Frantzian estrenaldiak asteazkenetan izaten direnez, Ipar Euskal Herriko hainbat zinemetan urteko eta agian hamarkadako estrenaldia dastatzeko abagunea izan dute jada askok. Baina Hego Euskal Herriko zine aretoetan ostiralean dugu “Star Wars“ sagaren kapitulu berria ikusteko aukera. “El Despertar de la Fuerza“ (The Force Awakens) izenburua duen 7. atalaren nondik norakoak sekretuan gorde ditu ekoizetxeak. Baina azken egunotan publizistek ongi dosifikatutako informazio tantak entzun ditugu: esaterako Lupita Nyong’ok paper bat duela film berri honetan. Aurretik, filmaketan jakin arazi zen apurretan ezagutu genuen Han Solo papera egiten zuen Harrison Ford bueltan zela. Eta duela pare bat hilabete kaleratutako tailerrak Leia printzesarena egiten zuen Carrie Fisher berreskuratu zigun. Estrenaldian ere askok ikusteko aukera izan dute sagako jatorrizko hirukote protagonista osatzen zuen Luke Skywalker (Mark Hamill) eurekin itzuli dela. Iturrietara ere itzuli omen da J.J. Abrams zuzendaria. Lehen hiru filmak kopiatzeari ekin dio. Hori batzuk kritikatzen badiote ere, ikusi duten zaleentzat zuzendaria txalotzeko arrazoia da. Ikusmina hain da handia non Donostian eta Bilbon gaueko 12tik aurrera saio bat antolatu duten. Eta Donostian SADEk dituen hiru zinematan aldi berean estreinatzen den eta batean bi aretoetan aldi berean. Bilbon eta Iruñean 3 D, 3 dimentsioetan, ikusteko aukera izango da.
Ikusmina ere, txikiagoa bada ere, antolatutako lehenengoetako mugimendu feministari errepaso egiteko. “Sufragistas” (Suffragette) boto eta beste eskubideen eske, I Mundu Gerra atarian, borroka eman zuten emakumeen historia kontatuko digu. Carey Mulligan aktorea protagonista du drama historiko honek. Mulligan itzel dago, saria merezi omen du gainera, kritikarien aburuz. Alboan, besteak beste, Helena Bonham Carter, Meryl Streep eta Brendan Gleeson aktore ezagunak ditu. Sarah Gravonen bigarren fikziozko luzeak txaloak jaso ditu Britania Haundian.
Eta Carey Mulliganek saria merezi badu, sariak jaso eta jaso ari da, Oscarretarako bidea zabalduz, Charlotte Rampling. Zoragarri dago aste honetan estreinatzen den “45 Años“ (45 Years) filmean. Bera Kate Mercer da, ezkonduta 45 urte bete behar duen emakumea. Urteurren hori prestatzen ari dela, Alpeetan gorputz bat agertuko da. Urte luzez elurrak estalitako emakume baten gorputza. Berau Katen gizonaren , 45 urtez gizona izan duen Geoffen (Tom Courtenay) lehen amodioa da. Eta urtze horrekin batera ezkontza ere urtzeko bidean jartzen da. Zenbat gezur, zenbat estaltze izan dira ezkontzan? galdetzen dio bere buruari Ramplingek antzeztutako pertsonaiak. Andrew Haighek zuzendu du Berlinen mundu mailako estrenaldia izan zuen filma. Zinemaldi horretan Ramplingek eta Courtenayk aktore onenen Hartza jaso zuten. Ramplingek berriz jaso du antzezle onenaren saria Semincin eta duela gutxi, Berlinen ere, banatu berri den Europako Akademiaren Saria.
Eta Iruñean talde rock berezi batekin filmatutako dokumentala estreinatuko da ostiralean. “Motxila 21“ taldearen historia kontatuko digu Iñaki Alforjak egin duen dokumentalak. Down sindromea duten neska mutiko batzuk rock taldea osatu dute. Londresera bira txikia egitera joan dira eta bidai hori eta dituzten nahi eta beldurrak pantailaratzen ditu pelikulak.
Please comment with your real name using good manners.