
Iaz Canneseko “La Quinzaine des Réalisateurs”en FIPRESCI eta beste hiru sari irabazi ondoren, “Les Combattants“ pelikularen estreinaldiaren zain nengoen. Gidoilari modura eskarmentua hartu ondoren, Thomas Cailleyk lehen film luzea idatzi eta zuzendu du. Pelikulak bederatzi Cesar sarietarako izendapen jaso zituen. Azkenean lehen film onenaren, emakume aktore onenaren eta gizonezko aktore hasi berri onenaren Cesarrak eskuratu zituen. Uda lasaia du Arnaud gazteak Madeleine ezagutuko duen arte. Neskak armadan izena eman nahi du. Jarraituko al dio maiteminduta dagoen Arnaudek? Madeleinen papera Adèle Haenel dugu. Aktore gazteak ibibilde laburra du baina sariz josita: aktore hasi berri, antzeztaldeko aktore eta emakumezko aktore onenaren Cesarrak jasoak ditu. Arnaud gorpuzten Kévin Azaïs. Donostian estrenatuko dute, itzulita eta jatorrizko bertsioan.
Frantziatik Alemaniara. 1970eneko hamarkadan Alemania Ekialdea utzi nahi du Nellyk. Alexej semea hartu eta Berlingo Harresia igaroko du, mendebaldeko herritar batekin ezkontzeko. Baina ametsa ametsgaiztoa bilakatuko zaio. “Al otro lado del muro“ filma duela bi urte filmatu zuen telebistan luze ibilitako Christian Schwochow zuzendariak. Nellyren paperak hainbat sari eskuratu dizkio Jördis Triebel aktoreari. Hegoaldeko lau hiriburuetan estreinatuko da, baina jatorrizko bertsioa Iruñean emango dute.
Asteko komedia gustagarria da “Mi Casa en Paris“. Filmak Kevin Kline, Maggie Smith eta Kristin Scott Thomas handiak bildu ditu. Kline Mathias da, dirurik ez duen New York-tar bat. Aitak Parisen utzi dion etxea hartzera doa. Baina ustekabea izango du. Mathilde (Maggie Smith) eta honen alaba Chloé (Kristin Scott Thomas) bertan bizi dira. Gainera ezin ditu kanporatu eurek barruan erosi baitzuen aitak. Frantzian gehien jokatzen den antzerkigile estatubatuarra, Israel Horovitzen antzezlan bat du oinarrian filma. Horovitzek berak eraman du pantailara. Adin bateko publikoa erakarriko duen filma da.
Eta moda desfileetatik pantaila handira. Gaztaroa irudikatzen duen “Ciudades de Papel“ filmak Cara Delevingne modeloa aktorea bihurtu du. Betazal zabaleko modeloa Margo da . Nerabetik gazte izatera pasatzen ari den Quentinen bizilagun misteriotsua. Margo desagertuko denean, Quentin eta lagunak bila arituko dira, sentimenduen mundu berri bat aurkituz. John Green idazlearen asko saldutako eleberria pantailara ekarri du Jake Schreier zuzendari gazteak.
Eta blockbuster batetik bestera. Tom Cruisek berriz gorpuztuko du Ethan Hunt agente sekretua. Sagaren bosgarren atalean, “Misión Imposible: Nación Secreta” filmean, bere erakundea sakabanatuak espiak izandakoez osatutako talde bat izango du aurkari. “The Usual Suspects” zoragarria idatzi zuen Christopher McQuarriek idatzi eta zuzendu du atal berria.
Richard Linklaterrek 12 urte pasa zituen “Boyhood” filmatzen. Antza bere filmeren ikusteko ere denbora pasa behar dugu. “Before Sunrise”n trilogia osoa ere zuzendu duen zinegileak 2011an filmatu zuen “Bernie“ komedia beltza. Jack Black, Shirley MacLaine eta Matthew McConaughey aktoreak Texaseko herri txikian girotu ditu. Ehorztetxe langile batek alargun batekin lagun egingo da, euren harremanak ezusteko bira emango duen arte. Bilbon estrenatuko dute aste honetan, hurrengoan Donostian.
Please comment with your real name using good manners.