Ausarta izan behar da zinemaldi bat abiarazteko. Kementsua Eskoziako hiriburuan, Edinburgon, espaniar zinemari buruzko jaialdi bat antolatzeko. Adoretsu horien artean Marian Aldaz donostiarra dugu. “Iaz talde batek ekin genion ikusi genuelako ez zegoela espainiar zinemaldi bat, garai batean izan zen bezala. Londresen egiten dutenari eskatu genion laguntza“, dio. Horrela sortu zuten href=”http://www.edinburghspanishfilmfestival.com/es/”>Edinburgh Spanish Film Festival. Iaz lau egun izan ziren. Arrakastatsu izan zen eta aurten astebete izango da. Urriaren 2tik 10rera, fikziozko 11 film luze, 5 dokumental eta 5 film labur eskainiko dira.
Eta ausardiaz ari garela, Espainian XX. mendearen hasieran, 27ko Belaunaldian parte hartu zuten emakume ausarten erretratua egin duen “Las Sinsombrero“ dokumentalak zabalduko du jaialdia. Proiektu transmedia da, dokumentala eta webgunea lotzen dituena eta besteak beste, Gasteizen jaiotako Ernestina de Champourcín poeta ezagutarazi nahi die belaunaldi berriei. Tánia Ballók zuzendutako dokumentala “Malagako zinemaldian egon zen eta interesgarria iruditu zitzaidan programatzea. Gainera Edinburgoko Unibertsitatearen laguntza dugunez, dokumentalak bazuen lotura akademiko bat, literaturarekin lotura“, aitortzen du Aldazek. Lotura ere hori du pantailaratuko duten beste dokumental batek: “25 años de la muerte de Gil de Viedma“, Luis Ordóñezek zuzendua. Bi dokumentalen zuzendariak Edinburgon izango dira eta baita Elvira Lindo idazlea. Lindok “La Vida Inesperada“ aurkeztuko du, berak idatzitako gidoi bati esker filmatutako pelikula.
Egunotan tartea egin nahi izan diete euskarari eta galegoari. Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako “80 Egunean“ eta “Loreak“ emango dituzte urriaren 3an. “Estrainekoz Edinburgoko filmategian zinea euskaraz proiektutako da” dio irrifartsu Aldazek. Goenaga izango da Edinburgon filmak aurkezten. “Loreak” filmaren aurretik “Samina“ laburra emango dute, hau ere euskaraz, eta Ane Gabarain eta Itziar Aizpuru, aipatutako luzeetan agertzen diren aktoreak antzeztaldean dituen laburra. Galegoz ere “Os Fenomenos“ filma eskainiko du zinemaldiak.
Zinemaldiak pelikula komertzialak ere emango ditu. Besteak beste, komedia arrakastatsuak izan diren “8 Apellidos Vascos“ eta “Las Ovejas No Pierden el Tren“. Eta Donostian Urrezko Maskorra irabazi zuen “Magical Girl“ filma ere. Pelikulen proiekzioarekin batera, ikastetxeetan tailerrak landuko dituzte. “Lehen Hezkuntzan “Futbolín” jarriko dute eta Bigarrenean dantza tailerra antolatu dugu “Five Days to Dance” dokumentalarekin“, dio Aldazek. Gainera “Bigarren Hezkuntzan, Simple Minds taldearen manager ohia, Bruce Findlay, John Lennonen super fan da. Barak “Vivir es fácil con los ojos cerrados” filmarekin, Espainian Lennon egon zeneko denboraldia kontatzen duen filmarekin tailerra antolatu du“, laburbiltzen du.
“Eta hau antolatzeko zenbat zarete?” galdetu diogu. “Urtean zehar bi bakarrik, baina zinemaldia hurbiltzen den heinean bost edo sei. Egia esan gero boluntarioen bila ibiltzen gara“, dio. Marian Aldazek onartzen du laguntza ekonomikoa izaten dela arazo gehien sortzen duena. Zaila da lortzen. “Enpresa txikien laguntza dugu, Unibertsitatetik, kontsulatutik eta aurten estrainekoz Creative Scotland-en dirua lortu dugu. Eskozian artea laguntzen duen erakunde nagusia da” dio harro.
Please comment with your real name using good manners.