Donostian egunotan martxan dagoen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXVI. Asteak euskal labeldun hainbat produktu dastatzeko aukera emango digute. Asteazkenean, Kristonkino kolektiboak “La Semana (The Movie)“ film luzea estreinatuko dute Antzoki Zaharrean. Hainbat film labur arrakastsu egin ondoren Rubén Sainz zuzendaria 62´honekin atrebitu da, Donostiako hainbat paraje naturaletan filmatua. Ostegunean berriz ia sekretuan prestatutako euskaraz egindako pelikula bat. 26 film laburrekin osatutako “Euskal Harriaren ABDak“ filma aurkeztuko da Victoria Eugenia antzokian. Euskal Herriko zazpi probintzietatik etorritako 26 zuzendarien lan kolektiboa.
Atzean “Ataun of the Dead” eta “Joxean’s hil eben” film laburrak egin zituen Katiotsa Logia kolektiboa dago. Film horien “hirugarren atala edo, “Napar Death” grabatu nahi genuen eta pentsatu genuen hori grabatu aurretik beste korto batzuk egin beharko genituela. Pelikula bat ikusi genuen lagunekin promozio kortoak egin zituena eta pentsatu genuen lagunei enkargatzea euskal pertsonai historikoetan inspiratuta etab filmak egitea”, dio kolektiboaren Beñat Iturriozek. “Hori eskaintzeko gurekin bildu ziren“, dio Jazzpanako zine atalaren kidea izan den Mikel Alvarezek, ia ahots bakarrean erantzuten duten elkarrizketan. “Eta monstruoa hazten hasi zen“, argitzen du. Alfabetoko 26 hizkietako bakoitza pertsona bati eman eta kortoa egiteko eskatu. Hasteko “gure mailan, amateur peleon mailan daudenei eskaini genien” dio Alvarezek. Eta gehitzen du “ikusi genuenean piska bat dotore zegoela pentsatu genuen zergatik ez egin Euskal Herriko bideografiaren radiografia bat egitea. Eta jende profesionalagoa gonbidatzea“. Horrela proiektuarekin bat egin zuten Moriartiko Jorge Gil gidoilari-zuzendariak eta Koldo Almandozek.

Euskal Herriko zinemaren argazkia izan behar bazen “zazpi probintzietako jendea sartu nahi genuen, danetatik, eta hor sorpresa hartu dugu. Pentsatu genuen hasieran zailagoa izango zela Iparraldeko jendea lortzea eta kontaktatu genuen guztiak hasieratik igo ziren barkura“, dio Alvarezek. “Eurak sarean daude. Derrepente Lapurdin lau atera ziren. Eta gero Zuberotik beste bi eta Behe Nafarroatik beste bat“, gehitzen du Iturriozek. “Azkenean arazo gehien Araban izan dugu“, onartzen du Alvarezek. Lurraldetasuna irizpideetako bat zen. Besteak “euskaraz grabatua, batua edo euskalkietan. Euskal Herrian osorik ekoiztua izatea. Eta euskal elementuak izatea. Bakoitzak interpretatzen zuen zein ziren euskal elementuak. Guk “Kalabaza Tripontzia” jartzen genien adibide modura“, dio Iturriozek.

Generoa argia zen: beldur, zientzia fikzioa edo fantasia. “Gustatzen zaigulako eta nik pertsonalki pentsatzen dut hitzegin daitekeela bestela esango ez genituen gauzei buruz, zeharka“, dio Iturriozek. “Gero genero nahasketak egon dira. Eta batzuk esperimentalarekin lan egin dute. Animazioa ere badago“, dio Alvarezek. Eta onartzen du gehienbat umorea dagoela guztien atzean. Horren errua agian prozesua nola izan zen du. “Uztailean bidali genien gonbidapenak hautagaiei. Txostena iritsi zitzaien lakratuta papiro forman. Eta lehen esaldia zen “dokumentu hau sekretua da, oso oso sekretua”. Desbario totala“, diote irripartsu.

26 korto egileek euren zatia egiteko finantziazio bide desberdinak erabili dituzte: aurrezkiak edo lagun eta ezagunen arteko diru bilketa. Baina bestela proiektu osoa ia sekretuan gorde dute. Beldurrezko Astearen zuzendariak, Josemi Beltranek, zerbait jakin eta “nik komentatu nion horretan geudela, 26 film laburrekin film luzea egiten. Baina hitzegin genuean berarekin, uda hasieran, ez genekien zer genuen. Hau zen “frankestein” bat. ” dio Iturriozek. Azkenean Frankestein hura ostegunean, azaroaren 5ean, ikusiko du estreinekoz publikoak Victoria Eugenia antzokian, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan.

Ostegun honetakoa estrenaldi superglamurusua izango da, Alvarezen esanetan. Gero azaroaren 13an, ostirala 13, zazpi hiriburuetan emango da aldiberean. Baina euren esanetan filmaren benetako bizitza eskatzen duten herrietatik mugitzean izango da. “Frankesteina baturik 3 hilabetetan mugituko dugu, ferianteen moduan“, dio Alvarezek. Eta horretan 26 egileek hartu dute konpromezua. Egile bakoitzak bere eskualdean filma aurkeztuko du. Izan ere, “helmuga, filmea baino gehiago, guretzako inportantea izan da bidea, jendearekin kontaktuak egitea eta sareak eraikitzea Iparraldeko jendearekin Nafarroarekin eta beraien artean. Eta igual etorkizunak euren artean kolaboratzea“, onartzen du Iturriozek. Proiektua ezagutzeko eta filma eskatzeko hau duzue esteka: http://euskalharriarenabdak.com/.
Please comment with your real name using good manners.