SADE zineen klasikoak berriz martxan

Urriarekin bat denboraldia abiaratzen duena “Los Clásicos del Príncipe saila da. SADE zine aretoen enpresak merkatua aurkitu du zinezale gipuzkoarren artean eta horrela azken urtetan bi asteartero zinemaren historia zatia diren pelikulak programatzeari ekin dio. Udazken honetan 1945tik 1968ra AEBn, Italian eta Japonian sortutako sei izenburu emango dituzte.

Astearte honetan Elizabeth Taylor eta Paul Newmanen antzezpen lehia izango dugu. Tennesse Williamsek bere jaioterrian, AEBtako hegoalde eta grinatsuan girotu zuen The Cat On A Hot Tin Roof. Taylor Maggie, kateme hori da. Aitaginarreba hiltzorian, senarrak (Newman) alkoolean hartuko dio babesa. Oinordekotzagatik koinatuarekin borrokatu beharko du. 1958an Richard Brooksek zuzendu zuen antzezlanaren pantailaratzea.

Hamar urte geroago zuzendu zuen Roman Polanskik izuaren zinemaren klasikoa bilakatu den filma. Rosemary’s Baby (La Semilla del Diablo) New Yorken girotu zuen zuzendari poloniarrak Estatu Batuetatik ihes aurretik. Mia Farrow eta John Cassavetes paper nagusietan dituen filmak Woodhousetarrak aurkeztuko dizkigu. Madarikatua omen dagoen etxe batera doaz. Haurdun geratzen dira baina emakumeak gorputza markaturik utzi dion pizti batekin larrua jo duela gogoratzen du bakarrik. Deabruaren haurra dela uste du. Urriaren 20ean emango dute pelikula hau.

Azaroa hasteko western bat. John Ford kamara atzean eta John Wayne aurrean jarri zituen filmeetako bat: Fort Apache. Ameriketako Estatu Batuetako Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko gerra amaituta, Thursday (Henry Fonda) generalari maila kenduko diote eta mugako gotorleku batera bidali. John Fordez gain, esan bezala Henry Fonda eta Shirley Temple eta Pedro Armendariz aurkituko ditugu 1948ko film honetan. Azaroaren 3an pantailaratuko dute.

Denboraldi honetan Paul Newman ikusteko bigarren aukera. Azaroaren 17an The Hustler (El Buscavidas) eskeiniko dute Príncipe aretoetan. Billar mahaien txapeldun bat jokatzen du Newmanek film honetan. Emakume gazte baten amodioak salba dezake, baina irabaztearen grinak gailentzen zaio. 1961ean Robert Rossenek zuzendu zuen pelikula honetan Jackie Gleason, George C. Scott eta Piper Laurie aurkituko ditugu antzeztaldean.

Abendua abiatuko dugu gure kontinentera etorrita. Europear zinemaren maisu lana, Erroma, hiri irekia (Roma, Città Aperta) emango dute abenduaren 1ean. II. Mundu Gerra amaitu berritan, 1945ean zuzendu zuen Roberto Rosellinik neorealismoaren harribitxitzat jotzen den hau. Italiako aktore erromatarrena, Anna Magnani du protagonistetako bat. Berau ume bat duen alarguna da, ezkontzekotan dagoena. Senargaiak eskatuta Gestapok harrapatu nahi duen kide komunikazioa bat, Askatasun Batzordearen burua (Marcello Paglierok jokatuta) lagunduko du.

Eta neguko denboraldia aurretik azkena Japoniatik dator. 1954ean Akira Kurosawak zuzendutako Zazpi Samuraiak. Western itxuran, XVI. mendeko herri japoniar batean behin eta berriz erasoa ematen du lapur talde batek. Herritarrak hirira joko dute babestuko dituen samurai taldea kontratatzeko.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online