2016a Michael Fassbenderren urtea izan daiteke. Estrenatzeke daude antzeztu dituen “Assasin’s Creed” eta “X-Men”en atal berriak eta Terrence Malick zuzendari ezagunarekin egindako azkena. Alemanian jaiotako aktore irlandarrak Shakespearen milagarren bertsioarekin, irudi aldetik “Macbeth” berritu batekin urtea agurtu du gure pantailetan. Eta urte berriarekin, benetako pertsonai historiko berri bat gorpuztuz azalduko zaigu. “Steve Jobs“en biopic-ean egindako lanagatik Oscar sarietarako hautagai serio jotzen dute asko Fassbender. Apple konpainiaren sortzailearen larruan hain ederki omen dago, Urrezko Globoetarako hautagaien artean dagoen, baita lankidea duen Kate Winslet ere. Aaron Sorkinen gidoia eta soinu banda izendatu dute baina ez dute ez Danny Boylen zuzendari lana ezta filma bera ere aipatu.
Berlinen eta Valladoliden aurkeztu ondoren, 2016aren hasieran datorkigu Margarethe Von Trotta zinegilearen azkena. “El Mundo Abandonado“ (Die abhandene Welt) filman aurrekoetan bezala emakume indartsuen erretratua egin du zuzendari alemanak. “Hannah Arendt”eko aktore berak, Barbara Sukowak gorpuzten du protagonistetako bat. Aurrekoan filosofo baten larruan sartu bazen, orain opera kantari bat da. New Yorken bizi den kantari honi Alemaniatik beste emakume bat (Katjia Riemann) etorriko zaio zendutako amaren berdin-berdina dela esanez. Horrek balioko du bidaiatutako emakumearen familian gordetako sekretu bat azalarazteko. Nire uste apalean, ez du “Hannah Arendt”en edertasun eta fondoa.
Astebete lehenago estrenatu behar zen Espainian, baina azkenean gabon zaharra pasata datorkigu “Incidencias“. Agian Renferen eskakizun bat izango zen. José Corbacho eta Juan Cruzen azken komedia Gabon Zahar egunean kokatu dute. Bartzelonatik Madrilera doan AVE batean politiko ustel bat, hipster bat, turista magrebtar bat, adinekoen bikote bat, emakume exekutibo bat, … doaz. Bat batean, mesetaren erdian, trena geldituko da eta trajediak eztanda egingo du. Pena bat Espainian komedia aktore on batzuk (Carlos Areces, Roberto Álamo, Lola Dueñas, besteak beste) izaki filmari asko kostatzen zaio martxa hartzea. Eta “mezua duen komedia” dela badio publizitateak, mezu hori bukaera arte ez duzu ikusten, dagoeneko asper asper eginda zaudenean. Irriparreak, izatekotan, bukaeran baitira ere.
Estatu Batuetatik ere kritika txarrekin dator “Padres por desigual“ (Daddy’s home). Ezkondu berri den irrati bateko exekutiboa (Will Farrell) Sarah emaztearen semealaben maitasuna irabazten saiatuko da. Okerrena datorkio Sarahren senar ohia eta umeen aita (Mark Wahlberg), motorgidari menturazale bat azaltzen denean. Eguberritako komedia bat omen da, kritikarien aburuz, komedia memeloa.
Eta Urteberriari heltzeko, zaharrak berri. 1991ko jada klasiko baten, “Le llaman Bondhi”ren bertsioa estrenatuko da gaur Hego Euskal Herriko zinematan: “Point Break: Sin Límites“. FBIko agente gazte bat, Johnny Utah (Luke Bracey) maila altuko kirolari batzuen tartean infiltratzen da. Taldearen buru Bodhi (Edgar Ramirez) da. Taldeak ustez krimen bitxi batzuk egiten ditu. Adrenalinaz kargatutako thriller bat da. Estatu Batuetako kritikoen aburuz, pertsonaiak gutxi definituak daude eta Ramirezek eta Braceyk jokatutako antzeztalde bikotea ez da iristen 1991an paper egin bera egin zuten Keanu Reeves eta Patrick Swayze jokatutakoaren mailera.
Please comment with your real name using good manners.