Cannes munduan dagoen zinemaldirik garrantzitsuena dela gutxik jartzen dute zalantzan. Hori berresten du esaterako Donostiako Zinemaldiak Kostalde Urdineko hirikoan sarea bota eta handik perla gehien ekarri dituela jakiteak. Beste zinemaldietan emandako pelikuletatik Donostian “PERLAK” saila osatzen duten 14 filmetatik, 9 Cannesetik datoz. Hona ekarriko dituzte zinemaldi horretan aurkeztutako Woody Allenen, Jia Zhang-Keren eta Nanni Morettiren azkenak. Ekarritakoen artean gehien gustatu zaidana “Saul Fia” (Saulen semea) hungariarra.
Ez dute Urrezko Palmondoa lortutako filma ekarri, bai ordea, Berlinen “Urrezko Hartza” lortutako “Taxi Téhéran“. Zuzendariak, Jafar Pahanik, debekatuta du zinea egitea. Irango agintariek debekatuta. Baina etxean edo beste lekuetan filmatutako pare bat pelikula egin, Iranetik sekretuki atera eta nazioarteko zinemaldietan saritu dituzte. Horrela izan da aurtengo Berlinanen eman dutena. Pahanik taxi baten gidari, hainbat bidaiari hartuko ditu. Eurei esker hainbat istorioa labur kontatuko ditu, ipuinak ematen duten batzuk, besteak Irango egoeran salaketa istorioak. Iparralden jada eman dute “Taxi Téhéran”. Ederra da, sotila baina berea sari politikoa ez ote zen iritzi diot.
Canneseko film onenen artean zegoen Laszlo Nemes hungariarrak zuzendutako lehen filma luzea. Hungariar zinemaren izen handienen, Bela Tarr zuzendariaren laguntzaile bisita txartelarekin iritsi zen Nemes Cannesera. Baina bere “Saul Fia“ (Saulen semea) filmak kritika harrapatu zuen. Juduen holokaustoaren beste begirada bat da. Saulek, nazien menpe, sarraski eremu batean lan egingo du, urkoak “garbitzen”. Bat batean ustez semea duena ikusiko du. Kamara sorbaldan, plano motz askorekin, giro klaustrofikoa sortu du Nemesek. Askoren ustez Donostian FIPRESCI saria izan behar zuen. Baina “Mad Max“ek kendu dio ohore hori.
Kritikaren txalo beroak ere jaso zituen “Trois Souvenirs de Ma Jeunese“ filma. Berau Canneseko Sail Ofizialetik kanpo, zuzendariek zinemaldian antolatzen duten “La Quinzaine de Réalisateurs” sailean saritu zuten . Arnaud Desplechin zuzendari frantsesak Paul Dedalusen istorioa kontatzen digu. Sobiet Batasun ohiko errepublika batetik alde egin behar duen Dedalusek bere gaztaroa gogoratuko du. Iparraldeko zinemetan jada ikusi den filma proposamen kuriosoa da. Dokumentalak eta zinema maite dutenak aukera dute “Hitchcock/Truffaut” filmarekin. Bi zinegileak konparatzen dute hainbat zine zuzendarik.
Canneseko Sail Ofizialean asiar pelikula gutxi izan ziren. Apur hori “Perlak” zailera ekarri dituzte. Taiwaneko Hou Hsiao-Hsien zinegileak zuzendari onenaren saria jaso zuen “Nie Yinniang“ (The Assassin-Hiltzailea”) filmarekin. Ertaroan Txinan soldatapeko hiltzaileen istoria honek kritikaren zati handia txunditu zuen. Estetikoki oso ederra baita. Paisai, jantzien, koloreen tratamendua. Baina zer kontatzen duen, bost axola. Kontinentea edukia baino garrantzitsuagoa. Horrek hotz utzi ninduen. Somatzen dut ere zinemaldi baten nekeak eragindu ninduela. Txinaren eboluzioa, iragan hurbiletik etorkizun hurbilera kontatu nahi digu Jia Zhang-Ke zinegileak “Shan He Gu Ren“ (Mountains May Depart – Mendiak bananduko dira) filmean. Une politak ditu baina ez da zuzendariaren onena. Ezta ere Hirokazu Kore-Edak aurkeztutakoa. Ohikoa duen gaia, familia, erretratatu du japoniarrak “Umimachi Diary“ (Our Little Sister – Ahizpa Gazteena) filman.
Woody Allenek ohikoa duen Canneseko estrenaldia aurten kritika txunditu zuen “Irrational Man” , maitasuna eta neurosia nahasten duen pelikularekin. Batzuk ere txaloz hartu zuten Denis Villeneuveren “Sicario“. Efektu kolpe interesgarriak ditu, thriller azkarra. Eta niri guztiz ez bazitzaidan gustatu ere, azken urteetan egindako lan borobilena du “Mia Madre“ filma Nanni Morettik. Honetan ama hiltzorian duen zine zuzendari batek bere bizitza zalantzan jarriko du. Morettik papera badu ere, zuzendariaren paperean, bere alter egoan, Margherita Buy dago. Hiruek baina berehala izango dute estrenaldi komertziala. Eta agian ordurarte itxoitea hobe.
Veneziatik ekarritakoen artean, jada kritiko batzuek Tellurideko zinemaldi esklusiboan ikusi eta asko txalotu dute “Anomalisa“ fantasiazko filma. Charlie Kaufmanen lehen animaziozko pelikulak inguruak zauritutako gizon baten istorioa kontatuko digu. Veneziara iritsi aurretik Argentinan estrenatu da “El Clan“ filma. Eta berehala ikusle gehien dituen filmeen artean kokatu da Pablo Traperoren azkena. Familia mafioso bat erretratzen du.
Please comment with your real name using good manners.