Azken urteetan gustuen ikusi ditudan bi film emango ditu Bilboko FAS zineklubak hilabete honetan. Yorgos Lanthimosen “Langosta“ eta Christian Petzolden “Phoenix“. Horrez gain beste film alemaniar bat eta Italiako ekoizpen bat iragartzen dute borobila atera zaien egitarau batean.
Alemaniako gertuko iragana iturri ederra gertatzen zaio Christian Petzold zuzendari alemanarriari. Duela lau urte txundituta utzi gintuen “Barbara” filmearekin. Bertan 1980eneko Alemania Ekialdeko erretratua egiten zigun, Mendebaldeko Alemaniako hiritar batekin maitasun harremana duen doktore bati esker. Askok orduan ezagutu genuen Petzold eta bere aktore fetitxea, Nina Hoss. Aktorea eta zuzendaria berriz dastatzeko aukera izango dugu aste honetan “Phoenix“ filmean. Bertan Hoss II Mundu Gerra bukaeran Alemaniara, etxera, itzultzen den judutar bat da. Juduen holokaustoa, alemaniar askoren naziekiko lankidetza eta maitasuna errepasatzen ditu Petzoldek film zoragarri honetan. Niretzat duela bi urte Donostia Zinemaldian Sail Ofizialean lehiatu zen film onenetakoen artean dago. Saioa Iratxe Fresneda kazetari eta irakasleak gidatuko du.
2013an Paolo Virzi zuzendari italiarrak egindako “Il Capitale Umano“ filmak sari asko jaso ditu. Tartean, Italiako Zine Akademiak ematen dituen David di Donatello zazpi sari. Stephen Amidon-en “Human Capital“ liburua oinarri hartuta, Virzik egungo gizartearen erretratu krudela egiten digu. Gabonetako atarian txirrindulari bat harrapatzen du auto batek eta auto gidariak ihes egiten du. Auto istripu honen erruz bi familien patua lotuta ikusiko dugu. Virzik lau ataletan, istripu horren lau kontaketa desberdinetan, ematen du pelikula. Aktore ezagunen artean Valeria Bruni Tedeschiren lana aipatzekoa da. Hainbat sari jaso zituen egin beharrekoarekin borrokan dagoen ama eta emaztea burutzeagatik. Martxoaren 8an eman behar duten saioa “Mugarik gabeko ekonomilariak” eta “Ekonomilarien Euskal Elkargoa”rekin elkarlanean prestatu dute.
Edgar Reitz Alemaniako zine berriaren maisutzat jotzen da. Martxoaren 15ean FASek emango duen “Heimat, la otra tierra“ filma Reitzek telebistarako egindako serie baten atarikotzat jotzen da. 1984tik telebistarako egindako hiru ataletan, Alemaniako XX. mendeko historia moldatu zuen, asmatutako herri baten bidez. Duela bi urte, XIX. mendean girotu zuen filma grabatu zuen. Hunsrück familia jarraituko du goseari ihes eginda eta bizi berria lortzearren Brasilera egiten duen bidaian. Film honek Alemaniako Zine Akademiaren hiru sari potolo jaso zituen, tartean, film eta zuzendari onenaren sariak. Bi zati ditu eta biak emango ditu zineklubak, 225 minutu osotara.
Bost edo hobeto lau film luzeekin, Yorgos Lanthimos greziarra jada jarraitu beharreko zinegileen artean dago. “Canino” film bitxiak Canneseko “Un Certain Régard” saileko saria eskuratu zion eta gurean ezaguna egin. Bitxiagoa zen “Alps” filma Veneziako Sail Ofizialean lehiatzea ekarri zion. Iaz estreinekoz ingelesez filmatu zuen “Langosta“ filmarekin Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zen. Berau martxoaren 22an ikusiko dugu Bilbon. 45 urte baino gehiago eta bikotea ez duten gizon emakumeak animalian eraldatuko dituzte bikotea ez badute lortzen. Bakarrik egotea debekatuta dago Lanthimosek irudikatutako mundu horretan. Tartean, Colin Farell eta Rachel Weisz aktore puskak dituen filma iaz Cannesen gehien gustatu zitzaidanen artean dago.
Please comment with your real name using good manners.