Donostiako Zinemaldiaren atarian, Berlinalen ibilitako bi harribitxi datoz gure areto komertzialetara. Horiek gehitzen dira komertzialagoak diren beste estrenaldietara.
Iaz zendu zen Alain Resnais zuzendaria frantziarra 91 urte zituela. Hil aurretik bere karreran lortutako 55 sarietatik azkenak jaso zituen Berlinalen. Kritikoek ematen duten FIPRESCI eta berritzailea den filmeari ematen zaion Alfred Bauer Saria. Izan ere, Sail Ofizialean lehiatu zen “Aimer, boire et chanter“ (Amar, beber y cantar) filma ez da ohiko eran planteatzen. Marrazki bizidun batzuek Ingalaterrako landan girotzen dute eskena. Gero lau orma artean osatu da dekoratua. Antzerki eskenategi bat balitz bezala dekoratu horretan mugitzen dira filmeko pertsonaiak. Horietako batzuk antzeztalde amateur batean aritzen dira eta paperak entsaiatzen ari dira. Beste batzuk hauen ingurukoak dira. Denek George bat dute ahotan. Inoiz ikusiko ez dugun George bat. Aktoreen artean, Resnaisen egungo alarguna, Sabine Azèma dugu. Bera da protagonista nagusia, Frantziatik kanpo gutxiago ezagutzen diren André Dussollier eta Sandrine Kiberlainekin batera. Pelikula kuriosoa da, eskenaleku berezi horrek erakargarri egiten du. Baina ezin dizuet esan harrapatu ninduenik. Donostian jatorrizko bertsioan azpitituluekin emango dute.
Gehiago gustatu zitzaidan, askoz gehiago “Mr. Holmes“, aurtengo Berlinaleko Sail Ofizialean lehiatu zena. Mitch Cullinen eleberria oinarri hartuta, Bill Condon zuzendari estatubatuarrak Sherlock Holmesen azken egunak erretratu nahi izan ditu. Hain buru azkarra izan duen detektibearen gainbehera, memoria galera, fikzionatu du. Horretarako konplize paregabea izan du: jada “Dioses y Monstruos” filme ederrean zuzendu zuen Ian McKellen. 2009an Donostia Saria jasotako aktorea zoragarri dago, beste behin, pertsonaiak behar dituen ñabardurak margotuz. Ederki ere Laura Linney, Holmesen giltzainaren lanean. BBCko seriek duten kolore eta giroa du filmak. Publiko zabal bat, baina batez ere, edadetua erakarri dezake.
Australiako telebistan serie askotan agertu ondoren, Liam Hemsworth aktore gazteak Hollywooderako bidea hartu du. Besteak beste, “Los Juegos del Hambre” bi filmetan agertuz. Iaz egin eta ostiral honetan Hego Euskal Herriko areto komertzialetan emango den “Cut Bank“ filman herria utzi nahi duen gaztea da Hemsworth. Zorigaitzez hilketa bat grabatuko du eta hiltzailearen jo puntuan jarriko du bere burua. Matt Shakman gazteak zuzendutako thrillerak besteak beste antzeztaldean Billy Bob Thornton, John Malkovich eta Bruce Dern aktore sarituak ditu.
Liamen anaietako bat eta Elsa Patakyren senarra, Chris Hemsworth, ere ostiral honetan estrenatzen den pelikula batean ikusteko aukera dugu. 1983an egin “Las vacaciones de una chiflada familia americana y su viaje a un parque de atracciones” eta horren ondoren lau film sortu ziren. Bosgarrena “Vacaciones“ hau da. Lehen filmean agertzen den familiaren semea , Rusty Griswoldek koskortu eta orain familia propioa du. Lehen pelikula horretan Chevy Chasek jokatutako aitari jarraiki txikitako bidaia egin nahi du Griswoldek. Familia hartu eta Estatu Batuetan zehar eramango ditu jolas parke batera. Ed Helms eta Christina Applegate dira bikote protagonista. Hemsworth Helmsen koinatua da filmean. Udarako aproposa den komedia hau John Francis Daley eta Jonathan M. Goldstein zuzendarien lehen luzea da.
Eta remakez ari garenez, “Los Cuatro fantásticos” Marvelek sortutako lau superheroien bertsio berria da. Marvelek luzeen kaleratu duen ipuinak gizartearen mugetan dauden lau gazteen istoria kontatuko digu. Beste unibertso batera telemugitzen dituzte eta bertan euren gorputzak aldatzen dira. Ekipoak iaiotasun berriei etekina ateratzen ikasi beharko dute, lurra salbatzeko. Telebistan eskarmentua hartutako Josh Trank gazteak zuzendu du bertsio hau. Miles Teller, Michael B. Jordan, Kate Mara eta Jamie Bell dira lau fantastiko berri hauek. Entretenimendu hutsa.
Please comment with your real name using good manners.