Espainiar zinema gora doa Donostiako Sail Ofizialean. Malagako zinemaldia espainiar zinemari eskainita bada, ekoizleek Donostia dute nahiago. Andaluziarra ez baita A mailakoa eta hona nazioarteko prentsa etortzen bait da. Lehian dauden 17 izenburuetatik, 6 espainiar ekoizpenak dira. Horiez gain 3 espainiar luze erakutsiko dira emanaldi berezietan edota lehiaz kanpo. Besteei dagokienez gertu jaiotako batzuk (Lourdesen jaiotako Larrieu anaiak), publiko gehienari ezaguna egiten zaion zinegileren bat (Terence Davies) eta aurretik Donostiatik pasa direnak (Lucile Hadzihalilovic) izango ditugu, besteak beste. Eta estreinekoz Sail Ofizialean lehiatuko den lehen animazio filma (Mamoru Hosoda) ikusiko dugu.
Madrilen, Zine Akademian, Zinemaldiak urtero aurkezten du sail ezberdinetan izango diren espainiar filmak. Prentsaurreko horretan jakinarazi zen “Amama“ filma Sail Ofizialean lehiatuko zela. Bigarrenez jarraian euskara hutsez filmatutako pelikula bat lehiatuko da. Bergaran jaiotako Asier Altuna zuzendariak aspaldi buruan zuen istorioa bat idatzi eta errodatu du. Baserria, bizimodu modura, hiltzorian dagoen errealitatea dela azpimarratu nahi zuen Altunak. Aspaldi buruan izan eta mimo handia jarri dio, besteak beste, Artikutzako baso trinko eta ederretan filmatuz. “Loreak” filman gertatu zen bezala espainiar kritiko askorentzat euskal aktore asko ezagutzeko parada izango da ziurrenik. Euskal publiko zabalarentzat ere, izan ere, aktoreetako batzuk antzerkian dute eskarmentua, ez telebistan. Gure areto komertzialetan laster izango dugu baina askok Zinemaldian Sail Ofizialean euskaraz entzuteko parada ez dute galduko.
Espainiar kritikoek azpitituluekin jarraituko dute “Amama” filma. Espainiarra jotzen bada ere, Marc Recha katalanak egindako “Un día perfecte para volar“ ere horrela jarraitu beharko dute/dugu. Zinemaldietan filmak estreinatzen dituen Rechak katalanez errodatu du eta semea jarri aktore lanetan Sergi Lopez aktorearekin batera. Naturari buruzko ipuin batean. 2010an “Pa Negre” Donostian estreinatu ondoren, Agustí Villarongak berriz dator Habanan, eleberri batean oinarrituta filmatu duen azkena: “El Rey de la Habana” filma. Katalandar zinegile taldea osatuz duela urte batzuk “En la ciudad” filmarekin entzutea lortu zuen Cesc Gayren azkena ikusteko aukera izango dugu. “Truman“ oso sendoa da ikusi duten bakarren esanetan. Adiskidetasunaren inguruan erreflexioa egiten duen filmak Javier Cámara eta Ricardo Darín ditu protagonistak. Ikusi dutenen arabera Darínek urteetan ematen duen antzezpen saio onena burutu du.
Eta lehiaz kanpo ematen badituzte, Alex de la Iglesia eta Imanol Uriberen pelikulak ikusteko gogoz nago. Bilbotarrak urte bukaerako egiten ohi diren telebista programa bat parodiatu du “Mi Gran Noche“ filmean. Eta hain zuzen Raphaeli izenburua lapurtu dionez, espainiar telebista tradizionalaren protagonistetako bat izan den kantaria jarri du aktore lanetan. Raphalek Mario Casasek antzezten duen kantari gaztea batekin jarriko du lehian. Gehienbat andaluzian filmatu duen “Lejos del Mar“ pelikularekin Uribek ETAren inguruan sortutako trilogia itxi nahi du. Orain ETAkide preso ohi bat, taldea arbuiatuz, ez da herrira itzuliko. Penintsularen hegoaldera joango da eta bertan ETAren biktima bat ezagutuko du.
