Emakume biren izen propioak, “Fatima“ eta “Marguerite“, gailendu ziren ostiralean, Frantziako Zine Akademiaren sari banaketan. Aljeriatik Frantziara etorritako etorkinak eta kantari kaskar batek César nagusiena eta sari gehien hartu zituzten. Launa sari izan zituzten “Marguerite” eta turkiar emakumeen egoera islatzen duen “Mustang“ filmeek. Césarren 41. sari banaketan galtzaile berriz, gizonezko izen propiodun izenburu bat: Cannesen Urrezko Palmondoa irabazi zuen “Deephan“ filmak ez zuen sari bat bera eskuratu, zortzi izendapen bazituen ere.
Etorkinen duintasun aurkitua. Horrela agurtu zuten hainbat komunikabidek Canneseko “La Quinzaine des Réalisateurs“ jaialdian “Fatima“ filmaren aurkezpena. Aita militar frantsesa izaki Marokon jaio eta lehen urteak Aljerian egindako Philippe Faucon zinegileak Frantzian etorkin askok bizitako egunerokoa erretratu nahi izan du. Gizonak utzi du Fatima, Aljerian jaiotako etorkina. Baldintza horietan oso desberdinak diren bi alabak hazi beharko ditu frantsesa menperatzen ez duen emakume honek. Film onenaren César jaso zuen ostiralean. Horrekin batera moldatutako gidoi onenaren saria eta Zita Hanrot gaztearentzat emakumezko aktore berriaren sariak eskuratu zituen. Akademiaren esanetan iaz Frantzian izan zen film onena izango da baina publikoak ez zion horrela eritzi: 300.000 sarrerak baino ez zituen saldu, film onenaren César saridun batek duen takilla txikiena.
Ostiralean sariak oso banatuak izan ziren. César gehien, launa, bi filmek hartu zituzten: “Marguerite” eta “Mustang”. Frantziak Oscar sarietara bidalitako “Mustang“ filma Canneseko “Quinzaine des Réalisateurs”en ere lehiatu zen. Turkian bost neskatok pairatuko duten etorkizuna kontatzen digu Frantzian bizi den Deniz Gamze Ergüven zuzendari turkiar gazteak. Sariak jaso eta jaso ari den filmak film berri onearen César irudia hartu zuen besteak beste. Bestetik, Xavier Giannoli zuzendaria XX. mende hasieran bizi izan zen Florence Foster Jenkins aberats estatubatuarrean inspiratu da. Foster ezaguna egin zen kantaldiak ematen bazituen oso gaizki abesten bazuen ere. Horri tiraka “Marguerite“ sortu zuen Giannolik eta filma Veneziako eta Sevillako zinemaldietan lehiatu da. Marguerite aberatsaren paperean zoragarri dago Catherine Frot. Eta horrela ostiralean banatzen zen azken saria, emakumezko aktore onenaren César eskuratu zuen, sail horretan bere zazpigarren izendapenean.
Lau alditan izendatuta egon ondoren, azkenean ere lortu zuen Arnaud Desplechinek zuzendari onenaren César. Bere “Trois Souvenirs De Ma Jeunesse“ filmak “La Quinzaine des Réalisateurs” jaialdian sari nagusia irabazi zuen. Sobiet Batasun ohiaren herri batetik ateratzear dagoen gizon batek bere gaztaroa oroitzen du. Atalka kontatutako film hau baina ostiralean galtzaile nagusien artean izan zen. Desplechinen sariaz gain, esku utzik joan zen hamaika aipamen zituen filmak, “Marguerite” filmarekin batera izendapen gehien zituen pelikulak.
Galtzaile nagusien artean ere iazko Cannesen sari nagusia, Urrezkoa Palmondoa, jaso zuen “Deephan“ filma. Zortzi izendapen zituen Jacques Audiarden azken lanak. Baina iruditxo bat bera ere ez zuen hartu. César sari mordoa duen zuzendariak baina kritika eta publikoa konbentzitu gabe utzi ditu oraingoan. Sri Lankatik Frantziara bidaiatutako etorkin eta horrek sortutako familiaren errealitatea Paris inguruko “banlieu”, etorkinen auzo batean, gutxi gustatu omen da Hexagonoan. Cannesen gizonezko aktore onenaren saria eskuratu zuen Vincent Lindonek ostera zorte gehiago izan zuen ostiraleko zeremonian. Cannesekoa errepikatu eta berak hartu zuen gizonezko aktore onenaren César saria, “La ley del Mercado“ lan merkatuaren kritika gordinagatik.
Please comment with your real name using good manners.