Espainiako Zine Akademiak Oscarren tankera sortutako zine sariek, Goya sariek, urte borobila dute. Goyen 30. sari banaketa egingo da gaur Madrilen gaueko 22:00tan aireportutik gertu dagoen hotel batean. Dani Rovirak aurkeztuko den galan Ohorezko Goya sari bat eta 28 Goya banatuko dira. Izendatuen artean euskaldun batzuk eta egunotan titularrak bete dituzten hainbatek. Esaterako denen ahotan egon da izendapen gehien izan dituzten bi pelikula emakumeek zuzendu dituztela, aktore berrien artean 93 urte dituen emakume bat dagoela eta Fernando Colomo zuzendaria ere aktore berrien sailean izendatu dutela.

Aurten Goyetan izendapen gehien dituen pelikula, “La Novia“, Donostiako zinemaldian, Zabaltegi sailean estrenatu zen. Paula Ortizen bigarren luzea da eta García Lorcaren “Bodas de Sangre” liburuaren moldaketa bat da. Horrek agian askoren aurpegi txarra ekarri dio. Izan ere, guztiz maite eta asko gorrotatzen den film horien artean dago “La Novia”. Turkian hainbat parajetan errodatu zituzten, horrek balio zion Eurimages, Europako funtsaren diru laguntza jasotzea. Filmak 12 izendapen ditu, horien artean, film onena, zuzendari onena, jatorrizko musika eta moldatuko gidoi onenaren sailetan. Aktore gehientsuenak ere izendatuak daude, besteak beste, Asier Etxeandia bilbotarra gizonezko aktore onenaren sailean. Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Goya lortu beharko luke Luisa Gavasak, amaren paperean, orain arte eman diren sari gehientsuenak eskuratu baititu. Izendapen gehien dituen pelikulen artean aurrekontu txikiena zuen “La Novia”k, miloi terdiko aurrekontua.
6,3 miloiko aurrekontuarekin, gehien gastatu duen filmeen artean dago Isabel Coixeten azkena. “Nadie quiere la noche” filmak iaz Berlinale zabaldu zuen. Robert Peary esploratzailearen Josephine emaztearen benetako bidaia gizonarekin batera Ipar Poloa aurkitu nahian eta horrek ekarriko dion aldaketa kontatzen digu filmak. Josephine ederki gorpuztu du Juliette Binoche handiak. Coixetek zuzendatu filma 9 izendapenekin gaur gauean izendapen gehien dituen bigarren filma da. Film onena, zuzenari onena eta emakumezko aktore onena sailean dago izendatu besteak beste. Azken honetan “La Novia”ko Inma Cuesta eta “Ma ma” filmean ari den Penelope Cruzekin batera lehiatzen bada Binoche, nire ustez, “Techo y Comida” pelikula xumean ari den Natalia de Molinak hartu beharko luke aktore onenaren Goya saria. Hainbat sari jaso ditu gainera paper horrekin.
Aipatzekoa “Nadie quiere la noche“ filmaren musika konpositorea, Lucas Vidal, beste film bategatik izendatu dutela aurten. “Palmeras en la Nieve“ filmerako Pablo Alboranekin batera idatzitako kantak abesti onenaren Goya eskuratu dezake. Warner Bros ekoizetxeak eta Antena 3 telebista kateak ekoiztutako film hau Espainiako koproduzio handiena da. Espainiako kolonia zen Guinea Ekuatorialera gazte batek egindako bidaia eta bertan bizitako natibo eta kolonoen arteko desberdinatusuna azalaratzen du filmak. 10 miloi euro kostatu den filma Eguberritan estreinatu zen eta bost izendapen baino ez ditu. Horien artean, Karmele Soler makilatzaile donostiarrak berriz eskuratu dezake Goya saria.
Ortizen eta Coixeten filmen ondoren, izendapen gehien ditu Fernando Léon de Aranoaren “Un día perfecto“ filmak. 8 izendapen lortu ditu Balkanetan giza laguntzaileen egun bat jarraitzen duen filmak. Kopuru bera du Galizan errodatutako “El Desconocido“ thrillerrak. Dani de la Torre zuzendari berriak banka produktu toxikoekin lan egiten duen bankero bat (Luis Tosar) egoera deserosoan jarriko du. Seina izendapen dituzte Cesc Gayren “Truman“ filmak eta Daniel Guzmán aktoreak zuzendatutako lehen film luzeak, “A Cambio de Nada“ lanak. Gayren filma Donostia Zinemaldiako Sail Ofizialean lehiatu zen eta bertan aktore onenaren saria jaso zuten Ricardo Darín eta Javier Cámara aktoreek. Eta askoren kinielatan gaur aktore onenaren Goya jasotzeko Darín da faborito. “A Cambio de Nada” Malagan lortu zuen sari nagusia. Aipatzekoa da bertan zuzendariaren amona, Antonia Guzmanek egiten duen lana. Etxetik ihes egindako protagonistak txatarra jasotzen duen adineko emakume bat topatuko du. Paper horregatik Antonia Guzmanek emakumezko aktore berriaren Goya saria jaso dezake, 93 urte dituela, oraingoz adin gehien duen izendatua.
Antonia Guzmánek aktore berriaren Goya saria eskuratuko balu, Iraia Elias zarauztarra esku hutsik bueltatuko da. “Amama” filmeko aipamen bakarra da berau. “El Negociador“ filmaren gidoiagatik izendatua dago Borja Cobeaga donostiarra. Jatorrizko gidoia sailean. Moldatutako gidoian berriz David Ilundaín irundarra “B, la película“ filmagatik. Nafarroan jaio zen Patxi Uriz Domezáin dokumentalista. Alex O’Mill argentinarrarekin batera “Hijos de la Tierra“ mediometraia sortu zuen. Dokumental labur onenaren sailean lehiatzen da. Animaziozko film onenaren sailean berriz “Yoko eta lagunak“ filma da lehian. Alex de la Iglesia bilbotarraren azken laneko, “Mi Gran Noche“ filmeko arte lanagatik izendatuak daude berriz Arturo “Biaffra” Garcia bilbotarra eta Jose Luis Arrizabalaga “Arri” zegamarra. Biek jada Iglesiaren bi filmetan egindako lanegatik jada jasota dute Goya saria. Aragoiko pintoaren buruaren irudia duen bestea Alberto Iglesias konpositore donostiarra da. Aurten “Ma ma“ filmagatik hamairuhagarren izendapena du eta jada 11 Goya sari eskuratu ditu.
Akademiaren presidente berriak, Antonio Resinesek BEZ kulturalaren eta pirateriaren aurka joan ez izanak zineari egindako kalteaz hitzegingo du. Ohorezko Goya berriz urte askotan komedia espainiar errezak egin zituen Mariano Ozoresek jasoko du. Gauerdiaren bueltan jakingo dugu nork irabaziko ditu sari gehien.
Please comment with your real name using good manners.