Zinemaldi espezializatuetatik kanpo, zinemaldi handienetan tartea lortu dute animazio filmek. Esaterako aurten Cannes hankaz gora jarri zuen lehiaz kanpo eman zen “Inside Out” filmak. Joera horrekin bat eginez, Donostiako Zinemaldiak Sail Ofizialeko lehian sartu du estrainekoz animazio pelikula bat. Japoniar animazioaren maisuetako batek, Mamoru Hosodak Tokion bizi den ume bat eta ametsen munduan bizi den izaki bat nahastu ditu “Bakemono no ko“ (The Boy and The Beast/Umea eta piztia) filma osatzeko. Marrazki bizidunak ez, aktoreak erabili ditu Lucile Hadzihalilovic frantziarrak bere fantasiazko filma burutzeko. 2004an Donostian Zuzendari Berriak saila irabazi ondoren, “Innocence” filmarekin, Sail Ofizialean lehiatuko da orain bere bigarren filmarekin, “Evolution“ (Garapena) filmarekin. Uharte batean girotu du, emakumeak eta haurrak, gizon heldurik gabe, bizi diren uharte batean. “Moreau Doktorearen Isla” jada hirutan zinera emandako Wellsen eleberria aipatu du zinegileak inspirazio iturritzat. Nazioartean ikusmin handia sortu du.
Hainbat komunikabide frantziarretan, Canneseko zinemaldia hasi aurretik, bertan jotzen zuten “Evolution” luzea. Jo ere Larrieu anaien, Alejandro Amenabarren, Ben Weathleyren, Terence Daviesen eta Joachim Lafossen azkenak han izango zirela. Ba bostak Donostiara datoz. Canadan errodatu du Alejandro Amenabarrek “Regression” (Erregresio) filma. Ethan Hawke eta Emma Watson protagonista nagusi ditu thriller psikologiko-politikoak lehiaz kanpo Sail Ofiziala zabalduko du. Toronton filmatu badute ere, ez dute bertako zinemaldian programatu ezta Cannesen ere. Donostiako zinemaldiak aurrea hartu die? Lourdesen jaiotako Jean-Marie eta Arnaud Larrieu anaiek komedia zoragarria burutu omen dute “21 nuits avec Pattie“ filmean. Komedia frantziarraren izar handi bi, Isabel Carré eta Karin Viard, aurrez-aurre jarri dituzte. Parrak barra-barra izango ditugu honetan, Joachim Lafosse” belgiarrak ordea drama dakarkigu. Zoeren Arkaren polemika, injerentzia eskubidearen inguruko istoria pantailaratu du “Les Chevaliers Blancs“ (Zaldun Zuriak) filmarekin. Espainian ikusi diren “Propiedad Privada” eta “Perder la Razón” zinegilearen laugarren filma da.
I. Mundu Gerran girotu du Terence Davies britaniarrak bere azken filma. Lewis Grassic Gibbon idazle eskoziarraren “Sunset Song“ eleberria, XX. mendeko eskoziar eleberri nagusienetako jotzen dena, pantailaratu du. Nekazari baten alabarena egiten du Agyness Deyn modelo eta aktoreak. Baserrian jaiotako neska baten koskortzea agertuko digu filmak. Peter Mullan handia ere antzeztaldean dago. Daviesek aurretik ederki girotu ditu gerra eta gerra osteko pelikulak. Film berria ikusteko aukera izan duen batek dio “Terence Davies maite baduzu maitatuko duzu“. Irrikitan beraz. Eta irrikitan Ben Weathley ingelesaren azkena ikusteko. Asko gustatu zitzaidan “Sightseers” (Turistas) filmaren zinegileak aktore oso ezagunak izan ditu bere agindupean orain. Tom Hiddleston, Sienna Miller, Jeremy Irons eta Luke Evans zuzendu ditu interneteko bideo biraletan eskarmentua hartua duen zinegileak. JG. Ballard idazleak 1975an argitaratu zuen “High-Rise“ pantailaratu du. Filmari 1970eneko itxura eman nahi diola iragarri du Wheathleyk. Zuzendariarekin batera, Hiddleston, Miller eta Evans izango dira Donostian.
Please comment with your real name using good manners.