Asteko Sail Ofiziala ikusten hasi naizenetik, egun borobilena izan da ostiralekoa. Hiru film sendo ikusteko aukera eman baitu. Frantziak Oscar sarietara aurkeztatuko Turkiako zuzendari berri baten “Mustang” filma, 2005ean Alemaniak Oscar sarietara aurkeztutako “El Hundimiento” lanaren zuzendariaren film berria, “Elser” eta 40 urterekin oraindik amaren etxean bizi den gizona, “Fusi” filma islandarraren protagonista.

Azken bolada honetan Europako muturretik, Islandiatik, zinema ugari etortzen ari da. Ipar Poloan dagoen herriak Oscar sarietara aurkeztu duen “Hrútar” (Ahariak) filma Seminci honetako Sail Ofizialean lehian da. Ostiralean lehiaketan dagoen bigarren islandiar filma aurkeztu dute. “Fúsi“ islandiar gurasoak baina Parisen jaio zen Dagur Kári zuzendariaren laugarren pelikula da. Aurrekoekin bezala, honekin ere hainbat zinemaldietan parte hartu du – New Yorkeko Tribecan hiru sari eskuratu zituen. Fúsi 40 bat urte dituen gizon lodikotea da. Amaren etxean bizi da, II Mundu Gerrako batailak jolastea du gogoko eta aireportuko maletak abioetan sartu eta irteten lan egiten du. Lankideek jazartzen dute. Baina eroso bizi da. Dena hankaz gora jarriko zaio, auzora neskato bat etortzerakoan eta batez ere emakume bat ezagutzerakoan. Ondo kontatua, ondo eramanda, istorio gazi gozoak publikoaren irribarrea eta bihotza hartuko du. Eta kritiko askoren txaloak jaso ere.
Dagur Kári oraindik zuzendari gaztea da, lau film luzeren aita. Deniz Gamze Ergüven turkiarra oraindik gazteagoa. Zuzendariaren lehen luzea, “Mustang“, Cannesko “Errealizadoreen Aste” prestigiotsuan saritu zuten eta Frantziak Oscarretara aurkeztu du. Frantzian ostatu hartu duen zuzendari turkiarrak bere gaztaroko pasarte bat gogoan idatzi du luze honen istorioa. Emakume zuzendari honen familiak eskandalagarria jo zuen neskatoa mutiko baten sorbalda igo izana. “Mustang”en familiak giltzapetzen dituen bost aizpen istorioa kontatzen digu. Familiak banan banan ezkontzera behartuko ditu, hitzartutako ezkontzetan eta neska bakoitzak era desberdinean erantzuten du. Gero eta kontserbadoreago den Turkia bati erantzuna da. Ipar Euskal Herriko zine areto komertzialetan jada eman den filma ziurrenik Oscar sariaren bila “Loreak”i aurre egingo dien bost azkenen artean izango da.
Hitlerren azken astearen inguruan “El Hundimiento” zoragarria burutu ondoren, Oliver Hirschbiegel zuzendari alemanarraren azken lana ikusteko gogo handia nuen. “Elser“ filmean Hitlerren aurkako bi erasoetako bat erretatzen da. Georg Elser, Suabiako nekazari eta artisauak 1939ko azaroan Hitler eta beste buru naziak hiltzeko egindako saiakera. Hutsegin ondoren, naziek harrapatu eta torturapean lortutako aitormena iturburu hartzen du gizon zuzen honek saiakera hori nola prestatu zuen kontatzeko. Aldi berean, inolako laguntzik gabe, berak sinisten duenari helduz bakarrik erasoa eman zuen gizonaren erretratua egiten digu Hirschbiegelek. Estrainekoz Berlinalen aurkeztu zuen pelikula hau igual gehiegi entretenitzen da tortura uneetan. Pelikula gogorra, sendoa.
Avishai Sivan zuzendari israeldarraren hirugarren filmak hainbat zinemaldatan parte hartu du. Locarnokoan epaimahaiaren saria ere lortu zuen. “Tikkun“ fanatismo erlijiosoren inguruan bira ematen du. Haim-Aaron ikasle ultra-ortodoxoa da. Istripu baten ondorioz hiltzat ematen dute, baina aitak berpiztuko du, hildakoen mundutik ekarriko. Gertaerak biak aldatuko ditu. Aaron Traitel protagonistaren lehen pelikula da. Bera ere eskola erlijioso ultraortodoxo batean ikasi zuen zalantzak sortu zitzaizkion arte. Zuribeltzean errodatua, argazkilaritza izugarri batekin, ametsen mundua tartekatzen duena, baina oso mantsoa, mantsoegia, eta zer kontatu nahi duen galdetu arazten zaituenetakoa.
Please comment with your real name using good manners.