Efektu bereziak, hiru dimentsioak, Dolby Atmos, … azken urteetan izugarri aldatu da zinema. Alde teknikoan behintzat. Zinearen hastapenak ez ahazteko, zuri beltza eta mutua zen epeari tarteka so egitea ez dator gaizki. 1920.eneko hamarkadan loraldi artistiko moduako izan zen. Zinemaren historian letra larriz idatzitako izen handiak ziren errege: Murnau, Eisenstein, Lubitsch, Vidor, eta Charles Chaplin. Denbora horretako Estatu Batuetako komedian Charloten pareko izan zen Buster Keaton. Eta berari eskaini dio Azkuna Zentroakatzera begirakoa. Gaur hasi eta martxoaren 17rarte komiko triste horren filmak ikusteko aukera izango dugu.
Charles Chaplinen antzera gurasoak aktore zituen. Kansasen Joseph Frank izenarekin jaio zen. Ezinena Houdini magoak jarri omen zion, 18 hilabete zituenean, eskailera batetik onik, txintik esan gabe jauzi zenean. Charlot ez bezala, Keatonek ez zuen aurpegia mugitzen, ez zuen keinu bat ere egiten. 1930an Donostiatik pasa zen, orduko argazki bat frogatzen duen modura.

Chaplinen antzera antzeztu zituen film askoren zuzendaria izan zen. Horren adibide ziklo honetan ikusi ditugun filmak. Labur zein luze. Hasteko gaur 1920an errodutatako “One Week“ (Astebete) film laburra eta “The Saphead“ (Inozoa) luzea emango dituzte 17:30tik aurrera; bihar 19:30tan emango dute. Broadwayko antzezlan baten egokitzapena, Keatonek Bertie gorpuztu zuen, gazte lotsati ameslari samarra. Aita finantza alorreko aberatsa, eroso bizi da Bertie. Baina aitaren alababitxiarekin maitemintzen denean, bizitza goitik behera aldatuko zaio. Gaur ere baina arratsaldeko 19:30tan “The Scarecrow“ (Txorimaloa) laburra eta “The Three Ages“ (Hiru aro) (1923) pantailaratuko dute. D.W. Griffithen “Intolerantzia” filmeko narrazio egitura kopiatu zuen Keatonek zuzendu zuen lehenengo film luze honetan. Buster eta neskaren maitasuna lortzeko bere aurkariaren arteko borroka bat da, Harri Aroan, Erroma Inperialean eta filma errodatu zeneko garaian kokatuta. Buster Keaton eta Edward F. Cline zuzendariek egindako luze eta labur hau bihar 17:30tan emango dira.

Datorren astearte eta asteazkenean, Ameriketako Hegoalde historikoan girotutako Romeo eta Julieta moduko historia emango dute. 1923an Buster Keatonek eta John G. Blystonek zuzendutako “Our Hospitality“ (Gure Abegi Ona) filmean New Yorken hezitako gaztea da Keaton. Hegoaldera etxerako bidean, trenean, neska batekin maiteminduko da, jakin gabe bere familiaren aurkaria den familiako kidea dela. “Neighbors“ film laburra emango dute aurretik. Horiek asteartean 17:30tan emango dira eta asteazkenean 19:00tan. Ordua aldatuta, astearte eta asteazkenean, “Sherlock Jr“ (Sherlock Gaztea) luzea jarriko dute, 1924an Keatonek bakarrik zuzendutako filma. Bertan detektibea izan nahi duen zinema-proiektatzailea da Keaton. Aurretik “Haunted House“ (Sorgindutako Etxea) jarriko dute.

1924ean Donald Crisperen laguntzaz zuzendu zuen “The Navigator” (Nabigatzailea). Buster Keaton egun jakin batean ezkondu nahi duen aberatsa da. Ontzi baterako txartelak erosi ditu eta guzti. Baina emaztegaia falta zaio. Emaztegaiak ezezkoa ematen dioenean, ontzi batean sartuko da, erratutako ontzian. Istilu baten ondoren, eskifaiako neska bat eta berau geratzen dira bakarrik barkuan. Aurretik “The Goat” (Ahuntza) emango dute. Otsailaren 24ean arratsaldeko 5 terdietan emango dute, otsailaren 25ean berriz, arratsaldeko zazpietan. Egun beretsuetan, baina denbora trukatuz, 1925ean filmatutako “Seven Chances” (Zazpi aukera) luzea eta 1921eko “Playhouse“ (Antzokia) laburra ipiniko dituzte. Luzearen trama besteen antzerakoa da. Burtsa gizon gazte bat ez da atrebitzen neskari ezkontra proposatzen. Diru guztia galtzen duenean, ezagutzen ez zuen aitonaren jarauspena jasoko du. Baldintza bakarrarekin: 27 urte betetzen dituenean ezkondu beharko du.

Please comment with your real name using good manners.