Gure zineklubetan denboraldia Donostiako Zinemaldia amaitu ondoren, urrian, ikastaro asko bezala hasten da. Astelehenean Donostiako Kresalaren txanda bada, asteartean FAS bilbotarrarena da. Eta urrirako Afrikatik, Errusiatik eta AEBtako mendebalde basatitik bidaia prestatu digute.
Aurtengo ikasturtea hasteko FAS Zineklubak Afrikako zinegile ezagunenetakoaren azken lana aurkeztuko du. Mauritanian jaiotako Abderrahmane Sissakoren “Timbuktu” filma pantailaratuko dute astearte honetan. Sissakok Maliko Tombuktu ezagunean girotu du istorioa. Ertaroan kultura eta zeharbide garrantzitsua izan zen hiria muturreko erlijio gizonen esku jausi da. Musika entzutea, erretzea edo futbola debekatuta daude. Emakumeek duinki iraun behar dute. Frantziarekin koproduzioa izaki pelikula onenaren eta beste sei César sariak eskuratu zituen. Luze honen aurretik KORTeN! film laburra emango dute Anonymous Kolektiboak egina. Saioa Javier Tolentino, zinema kritikaria eta El séptimo vicio irratsaioaren arduradunak aurkeztuko du eta aldi berean bere liburua “El cine que me importa. De La vendedora de rosas a La petite vendeuse de soleil” aurkeztuko du.
Datorren astean atzera pausu garrantzitsua emango dugu. Anthony MannEn klasiko bat programatu dute. 1958an Gary Cooper protagonista duen “Mendebaldeko gizona” (The Man Of The West). Cooper pistolero ohia da, egun gizarteratuta. Herriak dirua emango dio irakasle bat kontratatzeko. Orduan iraganak itzuliko zaio. Saioa Patxi Urkijo, EHUko irakasleak aurkeztuko du. Mann zuzendariaren adituak, publikatu berri duen “Anthony Mann” liburua aurkeztuko du. Film honen aurretik Koldo Almandozen azken laburra “Hubert LeBlonen azken hegaldia” emango dute.
Urriaren 20an, iaz gehien gustatu zitzaidan filma emango dute: “Leviathan”. Andréi Zviáguintsev zuzendariak beste behin gaur eguneko Errusiarren erretratu gordina aurkeztuko digu. Ustelkeria eta Eliza Ortodoxoak indartsuen aldeko jarrera duen Errusia bat agertuko digu, metaforaz trufatutako erretratu batean. Errusiako Iparekialdean emazte gaztea eta nerabe batekin bizi den mekaniko bat etxea galtzeko zorian dago. Alkateak erosi nahi dio ia hutsaren truke. Bakarrik aurre egin behar dio Moskutik pertsonai poteretsuak ezagutzen dituen lagun abokatu bat etorri arte. Nazionalistek deitoratu duten film honek Atzerritar film onenaren Urrezko Globoa irabazi du. Saioa neronek aurkeztuko dut.
Eta hila bukatzeko, Errusian jarraituko dugu. Eso hobeto esanda beste errusiar zinegile batekin. Aleksei Germanen testamendu fílmikoa, “Bai zaila jainkoa izatea!” eskeiniko dute urriaren 27an. Germanek 14 urte eman zituen film hau egiten eta amaitu baino lehen hil zen. Arcadi eta Boris Strugatski anaien zientzia fikziozko elaberri bat moldatu zuen. Zientzilari talde bat gure Ertaroan moduko batean bizi den planeta batera bidaliko dute. Bertan zientzilari bat jainko baten semetzat hartuko dute. Klasikoa ezik, beste guztiak iaz Canneseko zinemaldian izan ziren.
Please comment with your real name using good manners.