Nafarroako Filmotekak azken denboraldian munduko filmografia ezberdinei errepasoa egin nahi die. Urtarrilean Indiako zine berriena, gehienbat 2013 eta 2015 artean egindako filmak eskeiniko ditu. Filmotekak berak egindako prentsa oharrean gogoratzen digutenez “Indiako zine industria munduko garrantzitsuena da film luze eta laburren ekoizpenari dagokionez. Asia-Pazifiko zonan filmeen ediziogatik lortutako diru sarreren % 73a ditu. Zine sarrerak oso merke, indiarrak dira munduan zinera gehien joaten direnak“. Indian egondako lagunek kontatu didatenez indiarrentzat familia osoa, batzutan herri osoa, bazkaria hartuta joateko abagunea izaten da zinera joaten. Filmeen kantak aurretik buruz ikasita, karaoke moduko unea izaten da, Bollywoodeko filmeen kasutan.
Bollywoodeko zinematik at, bestelako uretan murgilduko dira Filmotekara doazenak. Hasteko ostegun honetan India hegoaldean txiroenekin lan egindako Vicente Ferrer misiolaria gogoratuko da. Erlijioso horren inguruan sortutako fundazioaren laguntzaz antolatutako saioan, Agustín Crespík zuzendutako biopic-a emango da. Imanol Ariasek gorpuzten du lurralde ihar batean Indiako kasta baxuarentzat eremu emankorra sortu zuena. Bertan, Anantapurren Mar Guiren nafarrak filmatutako film laburra emango da luzearen aurretik, gaueko zortzitan.
Ostiralean Indiako Filmfare Sarietan, kritikaren bi sari, zuzendari onenari eta aktore onenari sariak lortu zituen “Ankhor Dekhi“ filma ikusteko aukera izango da. Raje Bauji Delhi zaharrean familiarekin bizi den gizona da. Alaba ospe txarreko mutilarekin dabilela jakiten duenean alaba giltzapetzea eta mutila jipoitzea erabakitzen du. Baina bufoia bilakatuko da.
Vittorio de Sicaren “Bizikleta lapurra”ikusi ondoren, zinean aritzeko gogoa sortu zitzaion Satyajit Ray zinegileari. Egun Indiako zinean izen esanguratsuena da, bere itzala egungo zinegileengana iristen da. Zuzendari hori omentzeko edo balio du “Apur Panchali“ (Apurren Kanta) filmak. 2014ean Kausik Gangulyk filmatutako pelikula Satyajiten maisu filmean, “Bidearen Kanta” filmean, Apuren papera egiten zuen ume aktorearen benetako pasadizoa kontatuko digu. Datorren asteko ostiralean emango dute.

Urtarrilaren 22an saio bakoitza. Indiako superekoizpenei urruneko begirada emango diogu. “Jai Ho“ dokumentalak Allah Rakka Rahman zine musika egilea aurkeztuko digu. 120 filmeei baino gehiagori musika jarri die, besteak beste, “Slumdog Millionaire” filmeari. Aurretik iaz ekoiztutako film labur bat, “Anonymous” pantailaratuko dute. Unibertsoa betidanik existitu izan da, izenik ez zuen garaian ere bai, gu iritsi baino askoz ere lehenagotik eta, seguruenik, guk alde egindakoan ere hor jarraituko du denbora luzez. Premisa horretatik abiatuz, Anonymous izenik gabeko existentziaren ideian oinarritzen da.
Zikloa amaitzeko beste saio bikoitza: film laburra eta ondoren luzea. 2014ean Bauddhayan Mukherji zuzendariak kritika txundituta utzi zuen bere lehen fikzio luzearekin, “Teenkahon“ (Hiru obsesio). Hiru filmek osatutako proiektuak harremanetan ematen diren obsesioak aztertzen ditu. Mende batean erlazioek izandako aldaketa ere aztertuko du. Urtarrilaren 29an lehen atala, “Nabalok“ (Errugabea) emango da. 1920-1954 epea aztertzen du zuribeltzean filmatutako atal honek. 8 urteko mutiko batek lotura emozionala garatuko du neskato ezkonberri batekin, obsesiora iritsi arte. Film honen ondoren “Key Square“ laburra emango da. Iaz Shamik K. Rakshitek zuzendutako filma 1975ko giro politiko nahasian kokatuko da. Borroka politikoaren erdian unibertsitatean hasi berri den gazte apolitiko baten bizitza guztiz aldatuko da.
Please comment with your real name using good manners.