Beste zinemaldietako morroitza kendu nahi zioten Zabaltegiri. Bertan beste zinemaldietan saritutako “perlak” ematen bait ziren gehienbat. “Perlak” saila propioa sortuta beste zinemaldi saritutako film klasikoak bertan geratu dira. Eta Zabaltegin, zinema zabalago bati, esperimentalagoari, edota dokumentaleei tarte zabalagoa eskeini nahi die ekipo berriak. Horregatik Zinemaldiko zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek, biziki gomendatu zidan Zabaltegi saila.
Morroitza kentzeak ez du esan nahi beste zinemaldietan ez arrantzatzea. Canneseko dokumental onenaren saria irabazi zuen Marcia Tambutti txiletar-mexikarrak bere lehen dokumentalarekin. “Allende, mi abuelo Allende” hurbilketa pertsonal bat da. Estatu kolpeak erahildako Salvador Allende presidentearen ertzak, gizonaren ertzak arakatuko ditu biloba den Marciak. Baina batez ere familiako ohitura bat aldatu nahiko du. Familian ez bait dute inoiz hartaz eta haren istorio tragikoaz hitz egiten. Marciaren ustez, bada garaia estatu kolpean lapurtu zizkieten familia-oroitzapenak gogora ekartzeko. Horretan historia izkutuak dituzten familia askok islatu daitezke.
Veneziako azken zine-jaialdian berriro hartu ditu kritikaren txaloak Alexander Sokurov errusiarrak. Duela lau urte zinemaldi hartako Urrezko Lehoia, sari nagusia irabazi zuen “Faust” pelikularekin. 1995ean Europako Zine Akademiak munduko zinema zuzendari onenetakotzat aitortu zuen. Orain Veneziara itzuli da “Francofonia“ filmearekin. 1940an Parisen kokatu du. Jacques Jaujard eta Franziskus Wolff Metternich kondea orpoz orpo ari dira elkarrekin lanean, Louvre museoko altxorrak babesteko eta gordetzeko. Alexander Sokurov-ek haien historia kontatuko digu. Artearen eta boterearen arteko harremana aztertuko du.
Zineak zinea esplikatzen duenean. Berlinen Zabaltegiren hurbilekoa den Panorama sailean eman zuten Walter Salles brasildarraren azken lana. “Jia Zhang-Ke, un home de Fenyang” gure garaiko zinemagilerik garrantzitsuenetakoa bilakatu den zuzendari txinatar gaztearen erretratua egin du. Zhang-Je jaioterrira itzuliko da, Txina iparraldeko Shanxi probintziara, bere filmak kokatzen dituen inguruetara. Kontutan izanda Zhang-Jeren azkena “Perlak” sailean izango dugula ikusgai kontextuan jartzeko aukera ederra. Berlinen ikusteko irrikiaz geratu nintzen. Prentsarako gonbidapenak berehala agortu ziren.
Berlineko Panorama sailetik ekarri dute ere “Une jeunesse allemande”. Jean-Gabriel Périot bideoartista frantziarrak bere lehen film luzean gazte alemaniarren erradikalizazio politikoaren kronika egin du. 1960ko hamarkadaren bukaeran girotu du. Orduan sortu zen Armada Gorriaren Fakzioa, talde terrorista iraultzaile alemaniarra. Erradikalizazio horrek utzitako irudiei esker, zinegileak bilatzen du ikusleak bere buruari galdetzea mugimendu iraultzaile horrek garai hartan izandako esanahiari buruz eta egungo gizartean duen eraginari buruz ere.
Bulgariar zinemaren ordezkari sendoenetakoa da Ivailo Hristov aktore eta zuzendariak. Moskuko azken Zinemaldian Golden George saria irabazi du “Karatsi“ (Losers) filmarekin. Institutu ikasleen istoria kontatzen digu. Abeslaria izan nahi duen eta maite duen neska txunditu nahi duen mutilaren eta lagunduko dute adiskideen istoria.
Cannesetik, bertako “Zuzendarien Hamabostaldi”tik arrakastatsu pasa zen “Efterskalv“ (The Here After) filma. Magnus von Horn suediarraren lehen film luzea barkamenaz arituko zaigu. Espetxean denboraldi bat eman ondoren, John aitarekin etxera itzuliko da.Baina bertako komunitateak ez du ez ahaztu, ez barkatu haren krimena. Johnen paperean Ulrik Munther pop izar suediarra estreinekoz aktore lanean.
2012an animaziozko labur onenaren Goya saria jaso zuten Alberto Vázquez galiziarrak eta Pedro Rivero bilbotarrak “Birdboy” filmarekin. Hori zinemaldian estreinatuko duten “Psiconautas“ luzearen ataria zen. Vázquezen beraren komikian oinarrituta izaki antropomorfoen mundua irudikatu dute. Bertan bizirik dauden ordulariak eta hitz egiten duten plater puzgarriak daude eta gizarte itogarri batetik ihes egin nahi duten bi gazte nabarmenduko dira. Sail Ofizialean ikusiko den animazioa gutxi baderitzozue hemen beste aukera, gertukoa gainera.
Garcia Lorca, Asier Etxeandia, Paula Ortiz eta trailer indartsu bat elkartzen badira esan daiteke koktela benetan interesgarria bilakatzen dela. Egungo gazte ahots espainiarretan azpimarratzekoa da Paula Ortizena. Gidoi Teorian doktorea da, eta Bartzelonan, New Yorken eta Los Angelesen prestatutako zinema-zuzendari eta -gidoigilea. Bere lehen film luzeak,”De tu ventana a la mía” pelikulak Goya sarietan hiru izendapen izan zituen. Orain García Lorcaren “Bodas de Sangre” adaptatzeari ekin dio “La Novia“ filmean. Inma Cuesta Andregaia da, Alex García Senargaia eta Asier Etxeandia Leonardo da, zeinarekin Andregaiak lotura indartsua duen. Ikusitako trailearen pareko bada pelikula zoragarria izan daiteke.
Please comment with your real name using good manners.