Iaz Iruñeako dokumentalen zinemaldia, “Punto de Vista“ zinemaldia amaitu zutenean, aurtengoa edizio garrantzitsua izango zela eman zuten aditzera. Eta hori buruan prestatu dute astelehenean hasi eta otsailaren 14rarte doan edizioa. Hamar urte betetzen ditu zinemaldiak eta horiek ospatuz denboraren inguruan ariko den “Ten Years Old” izango da aurtengo atzerabegirakoa. Hortaz gain, Jean-Daniel Pollet zinegile frantziarra omenduko da bere filmeak eta bere inguruan egindako film bat programatuz. Pio Caro Baroja etnografoa gogoan izango da. Eta, besteak beste, Oleg Karavachiuk pianojole errusiar handia izango da Iruñean. Urteroko aldirotasuna sendotuz eta Baluarte, Kongresu Jauregi eta Auditorioa, zinemaldiaren gune berriz hautatuz “Punto de Vista” zinemaldia aro berrian sartu da.
Irekiera egunaren izarretako bat izango da Oleg Karavachiuk pianole errusiarra. 89 urte dituen musikaria Hermitagen zarrek utzitako piano handia jotzeko baimena duen bakarra da. Astelehenetan, museoa itxita dagoenean, piano handiari musika ateratzen dio. Andres Duque dokumentalista espainiar-venezolarrak une hori filmatu eta artista-konpositore horren erretratua egin du “Oleg y las raras artes“ filmean. Bera Rotterdamgo Nazioarteko Zinemaldian estrenatu ondoren, Punto de Vistako Sail Ofizialean lehiatzen den 17 filmeetatik bat da. Hamalau herrialdetako bederatzi film luzek eta zortzi film laburrek osatuko dute aurtengo lehiaketa.
Zinemaldia zabaltze eta itxiera ekitaldieetan, pianoa ere nagusi. Itxiera ekitaldiari “Sarasastre“ izena eman diote, eta Pablo Sarasate konpositore nafarraren pianoa entzuteko aukera izango da. Iñar Sastre pianojoleak joko du sari banaketan. Kontzerturarekin batera, aurtengo edizioaren atzerabegirakoa, “Ten Years Older“, denboraren inguruan egindako zikloan programatutako hiru film – bi labur eta Thierry Knauff belgiarrak errodutako 40 minutuko pieza emango dira. “Vita brevis“ ezizena duen filmak Danubioren iturrietako batean sortzen baina berehala hiltzen diren tximeleta batzuk jaso ditu. Betierekoaren hauskortasuna ospatu nahi da horrela. Zabaltze ekitaldian ere, atzera begirada honetan programatutako 50 filmeetatik bat jarriko dute: 1982an Franco Piavoli italiarrak egindako “Il planeta azzurro“. Atzerabegirada honetan ere, ez da faltako izenburua osatzeko erabili den Herz Franken “Ten Minutes Older“ laburra.

Beste atzera begirada Jean-Daniel Pollet frantziar zinegileari botako diote. Irudia errepikatzen duen maisuaren filmografia errepasatuko da. Aldi berean, zinegile honek XX. mendeko bigarren erdialdean duen garrantziaz ohartazten digun “Jean Daniel, parle moi encore“ filma emango da. Jean-Paul Fargierrek zuzendutako filma Iruñean estreinatuko da. Hortaz gain duela gutxi zendu zen Pio Caro Baroja etnografoa omenduko dute asteartean. Bere dokumentalista jarduera gogoratu nahi da. Horretarako Punto de Vistako zuzendariak, Oskar Alegriak berak egindako elkarrizketa jarriko da eta ondoren, Caro Barojak berak 1970 eta 1971 artean filmatutako “Navarra, cuatro estaciones: Otoño“ eta “Navarra, cuatro estaciones: Invierno“ filmak. Juan Antonio Urbeltz etnografoa eta bi film horietan agertzen diren hainbat protagonistak izango dira Baluarten.
Aurtengo edizioa osatzeko beste saio berezi batzuk prestatu dira. Astelehenean bertan Claire Simon franko-britaniarraren “Le Bois dont les rêves sont faits” dokumentala emango da. Paris kanpokaldean dagoen Vincenneseko basoaren erretatua. Asteazkenean, Luis Opisa kolonbiarraren “Todo comenzó por fin“ Espainian estrenaldia egingo da. Ostegunean berriz aurtengo Sail Ofizialari izena ematen den pelikula, Michael Snow kanadiarraren “La Región Central“ pelikula jarriko dute. Larunbatean berriz Sevillako Europear Zinemaldian irabazi zuen “La Academia de las Musas“ jarriko dute. Gero José Luis Guerinen beste pelikula labur bat jarriko dute: “Le Saphir de Saint-Louis“. Zinemaldiko arduradunek pozez zoratzen daude: aurten 1378 film, luze eta laburren artean, jaso dira. Aurreko ediziotan baina bi aldiz gehiago. Gainera nazioarteko eta Espainiako 57 kazetari eta 74 zinegile akreditatu dira. Edizio borobila izateko aukera, ondorioz.
Please comment with your real name using good manners.