Kasualitatea edo hainbat zinemaldietan iada saritutako filmek jaso dituzte Valladolideko sari nagusiak. Seminciko 60. edizio honetako Urrezko eta Zilarrezko Galburua eskuratu dituzte “Hrútar” (Ahariak) islandiarrak eta “Mustang” turko-frantziarrak, biak Cannesen arrakasta lortu ondoren. “45 Years” filmean maisuki lan egiten duen Charlotte Rampling ere Berlinalen eta hemen saritu dute. Eta “Fúsi”n hazi gabeko gizon maitagarria egiten duen Gunnar Jónssonek Tribecan eta hemen hartu ditu sariak.

“Hrútar“ (Ahariak) Grímur Hákornarsonen bigarren filma da. Aspaldi haserretuta dauden bi anai horien istorioak jada Canneseko “Un Certain Regard” eskuratzeko balio izan dio. Gaur Seminciko sari nagusia “Urrezko Galburua” ekarri dio. Goran Paskaljevic buru izan duen epaimahaiak maite izan du Islandiako konkistatzaileak eraman zuen ahari arraza babesteko bi anaien lehia. Aurten sariak jaso eta jaso ari den Islandiar Zinemaren azkenetako adibide honek Zuzendari Berri onenari “Pilar Miro” saria ere eskuratu dio Grímur Hákornansoni. Sari hau Deniz Gamze Ergüven turkiarrarekin partekatu du. Ergüvenen “Mustang“ filmak Zilarrezko Galburua eta Kritikaren, Fipresci, saria jaso ditu gainera. Familia tradizional bati aurre egiten dieten bost nesken istorioak Cannesen ere saritu zuten. Bi filmak gure “Loreak” pelikularen lehiakideak izango dira, Atzerriko Hizkuntza Film Onenaren Oscarra eskuratzeko.
Zuzendari onenaren saria Naomi Kawase japoniarrak jasoko du. Cannesen aurkeztu zuen “An“ filmak baba gorrien pastelak egiten duen gizon batek edadeko emakume bat kontratatu beharko du, borondatez kontra. Baba gorriak gozatzen duten bitartean euren harreman gozatuko da. “Fúsi“ film islandiarreko protagonistak Gunnar Jónssonek ere Tribecan saria jaso ondoren, hemen gizonezko aktore onenaren iruditxoa hartuko du. Hazi gabeko 40 urteko gizon lodikotearen paperak saria merezi zuela gutxik jartzen dute zalantzan. Gauza bera gertatzen da Charlotte Ramplingekin. Bere bikote erlazioaren gezurraz jabetuko den emakumea da “45 Years“ filmean. Azalean indartsu baina barnean ahula den emakumearen paperak Semincin emakumezko aktore onenaren iruditxoa eskuratu dio. Horrela errepikatzen du Berlinalen lortuko saria.

Askoren ahotan zegoen Txileko “Aurora“ filma. Hegoamerikako herri horretan abarrotsa sortu zuen gertakizun batean oinarri du Rodrigo Sepúlvedak egin duen gidoia. Adoptatzeko bidean den emakume batek zabortegi batean agertzen den ume bat duinki lurperatzeko borroka filmatu du. Eta kontakizun horrek gidoi onenaren “Miguel Delibes” saria eskuratu dio. Eta ezbairik ez. Argazkilaritza onenaren saria jaso du Shai Goldamen israeldarrak “Tikkun“ zuri beltzean errodatuko pelikulagatik. Sail Nagusian lehiatzen zen labur onena Clara Roquet katalanak zuzendu duen “El Adios“ da epaimahaiaren esanetan. “10.000 kilometros” filmaren kogidoilariak zuzentzen duen lehen film laburra jada Torontoko Zinemaldian ikusteko aukera izan zen.
Valladoliden indartsuak izaten dira gainera lehen edo bigarren film baten zuzendarien lehiaketa eta dokumentalen saila. Lehenengon “Punto de Encuentro” deritzan sailean aurtengo herri gonbidatuko, Finlandiako zinta batek jaso du lehenengo saria. “2 yötä aamuun“ (Bi gau goizarte) filmean bi ezezagunen bi gaueko harremana kontatzen da. Dokumentalen sailean, “Tiempo de Historia” sailean, Silvia Munt aktore eta zuzendariak eskuratu du sari nagusia. “La Granja del Pas“ zintak Sabadellen hipotekengatik kaltetutakoen mugimenduaren erretratua da. Muntek urteterdiz eurekin partekatu zituen esperientziak.
Irabazleen zerrenda osoa esteka honetan duzue: http://www.seminci.es/palmares.php. Bitartean esan, saritutako asko Euskadiko eta Nafarroako zine aretoetan ikusteko aukera izango dugula gertu. Datorren astean esaterako “An” japoniarra, bi aste barru, azaroaren 13an, “Ahariak” eta abenduaren 18an “45 Years” eta Charlotte Rampling paregabea ikusteko aukera izango dugu. Denak guztiz gomendagarriak.
Please comment with your real name using good manners.