrantzia. Eta Arkaitzek eta biok filtroa egin gehien, beraien beharren arabera, zein erosle, zein zinemaldi eta abar egokitzen zitzaien produktu bakoitzari esan genien” dio Ayucarrek. Horren arabera Berlinen egin beharreko kontatuak prestatu zituzten. “Hamar bat produktore etorri dira. Gehienak hiru edo lau egun dira. Nahikoa da, lehen asteburua izaten baita potenteena” dio Ayucarrek. “Zitaz beteta etorri dira. Horietatik zeozer ateratzen den gero ikusi beharko da. Oraindik ezin da inpaktua neurtu” gaineratzen du hain zuzen hitzordu horiek antolatzen aritu den Ayucarrek.
Biek Zineuskadiren aterkia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute. “Ekoizle asko animatu dira Zineuskadi etorri delako” dio Basterrak. “Euskadin dirulaguntza gutxitu denez, euskal produktore asko orain koprodukzioen bila ari dira. Hemen beste herrietako instituzioekin gu, Zineuskadi, ibili gara kontaktuak egiten, koprodukzio horiek bultzatzearen alde“, gaineratzen du. “Lituaniako Film Centerreko zuzendariak gaur esaten zidan oso garrantzitsua dela eurentzat helbide bat izatea” dio Ayucarrek. “Badakite momentuan zita egitea ezin badute, norbaitera bidali dezaketela eta guk jasoko dugula. Kontaktu hori ez da galtzen“, gehitzen du. “Informazio puntua gara. Aurpegia jarri digute eta guk jarri diegu“, borobiltzen du Ayucarrek.
Please comment with your real name using good manners.