Zinemaldiaren abarrotsa oraindik aste honetan entzuteko aukera izango dugu. Sail Ofizialean lehiatu ziren bi film, “Amama“ eta “El Rey de la Habana“ estreinatzen baitira aste honetan zine komertzialetan. Horiez gain Jessica Chastain aktore eta Guillermo del Toro zuzendari duen “La Cumbre Escarlata“, espainiar eta belgiar komedia bana eta aspaldi itxoiten zen Ridley Scotten azkena: “The Martian“, Matt Damon protagonista duen abentura espaziala.
Asier Altunak bakarka egiten duen fikziozko luzea, orain arteko istorioa pertsonalena da “Amama“. Baserriaren mundua, aldaketan dagoen mundua, islatzen duen pelikula Sail Ofizilean lehiatu zen. Bigarren urtez jarraian euskaraz filmatutako pelikula bat lehiatu da Urrezko Maskorraren bila. Filmak 84 urteko aktore bat, begiekin hitzegiten duen Amparo Badiola ezagutzeko aukera eman zigun. Gerrako umeak Altuna, ekipo osoa eta zinemaldiaren ikusle asko konkistatu zituen. Filmak ere antzerki munduan eskarmentua duten euskal aktore askori (Iraia Eliasi eta Ander Lipusi) erreparatzeko aukera eman digu eta pantaila txikiaren zein handiaren beteranoak (Kandido Uranga eta Klara Badiola) berriz topatzeko aukera. Horregatik behintzat gure zine aretoara hurbiltzea pena merezi du.
Duela bost urte Agustí Villarongaren “Pa Negré”k emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen Donostian. Nora Novasek jaso zuen. Sari bera jaso du Balear Uhartetan jaiotako zuzendariaren pelikula berriak. Aurtengo Sail Ofizilean lehiatu zen “El Rey de La Habana“ filmeak Yordanka Ariosa aktore kubatarrari Zilarrezko Maskorra etxeratzeko aukera eman dio. Vilarongak enkarguzko pelikula bat egin du. 1990eneko Kuba, “egoera berezia”n deritzan epea zegoen Kuba, Errusiaren laguntza galdu eta Estatu Batuetako blokeoan sartutako Kuba txiroa erretratu du. Rey gaztea jarraitzen du pelikula zentzategitik, haur kartzela batetik ihes egin duen Rey. Txikitako auzora itzuliko da eta bertan nerabe zela maite zuen neska eta transexual batekin hasiko da bizitzen. Pedro Juan Gutierrezen liburu batean oinarritua dago, eta “Gutierrezen Kuba, beltzen Kuba erretatzen du” zuzendariak dioen bezala. Kritiko gutxik maite izan zuten filma.
Atzerriko Oscar sariaren bila “Loreak” filmaren lehiakidetako bat da “El Nuevo Testamento“ belgiarra ere dugu ikusgai gaurtik. Canneseko Zuzendarien Astetik eta Sitgeseko Zinemalditik pasa da Jaco Van Dormaelen azkena. Jainkoa Bruselan bizi da eta gogaikarria da. Horregatik alabak jokaldi makurra egingo dio. Antzeztaldean komediaren aktore belgiar onenak, Benoît Poelvoorde eta Yolande Moreau ditu, besteak beste. Erlijioaren joko egiten duen film onek kritikaren txalo batzuk jaso ditu. Donostian jatorrizko bertsioan ikusteko aukera izango duzue.
Eta komediaz ari garela, ziurrenik Espainian arrakasta handia izan dezake “Los Miércoles No Existen“ pelikula espainiarrak. Mutilak neska bat ezagutzen du baina neskak mutila du eta berak ere neska du. Eta nork nor maite duen ez dute argi. Errendo erromantikoen ohiko komedia da Peris Romanok zuzendutako hau. Tartean, egun modan dauden aktore gazteak: Gorka Otxoa, Maria León, Inma Cuesta, Wiliam Miller eta Eduardo Noriega ditu. Asteburuko palomiteroen pelikula izan daiteke.
Eta Halloween gertu datorkigu Guillermo del Tororen erromantze gotikoko izu pelikula. “Crimson Peak” edo “La Cumbre Escarlata“, Espainiako zinematan ikusiko den modura, XIX. mendean girotu dute. Haurtzarotik mamuekin obsesionatuta dagoen neska idazle gazte bat (Mia Wasikowska) Ingalaterra Iparraldeko landa batean isolaturik dagoen etxalde bateko nagusiarekin (Tom Hiddleston) ezkonduko da. Bertan gizonaren arrebak (Jessica Chastain) hartuko du. Etxea “bizirik” dago. Filmaren soinu banda Fernando Velázquez konpositore getxorrak sinatu du. Kritikoak erdibanatu dituen pelikula da.
Eta takillan markak haustera dator Chastain koprotagonizatzen duen bigarren filma. Istripu baten ondoren, Marten galdutako astronauta da Matt Damon. Chastain astronauta kidea da. Zientzia fikzioaren “Alien“ eta “Blade Runner“ maisu lanak egin ondoren, berriz generoari heldu dio Ridley Scottek “The Martian“ filmarekin. Donostian jatorrizko bertsioan ikusteko aukera izango dugu. Bilbon eta Gasteizen hiru dimentsioetan ikusteko era ere izango dugu.
Please comment with your real name using good manners.