Urte zailak izan ditu baina hor jarraitzen du 2007an Donostian sortutako zinemaldiak. Larunbatean hasiko da Dock of the Bay, musika dokumentalen jaialdiaren 9. edizioa. Lehian 9 film eta 6 erakusketako sailean emango dira urtarrilaren 16rarte Trueban eta Antzoki Zaharrean. Hortaz gain publiko gazteari eskeinitako film bat ere pantailaratuko da. Eta ohi dituen erakusketa eta kontzertuak izango dira. Haunditzen ari denaren seinale, aurten estrainekoz liburua argitaratuko dute eta mintegia antolatuko.
Indarrez berrekin diote azken urtetan musika dokumentalen programatzeari. Baina Eva Rivera, Dock of the Bay jaialdiko zuzendariarekin izandako solasaldian sahiestezina da duela urte batzuk desagertzeko zorian izan zirela gogoratzea. “Urtero Sisifo, pertsonai mitokologikoa sentitzen gara, hark harritzarra gailurrera igo berriz erortzen ikusten zuen bezala, guk urtero errotik hasi behar dugu jaialdia“, dio. Azken urtetan kulturan, pribatuan eta publikoan, izandako murrizketak larri zauritu eta zaleen artean diru bilketa modukoa, crowfunding-a, egitera jo zuten. “Oraindik gure webgunean dugu jaialdia laguntzeko bidea”, gogoratzen digu. Baina aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza gehitu die. Eta horri esker, aurtengo berritasunetako bat martxan jarri dute. Euskal Herriko Unibertsitearen laguntzaz “Musika dokumentalen zinea eta haren harremana beste zine jarduerekin” mintegia antolatu dute. Koldo Mitxelenan, 8 adituen iritziak entzuteko aukera izango da. Honekin pozez zoratzen daude: “jada 85 lagunek izena eman dute eta Koldo Mitxelenan 100enentzat dago tokia. Beraz imaginatu“, azpimarrazen du.

Gainera argitalpen ildo bati eman nahi diote hasiera aurten. Hasteko zinemaldiaren lagun mina jada den Felipe Cabrerizok idatzitako “Gainsbourg: Elefantes Rosas“ liburua aurkeztu dute, Serge Gainsbourg musikari frantziarri buruzko lan biografikoa. Horrekin batera “A bam bam boo loo ba: Curiosidades ilustradas de la historia del rock and roll“, Javier Polok idatzi eta Saioa Burutaranek margotu duen liburua kaleratu dute. “Edozein zinemaldik eduki behar duen argitalpen bilduma sortu nahi genuen horrela” dio Eva Riverak, zinemaldiko zuzendariak. Rivera zoriontsu dago atal berri horiekin “jaialdia jada ez da pelikula batzuk erakutsi eta saria ematea, horretaz gain, zortzi egun hauetan hirian beste gauza batzuk daude. Horrek ematen dio jai kutsua“, azpimarratzen du.
Baina filmak ez dira ahaztu behar. Lehian dauden bederatzi filmak larunbatean hasiko dira aurkezten, boogaloo, 1960ko hamarkadan New Yorkeko latinoek maite zuten musikaren inguruko dokumental batekin. Rumba, Kanbodiako rock and rolla, Alcarriako bluegrasseko musikari batzuk, Europan babes hartu zuten Dexter Gordon eta Ben Webster jazz musikariak, Elvis bezala mozorrotzen den musikoa eta Mavis Staples izango dira lehiatuko diren dokumentalen gaiak. Hurbilekoa ere izango dugu: Beatriz Echevarriak “Sonido Pamplona“ izenburuarekin egindako pelikula. Eta aipatzekoa Jorge Arenillasek zuzendutako “The Second Act of Elliot Murphy“ filmaren proiekzioa. “Saio berezia izango da” dio Evak. “Elliot Murphyk Espainian zehar egin behar duen bira egun bat aurreratu du Donostian izateko eta kontzertu berezia emango du gitarra hartuta Truebara asteazkenean filma ikustera hurbiltzen direnen aurrean“, gogoratzen digu.
Ez da kontzertu bakarra izango. Frank Nixon eta The Secret Society taldeak saio berezia eskainiko dute Dabadaba aretoan ostiralean. Izan ere David Truebak artista honen inguruan eta bere artisau lagunen inguruan “Salir de casa“ dokumentala egin eta Dock of the Bay jaialdian aurkeztuko du estreinekoz. “Film batzuk beste zinemaldietatik ateratzen ditugu baina David Truebak Donostian estreinatu nahi zuen. “Cult Cots” Gordonen eta Websterren inguruko dokumentala ere estreinaldia da“, dio harro. Beste zinemaldietatik pasa eta erakutsiko diren filmek The Police, Janis Joplin, Nina Simone, besteak beste, dituzte gaien artean. Egitarau osoa hemen: http://www.dockofthebay.es/2016/eu/programa/.
Please comment with your real name using good manners.