Altxorrez betetako zakua dakarkigu Kresala zine klubaren Olentzeroak. Abenduan, datozen bi lan astelehenerako eta urtarrilerako Lars Von Trierren estraineko filma, Tati klasikoa, sotoen arakatzea, Michael Fassbender protagonista duen western bat eta Santa Clara uharteko azken biztanleen inguruko dokumentala eskeiniko digute.
Askoren ustez “Melancolia”, “Bailar en la oscuridad” eta “Nymphomaniac” bezalako filmen zuzendaria, Lars Von Trier zuzendari daniarra, Dreyer ezkeroztik herri horretako zinegile onena da. Bere trebetasuna jada bere lehen luzearekin aurkeztu zuen. Canneseko Zinemaldian “El elemento del crimen“ (1984) filmak Sari teknikoa jaso zuen. Thriller expresionista, horixka eta post-modernoa gai sikologikoa duena da. El Cairora itzuliko da Fisher inspektorea Europan hilketa bat ikertzen egon ondoren. Psikoteraupeta eta hipnosiaren bidez hilketaren gertakariak argitzen saiatuko da. Lars Von Trier ederki ezagutzen duen Zigor Etxebeste irakasle eta zine kritikariak gidatuko du saioa.

Santomasa pasata, inozenteen egunean, abenduaren 28an, etxeko inozenteei, txikiei buruz hitzegiteko aukera izango dugu. Israelen iaz filmatutako “La profesora de parvulario“ emango dute Kresalan. Nira irakaslea bost urteko Yoav ikasleak poesirako duen trebetasunaz jabetzen da. Dohain hori babesten saiatuko da irakaslea. Navad Lapidek zuzendatuko filma aurkezteko Onintza Mokoroa andereño eta zinezalea izango da Truebako aretoan.
Eta erregeen zain izango garela, Kresalak oparitxoa prestatu digu. 1958an Jacques Tatik filmatutako “Mon Oncle“ (Osaba) programatu dute. Jacques Tatik berak antzezten du paper nagusia. Tati Hulot jauna da, langabe, iloba eskolara eramatea du ardura bakarra eta handik arrebaren etxe ultramodernora. Koinatuak duen plastikozko tubo enpresan langile bilakatu nahi du. Fernando Mikelajauregi, Kresalako arduradun ohiak aurkeztuko du klasiko hau.

Sansebastian bezperan ia, sotoetara joango gara. Edo “Paradise” trilogiaren egilea, Ulrich Seidl zuzendaria joango da sotoetara. Jendeari eta hauen sotoei buruzko dokumentala da “Im Keller“ (2014) (Sotoan) filma. Venezian aurkeztu ondoren, hainbat zinemaldietatik pasa da. Jendeak aisialdian bere sotoetan egiten duena aztertzen da. Euren obsesioak, musika-talde, altzairuak, txiste matxistak edo arrazistak. Zinema-entsegu triste eta aldi berean dibertigarria. “El Café de Rick” webgunea sortu duten Ricardo Fernándezek hurbilduko digu filmaren eta Seidl buruzko nondik norakoka.
Eta urtarrila bukatzeko gertuko eta urruneko istorioa bi. Donostiarrek Santa Clara uhartea maite dute. Aisialdi leku ederra da askorentzat. Baina duela mende erdi, hiritik 500 metrora dagoen uharteak bi biztanle zituen. Jose Manuel Andoin itsasargiko zaindaria eta María Torralba ama gizartetik aldenduta eta egoera zailean bizi ziren. Iñigo Jiménez eta Jesús Mari Palacios zinegileek euren istorioa berreskuratu dute “Ur Artean“ dokumental laburrean. Eta ahaztutako pertsonai olinpikoa izan zela Andoin gogoratu digute. Biek aurkeztuko dute saioa. Ondoren, “Slow West“, Sundance zinemaldian Sari Nagusia eskuratu zuen western-a emango dute. Michael Fassbenderrek antzezten duen mendebaldeko thriller honek maite duen neskaren bila Estatu Batuetako mendebaldera doan eskoziar aristokrata baten istorioa kontatuko digu.
Gogoratu saio guztiak SADEren Trueba zine aretoetan, arratseko 19:30tik aurrera ematen direla.
Please comment with your real name using good manners.