Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta idazle ezaguna Errenterian jaio zen 1915an. Horregatik besteak beste Gipuzkoako Liburutegi Nagusiari eta hainbat instituturi izena ematen dien filologo hura jaio zen 100.urteurrenean gogoratzeko iaz hainbat ekitaldi antolatu ziren. Besteak beste, bere herrian, Errenterian, “Mitxelenarenak“ zeritzan zine zikloa egin zuten. Izan ere, askok ez badakigu ere, zinema oso gustoko zuen Mitxelenak eta 66 zine kritika idatzi zituen Egan aldizkarian 1954 eta 1961 urte bitartean. Horiek aitzaki, urrian, Errenterian lau film aurkeztu ziren “Kimuak” programa lagunduta. Ziklo hori osatuz edo, Euskadiko Filmategiak “Mitxelenarenak” deitutako beste ziklo bat antolatu du: oraingoan, Mitxelenak berak kritikatutako filmeez osatua.
Filmategian aditzera ematen dutenez, Mitxelenak “Hizkuntza zinematografikoaren alde teknikoenak saihestu zituen nahita, eta film bakoitzaren historian eta zuzendari bakoitzaren obraren testuinguruan jarri zuen arreta. (…) Iritzia eman ordez, informatu egin zuen, eta inoiz ez zen sentitu pelikula egin zuen pertsona baino gehiago. Ironia, sarkasmoa eta umorea baliatu zituen gustatzen ez zitzaionetik urruntzeko, eta sekula ez zuen jo irainera edota pontifikaziora“. Guk gehituko dugu euskara batua oraindik sortzeke, gipuzkeraz sortutako testuak direla. Gaur hasita eta otsailaren 18ra, Tabakaleran, Mitxelenak kritikatutako zazpi film klasiko pantailaratuko dira.
Luís García Berlanga zuzendari espainiarrak 1958an egindako “Los jueves, milagro“ komediarekin abiaraziko dute zikloa. Urtetan turismoaz bizi izan den Fontecilla herria gainbeheran dago. Trena ere ez da gelditzen herriko geltokian. Turismoa suspertseko, bainuetxeko nagusiak plana jarriko du martxan: Lourdesen antzera Andre Mariaren agerraldi bat antzeztuko dute. Mitxelenak Bardemekin alderatzen du Berlanga eta Teologiarekin topo egin izanak ekarritakoa gogoratu zuen. Mitxelenan aditua den Elixabet Perezek aurkeztuko du saioa.
Hurrengo ostegunean “La Ley del Silencio“ (On the waterfront) Elia Kazanek 1954an filmatutakoa emango dute. Portuko mafioso batek boxeolari ohi bat (Marlon Brando) erabiliko du, honek biktima baten arrebarekin (Eva Marie Saint) topo egiten duen arte. Ezagutza horrek guztiz aldatuko du: neskari esker apaiz bat ezagutuko du (Karl Malden) eta horrek bultzatuta mafiosoa salatzera ausartuko da. Mitxelenak guk guztiok bezala aktore nagusiari erreparatu zion. Bere hitzetan: “Oraingo burruka, egiazko burruka, gizon baten arima-barruan gertatzen da; orren ondoan gutxi balio dute kanpoko iskanbilla eta ukabilkadak. Eta ortarako gutxi bezalako antzezlari bat aurkitu du zuzendariak: Marlon Brando“. Josean Ruiz de Azúak egingo du aurkezpena.
Sansebastian pasata, urtarrilaren 21ean, John Houstonek 1956an zuzendutako “Moby Dick“ erakutsiko dute Tabakalerako zine aretoan. Hanka galdu arazi zion bale zuriaren ehizean zeharkatzen ditu itsasoak Aqab kapitainak. Gregory Peckek gorpuztu zuen mindutako gizon hura. Melvillen liburuaren zine bertsioan besteak beste Orson Wells dugu antzezleen artean. Mitxelenak izugarri maite zuen John Houston eta oraingoan ere bere kritikan aditzera ematen duenez: “antolamen leiala, trebea eta biluzia eman digu, oi diren apaingarriak -neskatxa liraiñen maite-miñak eta- bazterturik“. Begoña del Teso zine kritikariak gidatuko du saioa.
Urtarrileko azken ostegunean, AEBn 1950an egindako zinemarekin jarraituko dute. 1954an Burt Lancasterrek ko-ekoiztua “Vera Cruz“ westerna zuzendu zuen Robert Aldich-ek. Burt Lancaster eta Gary Cooper AEBtako Sezesio gerran borrokatutako bi soldadu ohi dira. Lanik gabe, Mexikora doaz. Bertan frantziarrek jarritako Maximiliano enperadorearen eta Benito Juarezen arteko gerran sartzen dira. Kondesa frantziar bat eta mexikar independentista eder bat ezagutuz. Egindako formatua, Superscope-a, kritikatu zuen idazle euskaldunak. Saioa aurkezteko Joxean Fernández Filmategiko zuzendaria izango dugu.
Otsaila indartsu hasiko dugu. Askoren aburuz, dagoen western onenetakoa pantailaratuko dute otsailaren 4ean. “Pasión de los Fuertes“ (My Darling Clementine), OK Corraleko tiroketa irudikatzen duen filma. John Ford-ek 1946an, besteak beste, ohikoa zuen Henry Fonda eta Victor Mature zuzendu zituen. Kimuak programako zuzendariak, Txema Muñozek aurkeztuko du saioa.
Otsailaren 11ean, Gregory Peck ikusteko aukera berria. 1950eneko hamarkadan holokausto nuklearra arrisku errealtzat jotzen zen. Testuinguru horretan, Stanley Kramer-ek “Hondartzan“ (On the Beach) filma zuzendu zuen 1959an. Hondamendi nuklear baten ondorioz, gizaki guztiak suntsitu dira, Australian bizi diren talde bat ezik. Horiek aurkitu beharko ditu Peckek antzezten duen komandanteak, urpeko ontzi baten komandanteak. Mitxelenak Lizardi, azken juizioa etab. nahastu zituen bere kritikan. Donostiako Zinemaldiko Amaia Serrullak aurkeztuko du saioa.
Zikloa bukatzeko, Stanley Kramer berriz. Estatubatuarrak zuzendutako lehen filma, 1955ean zuzendutako “Arrotz bat bezala, ez“ (Not as a Stranger) jarriko dute Tabakaleran. Lucas Marsh (Robert Mitchun) medikuntza ikasle handizale eta berekoia da. Ikasketak amaitzeko Kristina Hedvigsonekin (Olivia de Havilland) ezkondu da. Emakumea berarekin maiteminduta dago. Baina Marsh emozionalki oso pertsona itxia da eta ez ditu hurbilekoen ahuleziak onartzen. Frank Sinatra eta Gloria Grahame aktoreak ere ikusteko parada izango dugu. Zinemaldiko Maialen Belokik aurkeztuko du filma otsailaren 18an. Gogoratu film guztiak jatorrizko bertsioan, 19:00tik aurrera eta 3,50 euroren truke emango direla.
Please comment with your real name using good manners.