Batzuk jaietan murgilduta izango zarete. Suak eta kontzertuak gehiegi nahi ez dituzuenek zine pantailetan duzue aukera. Jai giroa duten zine pantailak hori bai. Komedia udakoa balitz bezala.
Judd Apatow “Vírgen a los 40” filmaren eta “The Ben Stiller Show” telebista programaren zuzendaria dela esaten badizuet, harrapatuko duzue nolakoa izan daiteken “Y de repente tú“ pelikula. Kritikoen esanetan, Apatowen komedia onena omen da. Eta horretan arduradun ematen du Amy Schumer aktoreak. Telebistan ezagun egin den aktoreak idatzi du bera protagonista duen filma. Txikitatik bere pertsonaiak, Amyk (Amy Schumer) monogamiaren aurkako hitzak entzun ditu. Horregatik maitalez aldatzen du uneoro. Baina ezustean kirol mediku bat (Bill Harder) agertuko zaio. Eta bere bizitza aldrebestuko dio. Aktoreen artean Tilda Swinton aurkituko duzue. Hori bai guztiz aldatuta makilaia eta ilea apainketa bitxi bati esker.
Sherlock Holmes bitan pantailaratu ondoren, galduta genuen Guy Ritchie-ren arrastoa. Errealizadore britaniarrak 1960eneko serie bat pantaila handira egokitu du. James Bonden pelikulei parre egiten zien “El agente de CIPOL” seriak. Ingelesez zuen izenburuarekin, “The Man from U.N.C.L.E” izenburuarekin (Operación U.N.C.L.E.), bertsioa dela izkutatu gabe filmatu du Richiek. Oso antzekoak diren agente errusiar batek eta estatubatuar batek elkarrekin lanean egin beharko dute erakunde kriminal bat gelditzeko. Helduleku bakarra: zientzilari aleman baten alaba. Antzeztaldean Tudor seriean eta Superman eta Batman filmeen atal berrienean lan egindako Henry Cavill dugu. Hugh Grant ere ikusteko aukera dago. Donostian espainolera bikoiztuta eta jatorrizko bertsioan ikusteko aukera dago.
Azken urteetan arrakasta izandako beste serie batetik, “Lost” (Perdidos) hartu dute Matthew Fox aktorea “Extiction“ filmeko arduradunek. Berau Patrick da, munduko gizaki gehienak basati bilakatutako gaitz batetik libratu den gizaki bakarrenetakoa. Bera, Jack eta 9 urteko neskato bat, Lu, atera dira bizirik hondamendi horretatik. Jack (Jeffrey Donovan) eta Patrick aspaldiko arerioak dira. Baina elkarrekin mehatxu bati egin beharko diote aurre. Ingelesez, estatubatuar aktoreekin filmatu da zientzia fikziozko thriller honek baina ekoizpen espainiarra du. Pare bat film luze zuzendu dituen Miguel Ángel Vivasek idatzi eta zuzendu du. Alberto Marinirekin batera Juan de Dios Garduñoren ‘Y pese a todo‘ eleberria egokitu du. Kamara arduradun, Amenabar, Woody Allen eta Oskar Santosekin luze ibilitako Josu Inhaustegui dugu.
Venezian, Toronton eta beste zinemaldi batzuetan iaz egon ondoren, orain gure pantailetara iritsi da Al Pacino protagonista izan duen azkena. Pacino sarrailagile bakarti bat da “Señor Manglehorn“ filmean. Bakartia maite zuen emakumea lapurreta bategatik utzi baitzuen duela urte asko. Orain lagun berri baten laguntzaz bizi poza berreskuratu nahi du. Ekoizle modura eskarmentua duen David Gordon Green errealizadoreak zuzendu du film hau. Pacinoz gain, antzeztaldean Holly Hunter dugu beste izen ezaguna.
Please comment with your real name using good manners.